Jaurlaritzak ez du joko aretoentzako baimenik emanen, behin-behinean

Jokoaren Araudi Orokorreko plangintza berraztertzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta, prebentzio gisa, baimenik ez dute emanen araua aldatu arte behintzat. Orain arte emandakoei ez die eraginen

Joko areto bat, Azpeitian. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Datozen hiru urteetarako plangintza berrikusteko araudia onartzen den bitartean, bertan behera utziko dira joko aretoak instalatzeko eta abian jartzeko baimenak emateko eta gauzatzeko prozedurak». Halaxe adierazi zuen atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, astearteroko Gobernu Kontseiluaren ondotik egindako agerraldian. Jakinarazi duenez, joko aretoetan aldaketak egiteko baimenik ere ez dute emanen—lokalen eremua handitzeko bada—, eta joko makinak ustiatzeko baimen berririk eskuratzeko ere ez da aukerarik egonen.

Erkorekak nabarmendu du apustu etxeak gazteen artean arazoa sortzen ari direla: «Jokorako aukerak asko ugaldu dira, eta gazteen artean, bereziki, zaletasun hori areagotzen ari da». Egoera zein den ikusita, «ezinbestekoa da neurriak hartzea», Erkorekaren erranetan, «plangintza berria egiteko prozesua osatu eta egin beharreko arautegi aldaketak egin arte». Erabakia Eusko Jaurlaritzako aldizkari ofizialean argitaratu eta bederatzi hilabetera arte luzatu daiteke, baina ez dute baztertu gehiago irautea, «interes publikoko arrazoiengatik beharrezkoa izango balitz». Berrikuste prozesu horretan, publiko eginen dute plangintza, eta jokoari buruzko adituei gaiari buruzko txostenak eskatuko dizkiete.

Erabakiak ez die eraginen jada baimena lortua dutenei: gaur egun oraindik irekiak ez dauden zazpi lokalek, bortz joko aretok eta bi bingok lortua dute baimena. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak adierazi du jokoak dakartzan arriskuak apaldu nahi dituztela: «Gazteen artean menpekotasun arazoak saihestu nahi ditugu, ahal den neurrian». Horretarako, bertzeak bertze, joko aretoetarako sarbidea gehiago kontrolatu nahi dute, eta lokalen eta ikastetxeen artean baimenduriko distantzia berraztertu.

Nafarroan ere ez

Joan den urrian eta azaroan, hurrenez hurren, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak ere jakinarazi zuten ez zutela halako baimenik emanen, oraingoz. Nafarroako Gobernuak sei hilabeteko tartea jarri zuen, eta Iruñeko Udalak, berriz, urtebetekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.