Erkorekak esan du Bilboko hilketen auziak loturak dituela nazioartean

Segurtasun sailburuak jakinarazi du Ertzaintzaren barruan izandako filtrazioak ikertzen ari direla

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. L.RICO / EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bilboko hilketen susmagarriari buruzko auziaz azalpenak eman zituen atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean, PP+C's taldeak eskatuta. Instrukzio epaileak sekretupean du afera, eta, hori dela eta, informazio urria eman zuen Erkorekak agerraldian. Abian den ikerketak eskatzen duen «zuhurtziarekin» mintzatu zen, eta orain arte bide ofizialetik zabaldutako informazioa berretsi besterik ez zuen egin.

Hala ere, hiru berritasun eman zituen. Lehena: Ertzaintza «Espainiako eta beste estatu batzuetako» poliziekin elkarlanean ari dela ikertzen, auziak nazioartean ere loturak dituelako. «Euskadin ez ezik, adarrak ditu Euskaditik kanpo ere», esan zuen. Erkorekak ez zuen zehaztu ikerketa zer herrialdetara zabaldu den, baina baieztatu zuen susmagarriak nazioartean ere eraso egin zuen zantzuak badirela. Bigarren ideia bat eman zuen sailburuak: hilketak argitzeko Ertzaintzak abian duen ikerketa «konplexua» eta «luzea» izango dela. Eta horri lotuta eman zuen hirugarren mezua:ikerketaren barruan «jarrera eta gertaera batzuk» frogatu direla, baina oraindik badirela frogatu beharreko «beste asko eta asko». Halaber, ohartarazi zuen ikerketa «arrakastatsua» izango bada Ertzaintzari eta justiziari lanean utzi behar zaiela.

Hilketen susmagarriari gorroto delitu bat egotziko ote zaion ez zuen argitu Erkorekak, eta horren inguruan ere «zuhurtziaz» jokatzeko galdegin zuen. Horri loturik, «lasaitasun mezua» bidali nahi izan zion gizarte osoari, baina bereziki LGTBI kolektiboari, auziak ezinegona eragin baitu talde horren barruan. Ertzaintzarengan konfiantza izateko eskatu zuen Erkorekak: gogorarazi zuen Poliziak hilabeteak daramatzala auzia ikertzen, eta argitu egiten dituela giza hilketa kasu ia guztiak.

Filtrazioak

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 6an jakinarazi zuen ErtzaintzaBilbon hilik agertutako sei gizonen heriotza ikertzen ari zela. Susmagarritzat jo zuten gizonezko batek bere burua aurkeztu zuen polizia etxean, eta espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Instrukzio epaileak sekretupean du ikerketa, baina azken asteotan ikerketari buruzko filtrazio ugari izan dira komunikabideetan. Azkenetarikoa La Vanguardia egunkariak eman zuen joan den astean: jakinarazi zuen Katalunian ere identifikatu dutela ustezko hiltzailea. Kasu guztien arteko lotura posibleak ikertzen ari dira, baita ustez beste herrialde batzuetan egindako erasoak ere, atzo Erkorekak baieztatu zuenez.

Hala ere, egon diren filtrazioengatik kezkatuta agertu zen. Ohartarazi zuen operatiboaren edukiak «lau haizeetara zabaltzeak» kolokan jartzen duela ikerketaren eraginkortasuna, eta aldi berean kalte egiten diola herritarren segurtasunari. Gogora ekarri zuen sumariopean diren auzibideak sekretuak direla ahozko epaiketa izan arte, eta horiei buruzko informazioa zabaltzea arau hauste larria dela. Kasu honetan, filtrazioak Ertzaintzatik bertatik egin diren susmoa du Segurtasun Sailak, eta, erantzukizunak argitu aldera, barne ikerketa bat abiatu du. Erkorekak «oso larritzat» jo zituen filtrazioak: «Polizia batek egin dezakeen gauzarik larrienetakoa da».

Legebiltzar taldeak ere kezkatuta agertu ziren filtrazioekin, bai eta horren ondorioz kolektibo jakin batzuk «estigmatizatzeko» joerarekin ere. Auziak gizartean sortu duen jakin-mina ulertzekoa dela adierazi zuen Erkorekak, areago beren burua arriskuan ikusi duten pertsona eta kolektiboen kasuan, eta «arduraz» jokatzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.