Koronabirusa

Intzidentzia metatu handiena dutenen taldetik irten da Nafarroa

Hego Euskal Herrian 629 positibo atzeman dituzte, eta positibo tasa %5,9 da. Aurreko astean 112 lagun hil ziren izurriaren ondorioz

Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Kasu kopuruak eta positibo tasak gora egin zuten atzo Hego Euskal Herriko lurralde gehienetan, Nafarroan izan ezik. Asteartean, 10.663 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta horietatik 629k eman zuten positibo COVID-19an. Ehunekoetan igoera apala atzeman zen, %5,9raino. Lurraldeka, Araban eta Bizkaian erregistratu zituzten igoera nabarmenenak: 101 positibo Araban (aurreko egunean baino 30 gehiago) eta 257 Bizkaian (35 gehiago). Gipuzkoan, igoera oso txikia izan zen: 195 positibo, bezperan baino 9 gehiago. Nafarroan, berriz, behera egin zuten adierazle guztiek: 65 kasu atzeman zituzten atzo.

Bestalde, 47 pertsona ospitaleratu zituzten asteartean Hego Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz, eta 160 pertsona daude ZIUetan. Atzo, Nafarroako Gobernuak nabarmendu zuen asteartean ez zela gaixorik bidali ZIU unitateetara, eta astelehenaz geroztik ez dela COVID-19ari lotutako heriotzarik erregistratu. Azaroaren 23tik 29ra arteko astean 112 pertsona hil ziren izurriaren ondorioz Hego Euskal Herrian.

Intzidentzia metatua

Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, «muturreko arriskuan» dauden erkidegoen multzotik atera da Nafarroa, zazpi eguneko intzidentzia metatuari, positibotasunari eta ospitaleetako ohe kopuruari dagokienez. 114 kasu daude oraintxe herrialdean 100.000 biztanleko —muturreko arriskutzat hartzen da 125 kasutik gora izatea—. Hala ere, «arrisku altua» du oraindik herrialdeak, beste bi adierazlerengatik, batik bat: 14 egunetan metatutako intzidentziagatik (262) eta ZIU oheen okupazioagatik (%25,58). Hamalau eguneko intzidentzia metatua handia da Hegoaldeko beste herrialdeetan ere: 100.000 biztanleko 368 kasu Araban, 352 Bizkaian, eta 538 Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.