Jaurlaritzak ituna eten egingo die sexuka bereizten duten eskolei

Hurrengo ikasturtetik aurrera kenduko zaie finantzaketa. Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, Irunen (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Datorren ikasturtetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak ez die diru publikorik emango ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei. Ituna eteteko erabakia hartua du Hezkuntza Sailak, eta indarrean sartzeko konpromisoa agertu zuen atzo Jokin Bildarratz sailburuak: «Ezin da egon finantzaketarik ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Eta guk hori aplikatuko dugu».Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian egin zuen iragarpena Bildarratzek, kazetarien galderei ihardetsita. Izan ere, ordu batzuk lehenago, Gazteluetako eskola erlijiosoan (Leioa, Bizkaia) adingabe izanda sexu abusuak jasan zituen gizona Eusko Legebiltzarreko batzorde batean izan zen, eta ondoren komunikabideei egindako adierazpenetan, kritika gogorrak egin zizkionJaurlaritzari, finantzatzen jarraitzen duelako Opus Deiren zentro hori.

Nafarroako Gobernuak bide beretik doan erabaki bat hartu zuen astelehenean. Zehazki, iragarri zuen irailetik aurrera ez dituela diru publikoarekin finantzatuko batxilergoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuak.

LOMLOE Espainiako hezkuntza legeak 2020ko abenduan onartu zutenetik, debekatu egiten du neskak eta mutilak banatzen dituzten eskolak diruz laguntzea, baina Bildarratzek atzo argudiatu zuen arauaren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epai bat kaleratu zuelako eta azken bi urteotan legearen aurretik egindako itun bat indarrean izan direlako jarraitu dutela ikastetxe horiei dirua ematen. Hurrengo ikasturtetik aurrera, baina, finantzaketa hori etengo du Jaurlaritzak, Espainiako hezkuntza legeak, itun berrien inguruan Jaurlaritzak egindako aginduak eta EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroak debekatu egiten dutelako sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak diru publikoaz finantzatzea.

Sei ikastetxe itundurik

Ikasleak sexuka bereizten dituzten sei ikastetxe ditu itundurik Eusko Jaurlaritzak: lau Bizkaian daude —Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, eta bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian, eta Erain Irunen—. Neskek soilik ikas dezakete Arangoyan, Ayalden eta Eskibelen, eta mutilak soilik hartzen dituzte Munabek, Gazteluetak eta Erainek. Ikastetxe horietan ez dira ikasleak sexuka banatzen Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzatik aurrera baizik, baina zehazteko dago ituna zer etapatan eta nola kenduko duten. Sailburuak azaldu zuen dagoeneko jakinarazi zaiela ikastetxe horiei Jaurlaritzaren erabakia zein den.

Ikastetxe horiekin harremanetan da Hezkuntza Saila, «ahalik eta modu adostuenean» egiteko prozesu hori guztia. Bildarratzek azaldutakoaren arabera, prozesua «berme juridikoekin» eta «curriculumaren garapenean eta hezkuntza integralean ahalik eta eragin txikienarekin» ezartzeko modua adosten saiatuko da Jaurlaritza. Erantsi zuen Jaurlaritzak ez duela «ulertzen» sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeek finantzaketa jasotzea: «Uler dezakegu familia batzuek banaketa egon behar dela uste izatea, baina ulergaitza da administrazio publiko batek horrelako sistema bat aplikatzen duten ikastetxeak finantzatu behar izatea».

Hezkuntza legearen epeak

Hezkuntza Lege proiektuari dagokionez, berriz, Bildarratzek ziurtatu zuen epeak beteko direla eta 2023ko lehen hiruhilekoan onartuko duela gobernu kontseiluak. Jakinarazi zuen, halaber, lege horren lehentasunen artean egongo direla ikastetxe publikoetako azpiegituretan inbertsioak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.