Pastor
DARWIN ETA GU

Ze espainola zaren!

2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Aarhus atzean utzi eta Bilbora etorri da, Erasmus programari esker. Harremanetan abila da, batez ere gelako neskekin. Horietako baten sakelakora bidali du kanta. Ikaskideak ezin izan du esteka ireki. Spotify pirata duela esan du. «Ze espainola zaren!», erantzun dio mutil danimarkarrak. Eta gero: «Adobe hasn't made a single dollar within Spain». Adobek Espainian euro bakar bat ere irabazi ez duela esan zezakeen. Horratik, baliteke Danimarka eurogunetik kanpo egoteak EBko diru bakarra dolarra baino urrunago dagoela sentiaraztea hangoei, mugaren ondoan badute ere. Euroa gorrotaraztea.

Egun batzuk geroago neskarekin gertatua azaldu die mutilak gelakide batzuei. «Espainiar honek Spotify pirata du», bota du txantxetan, hark bidalitako kanta ireki ezin izan duen gaztea seinalatuz. «Nik ere bai», «eta nik!»... Erantzun berdina jaso du guztien ahotik. Haiek ere Spotify pirata dute. Halaxe aditzen dute gustuko musika. Jota utzi dute. «Espainiarrak! Zuengatik izango balitz, Adobek sekula ez zuen programa berririk garatuko».

Beste kultura batetik etorri da ikaslea. Hemengoa nolakoa den eta gure ohiturak eta jokabideak ikusita espainiarren pare jarri gaitu. Haren ustez, Spotifyren erabilerak ez gaitu espainolengandik bereizten. Hori besterik izango ez balitz, pozik ni. Galdetu ikasle horri alderik atzeman ote duen Madrilgo eta Bilboko ikasleen artean Aarhuseko kaleetan taldeka dabiltzanean. Ea gazte batzuen dezibelioak besteenak baino altuagoak edo baxuagoak ote diren. Ezetz esango nuke, salbuespenak salbuespen.

Danimarkaren eredua goraipatu zuen Generalitateko presidente ohi Artur Masek Juan Jose Ibarretxerekin batera Kursaalean eskainitako hitzaldian. Katalunia independentea nola irudikatzen zuen azaldu zuen Masek. Buru ariketa horretan Europa Iparraldeko eredua proposatu zuen sorterriarentzat. Bere herria Mediterraneoko Danimarka izatea, alegia.

Zer Euskal Herri nahi genuke? Ezker abertzaleak Kantauri aldeko Albania eraiki nahi zuela esaten zuen Xabier Arzalluzek. Enver Hoxha-ren jarraitzaileei mundua erori zitzaien gizon berriaren lurra deitzen zioten herritik milaka lagun aukerarik txikiena ikusi eta Durresko portutik ihes egiten hasi zirenean. Orain, gure posibilismoak eredu sozialdemokratara hurbildu gaituen honetan —hau da, kapitalismo humanoago batera—, zein da gure eredua? Danimarka?

Amets egitea libre da. Ordea, errealitateak beste bide batera eramaten gaitu. Katalunia edo Euskal Herri independenteak Danimarka izango lirateke? Nahi bai —edo ez, nola ikusten den—. Hasteko, arrazoi sozioekonomikoak ditugu teoria hori birrintzeko: ongizate gizarte garatua nahi dugu, doako hezkuntza eta osasun zerbitzuak, oso kalitate onekoak. Txalogarria da hori, baina—eta hortxe dago koxka— nola kudeatu eta, batez ere, nola finantzatuko genuke sistema? Nork ordainduko luke? Guretzat, zergak urtero ezinbestean sufritu beharreko zigorrak izaten dira. Izan aberats edo ez, ez dugu diru hori konbentzituta ematen. Gure iritziz, kendu egiten digute. Ezagun da: hartu, ahalik eta gehiena guk; eman, ahalik eta gutxiena. Nirea, ene; zurea, gure.

Beste arrazoi bat erlijioa dugu. Luteranoek ez dute inolako lotsarik dirua irabazteagatik, legearen barruan egiten badute. Alta, ondasunak erakustea,handikeria, ez dute gustukoa. Guk, aldiz, diruari lotutako erreparoa dugu —eta inbidia—. Eta zerbait irabazten hasten garenean inor baino gehiago garela frogatu nahi dugu, zorri piztuek legez. Ahaztu Danimarka. Hego Europako ereduari eutsi beste erremediorik ez dugu. Espainiakoa edo, txarrenak txarren, Italiakoa. Espainiarrak bezain zaratatsuak izaten segituko dugu —edo areago—, baina gorbata ondo lotzen eta zapatei distira ateratzen ikasiko dugu, bederen. Dotorezia.

Mutil danimarkarrak parranda egitea maite du. Hala ere, goizeko hiruretan joaten da etxera. Gizajoari ez zaio buruan sartzen hortik aurrera segitzea. Horretan ere ez da espainola. Barkatu: euskalduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.