Postu publikoetan euskara berma dadila eskatu du Uemak Nafarroan

Udalerri euskaldunetako herritarren hizkuntza eskubideen urraketak biltzen dituen txosten bat aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan

Aitor Elexpuru Berako alkatea, atzo goizeko agerraldian. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Atzo, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatekoek agerraldi bat egin zuten Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordean, Geroa Baik eta EH Bilduk eskatuta; udalerri euskaldunetako lanpostu publikoei buruzko txostena aurkeztu zuten. Iraitz Lazkano Uemako lehendakari eta Elgetako alkateak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak deitoratu zuten euskara eskakizunak ez direla betetzen, eta, beraz, herritarren hizkuntza eskubideak ez direla bermatzen. 2013tik bosgarren agerraldia izan da; 2018an egin zuten azkena, eta ordutik «aldaketa gutxi» izan dela erran zuten.

2019an zehar, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak herritarren 71 kexa jaso zituen Nafarroako Gobernuarekin lotuta; horietatik 38 (%53,5) osasun arloari zegozkion. Lehentasunezkotzat jo dute arlo horretan aurrerapausoak ematea. Ueman dauden Nafarroako hamahiru herriei buruzko datuak eman ditu Elexpuruk: euskara merezimendu gisa dago ia lanpostu guztietan, eta hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan B2 maila eskatzen da. Alta, beharrezkotzat jo du hizkuntza eskakizuna postu publiko guzietara zabaltzea eta gutxienez C1 maila eskatzea. Hurrengo urteetarako aurreikuspen plan bat egiteko eskatu du, bermatzeko lanpostu elebidun gehiago izatea eta lanpostu horietan eta haien ordezkapenetan langile elebidunak egon daitezen. Gainerako arloetan ere urratsak egiteko eskatu du.

Horrez gain, bestelako zerbitzu eta postu batzuk ere aipatu ditu, tartean liburuzainak, mendizainak eta foruzainak, eta, horietan ere eskakizun elebiduna jartzeko eskatu du, herritarrekin zuzeneko harremana duten jendaurreko lanpostuei lehentasuna emanez. Oro har, «zirkuitu elebidunak» osatzea galdegin du: herritar elebidun batek Nafarroako administrazioan egin beharreko ibilbide osoan zerbitzu elebiduna jasotzeko eskubidea bermatzea.

Adostasun zabala

Uemako kideen agerraldiaren ondotik, talde politikoetako ordezkariek hartu dute hitza. Guziek nabarmendu dute euskaldunen hizkuntza eskubideetan aurrera egiteko beharra. Uxue Barkos Geroa Baiko ordezkariak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak «arretaz» aztertuko dituela Uemak emandako datuak, eta «erantzun egokiak» emango dituela. Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak ohartarazi du 2013tik «ezer gutxi» aurreratu dela «planteatu dituzten arazoetan», eta legez udalerri euskaldunek dituzten eskubideak betetzeko «momentua» dela erran du. Iñaki Iriarte Navarra Sumako ordezkariaren iritziz, «egokia» da herri euskaldunetan zerbitzua ematen duena euskalduna izatea. PSNko Maria Juriok aitortu du euskara eskakizuna ez dela bete «urteetan zehar», eta orain ere ez dela betetzen ari. Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek ez dute batzordean parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.