Koronabirusa

Gabonetan familia bisitatzeko baino ezingo da erkidego artean ibili

Espainian itun bat egin dute. Gabon gauean eta Urtezaharrean 01:30 arte ibili ahalko da kalean

Eguberrietako argiak, lehengo astean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE.
arantxa iraola
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun

Lehengo astean akordiorik gabe bukatu zen Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako osasun agintariek COVID-19 kontrolpean izateko neurriak eta Eguberrietako ospakizunak bateratzeko plana ontzeko egin zuten bilera; baina atzo iluntzean bat etorri zirela esan zuten.

 

Hona hemen gako nagusiak: Eguberrietan hain ohikoak izaten diren familien —eta hurrekoen— topaketak errazte aldera, baimendu egingo dira Gabonetan erkidego batetik bestera joateko bidaiak, baina propio izan beharko dute topaketa horietara joateko eta horietatik bueltatzeko; gainerakoan, mugatuta egongo dira erkidegoetarako bidaiak; Urtezahar gauean eta Gabon gauean 01:30 arte etxeratu beharrik ez da izango; Eguberritako usadiozko familia topaketa horietan, oro har, hamar lagun baino gehiago ez elkartzeko irizpidea emango da, eta bi bizikidetza talde baino gehiago ez elkartzekoa.

Halaber, bertan behera geratuko dira Erregeen desfilea, Olentzerori ongietorria emateko egin ohi diren ekitaldiak eta Gabonetako usadiozko ospakizun guztiak, jende pilaketak saihestu egin behar baitira. Erosketak egitean ere pilaketak saihesteko gomendioa eman da, eta oporrak pasatzera etxera bueltan doazen ikasleentzako aholkuak ere eman dituzte: itzuli berritan, segurtasun neurriak zorroztu behar dituzte, eta bizikidetza talde bat baino gehiagorekin harremanetan ez ibiltzea komeni da. Hala ere, atzo plan hau aurkezteko egin zituen adierazpenetan, Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak oroitarazi zuen irizpide orokorra ahalik eta gutxien mugitzea dela: «Gabonetan, etxean geratu behar dugu».

Atzo arratsean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik poza adierazi zuen akordioaren harira. Goizean, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek ere akordioaren garrantzia nabarmendu du. Nabarmendu zuen berebiziko garrantzia dagoela herritarrek hartzen diren neurrien artean «koherentzia» dagoela sentitzeak. Neurriak, hein batean, aurrez Jaurlaritzak iragarritakoekin bat datoz, eta irizpide horiekiko adostasuna adierazia zuen Nafarroako Gobernuak ere. Gabonetako jaiegunetan, Jaurlaritzak 01:00etan etxeratzeko irizpidea emana zuen; muga hori ordu erdi atzeratu da oraingo planean.

«Zorrotz» bete behar da

Aurretik, Gotzone Sagardui Eusko Legebiltzarrean solastatu zen, eta adierazi zuen izurriari buruzko datuetan badirela «esperantzarako» printzak: «Orain dela hilabete baino hobeto gaude». Hala ere, oraindik adi jarraitu behar dela esan zuen, erietxeetan «presio handia» dutela, eta datuak apaltzen jarraitu behar dela ezinbestean. Gabonetan egon daitezkeen ospakizunetara begira, nabarmendu zuen hori oso argi izan behar dela, eta «oso zorrotz» bete beharko dela.

Datu positiboen artean esan zuen, adibidez, murriztu egin dela infektatu bakoitzak zenbat pertsona kutsa ditzakeen erakusten duen aldagaia: 1,09tik 0,89ra. COVID-19aren ondorioz egunean erietxera eramaten dituzten pazienteen kopurua ere apaldu egin da aurreko hilean: 62tik 43ra. Baina adi jarraitzeko aholkatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.