Familiek azalpen bat nahi dute

Euskarazko haur eskoletan matrikulatutako umeen gurasoek bilera eskatu diote Iruñeko Udalari

Euskarazko eskolen aldeko familiak, atzo, Kondestablearen jauregian, Iruñeko Udalarekin bilera egiteko eskaerak erregistratzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ez diete ezer esan. Seme-alabak euskarazko haur eskoletan izena emanda dauzkaten familietan eragin handia izanen du Iruñeko Udalaren azken erabakiak: heldu den ikasturtetik aurrera, euskarazko eskaintza kenduko dute Printzearen Harresi eta Donibane eskoletatik, eta 0-3 zikloko euskarazko lerroak Iruñe iparraldeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetara murriztuta. Horren ondorioz, gainerako auzoetako familiek kilometro ugari egin beharko dituzte goizero, haurrak euskarazko eskola publiko batera eraman nahi badituzte. Edo amore eman, eta erdarazko zentroan gelditu. Neurriak «kalte handia» eraginen diela salatu dute gurasoek, eta, hala ere, inork ez die azalpen ofizialik eman. Ez Enrique Maia alkateak, ez Fernando Sesma Hezkuntzako zinegotziak.

«Ez digute ezer esan. Orain arte gertatutakoa jakin dugu zurrumurruen eta, batez ere, hedabideek argitaratutakoaren bidez. Ez da serioa». Kexu da Iñigo Fernandez, familien bozeramailea. Arrosadia auzoan dagoen Printzearen Harresi eskolara eramten ditu seme-alabak; heldu den ikasturtetik aurrera eredua aldatuko dutenetako bat da. «Jakin nahi dugu zertara datorren aldaketa hau», galdetu du. «Informazio oinarrizkoena ere falta zaigu, eta uste dugu horretarako eskubidea dugula». Hori dela eta, «berehala bilera bat» egiteko eskatu diote Hezkuntza alorreko arduradunari. Atzo aurkeztu zuten eskaera, udal erregistroan.

Fernandezen esanetan, Maia alkateak iragarritako aldaketa gauzatzen bada, hezkuntza euskaraz eta sare publikoan jasotzeko eskubidea urratuko diete Iruñeko dozenaka familiari: «Zokoratu nahi gaituzte. Goizero-goizero, bide luzea egin beharko dugu, seme-alabak euskarazko eskola batera eraman ahal izateko, eta ez hori bakarrik: euskarazko eskola batean postu bat lortzea zaildu eginen dute, euskarazko lekuak 400etik 130 ingurura murriztuta».

Ondorioak murgiltzean

Maia alkateak esana du aldaketa horiek «era progresiboan» ezarri nahi dituela, «aztoramendurik ez sortzeko». Euskarazko lerroko familiek, baina, ez dute begi onez ikusten aldaketok ezartzeko modua: «Printzearen Harresi eskolan, dagoeneko, zazpi plaza gutxiago eskainiko dituzte titiko haurren mailan; hurrengo mailan, aldiz, bi plaza besterik ez dute aterako». Neurri horiek guztiek «eragin kaltegarria» izanen dutela azpimarratu du Martinezek: «Nola eutsiko diote murgiltze linguistikoari, adibidez? Familia berean, euskarazko hezkuntza jasoko dute haur helduenek, eta txikienek erdarazkoa? Horrek apurtu eginen du euskararen transmisioa».

Haur eskoletako gurasoak ez dira, hala ere, Fernando Sesmaren azalpenen zain diren bakarrak. EH Bildu, PSN eta Geroa Bai udal taldeek ere «informazioa ematea» galdegin diote Hezkuntza alorreko zinegotziari behin baino gehiagotan. «Haur eskoletako hizkuntza lehentasunei buruz egiten ari den inkestari buruzko dokumentazioa, fitxa teknikoa, galdetegiak, eta abar. Hori guztia eskatu dugu, eta ez digute eman», salatu zuten ohar batean. Informazio hori eman ezean, hura kargutik kentzeko eskatuko dutela ere iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.