Osakidetzako iruzurragatik beste 34 pertsona ikertzeko eskatu du ESK-k

Horietatik 32 oposiziogile izandakoak dira. Sindikatuak uste du «adierazgarri asko» daudela pentsatzeko parte hartze aktiboa izan zutela 2016-2017ko probako azterketen filtrazioan

Osakidetzako lan eskaintza publikorako azterketa, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Osakidetzako mediku espezialisten probako filtrazioen eskandalua azaleratu eta hiru urtera, ESK sindikatuak beste 34 pertsona ikertzeko eskatu dio epaileari, lan eskaintza publikoko iruzurrean parte aktiboa izan ote zuten argitzeko. Sindikatuak jakinarazi duenez, horietatik 32 oposiziogile izandakoak dira, eta beste biak, berriz, anestesiologiako eta urologiako epaimahaietako kideak.

Orain arte 11 ziren Osakidetzako kasua daraman Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak ikerturiko pertsonak, 2016-2017ko probako hamar espezialitatetan izandako ustezko iruzurrengatik. Sindikatuaren eskaera berria instrukzio fasea amaitu baino hiru egun lehenago iritsi da, eta, epaileak onartzen badu, baliteke kasuan ikerturikoen kopurua lehen halako lau ere izatea etorkizunean.

Oposiziogileen artean, zehazki, anestesiologiako lau pertsona, angiologiako bost, digestiboko bost, traumatologiako bost, neurologiako bost, neurofisiologiako bi, urologiako hiru eta kardiologiako beste hiru daude. Julio Sanchez ESKren abokatuaren arabera, sindikatuaren asmoa da argitzea ikustekorik izan ote duten oposiziogile horiek filtrazioarekin, zeren, azterketei buruzko informazioa eskatu edo eragozpenik gabe jaso izanez gero, erantzukizun penala izan baitezakete.

ESK-k adierazi du 32 pertsona horiei dagokienez «konexio» jakin batzuk antzeman dituztela, eta gehitu du «adierazgarri asko» daudela ustezko iruzurrean parte hartu zutela pentsatzeko. Joan den ekainean, epaileak beste hiru oposiziogile eta Debagoieneko traumatologiako zerbitzuburua ere ikertzea erabaki zuen, LAB sindikatuak eginiko eskaerari erantzunez.

«Ez da sorgin ehiza bat»

Patxi Nicolau ESK-ko Osakidetzako ordezkariak adierazi du beren helburua ez dela ustezko filtrazioetatik onurak lortu zituzten oposiziogileen artean «sorgin ehiza» bat egitea, baizik sindikatuaren ustetan Osakidetzako lan eskaintza publikoetan duela zenbait hamarkadatatik hona ezarrita dagoen «klientelismo sistema» amaitzea.

Halaber, ESK-k salatu du osasun zerbitzuak «trabak» jarri dituela ikerketa prozesua abiatu zenetik. «Iritzi publikoak eskandalu horren berri izan ondoren, ukatu ez ezik, ikerketari oztopoak jarri ere egin dizkio, eta horrek Osakidetzako kupularen ikerketa ildoa partekatzera garamatza, erantzukizun penalak argitu daitezen», adierazi du sindikatuak.

Gainera, Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearen aurka ere jo du, esanez «bere ospea arriskuan jarri duela» Osakidetzako postuetarako hautaketa prozesuko gardentasuna ez bermatzeagatik: «Nahiko tristea da inplikatutako administrazio bat egotea, baina tristeagoa eta larriagoa da jakitea ikerkuntzaren ibilbidean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aktiboki parte hartu zuela klientelismo sistema horretan, iruzurrak ezkutatuz eta justiziarekin lankidetzan jardun gabe, Osakidetzaren presioak onartuz».

Jaurlaritzari dagokionez, berriz, sindikatua kexatu da uste duelako ezen, auziak iraundako denbora honetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta haren postuan aurretik izan zenak, Nekane Murgak, ez dutela onartu iruzur sistemaren existentzia eta ez dutela hartu «hura amaiarazteko konpromiso argi eta esplizitaturik».

Handituz joan den elur bola

Ustezko iruzurra 2018ko ekainean hasi zen argitara ateratzen, Donostia ospitaleko hodietako kirurgiako zerbitzuburuak oposizioetako zenbait azterketatan ohiz kanpokoak eta susmagarriak ziren emaitza batzuen berri eman eta gero. ELA eta LAB sindikatuek ere irregulartasunak salatu zituzten, eta, handik egun gutxira, Elkarrekin Podemosek eta ESK sindikatuak notario aurrean sinatutako agiri batzuk aurkeztu zituzten, azterketa egin aurretik postuak lortuko zituzten zenbait oposiziogileren izenak iragartzen zituztenak.

Hasieratik, Osasun Sailak zalantzan jarri zituen salaketak, baina informazioek loratzen jarraitu zuten. Hala, BERRIAri zenbait sendagilekazaldu zioten «jakina» zela espezialisten oposizioetan iruzur egiten zela, eta horrek urteetako eredu bati jarraitzen ziola.

2019ko otsailean, EAEko fiskal nagusiak txosten irmo bat kaleratu zuen, adierazteko filtrazio zantzuak zeudela hamaika espezialitatetan, eta Osakidetzak ez zuela «irizpide objektiborik» erabiliproba prestatu zutenak eta epaimahaietako kideak aukeratzeko. Handik aste gutxira, kasuak eragindako presioen ondorioz, Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa aurkeztu zuen, legebiltzarra haren jarduna gaitzestera zihoanean. Darponek ez ezik, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak eta osasun zerbitzuko beste zenbait kargudunek ere dimititu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.