Irregulartasunak sumatu dituzte lan eskaintza publiko batean, Bizkaian

Foru Aldundiak albaitariak kontratatzeko azterketetan izan da. Bederatzi hautagaitan bakarrak asmatu zituen kasu praktiko baten erantzun zuzenak. Salaketa bat jarri dute Fiskaltzaren aurrean

Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Zenbait irregulartasun sumatu dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak egindako Lan Eskaintza Publiko batean; zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuko hiru albaitari kontratatzeko egindako proban. Auzia Bizkaiko Fiskaltzaren eskuetan dago: ESK sindikatuak salaketa jarri zuen joan den irailaren 22an, eta irailaren 30ean Fiskaltzak tramiterako onartu zuen.

Deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean agertu zen 2019ko abenduaren 30ean, eta probak 2020ko irailean egin ziren. Sei lagunek gainditu zuten lehenengo proba, eta, hortaz, bigarrenera pasatu ziren. Bigarren proba hori hasieran azaroaren 17an egitekoa zen, baina deialdi hori bertan behera utzi zuten eta, azkenean, azaroaren 30era atzeratu zen bigarren proba hori egiteko eguna.

Proba hori hiru kasu praktikok osatzen zuten: lehenengo biek hiru puntu balio zuten, eta azkenak, berriz, lau puntu. Lehenengoak benetako kasu bat hartzen zuen oinarritzat: Bakion (Bizkaia) dagoen ustiategi bat aipatzen zuen, benetan existitzen dena, eta hura handitzeko eta han jarduera berriak jarri ahal izateko ezarri beharreko neurri, betekizun, arau eta abarrez galdetzen zuen.

Hiru puntuko ariketa horrek piztu ditu susmoak. Bederatzi lagun aurkeztu ziren azterketara: lehenengo proba gainditu zuten seiak, eta beste hiru. Bederatzi hautagai horietatik bakarrak asmatu zituen ariketa horren erantzun egokiak. Hautagai hori behin-behineko ordezko funtzionarioa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zerbitzuan aritzen da beharrean. Hautaketa prozesuaren epaimahaiko burua eta lau kideetatik hiru ere zerbitzu horretako funtzionarioak dira.

Ariketa praktikoa egungo legedia betez egiten saiatu ziren gainerako hautagaiek ez zuten proba gainditzea lortu; izan ere, erantzun egokiak asmatzeko beharrezkoa zen Bizkaiko Foru Aldundiaren irizpide propioetan oinarrituriko prozedurari jarraitzea. Lehiaketaren oinarrietan agertzen den bibliografian ez dago prozedura hori zehazten duen gida edo eskulibururik.

Bizkaiko Diputazioak Sitran abere trazabilitatearen sistema integratua izeneko aplikazio bat erabiltzen du. Horren bidez, Bizkaian dauden ustiategien fitxak kudeatzen ditu, eta azterketan aurkezturikoaren moduko arazo praktikoak ebazteko ere balio du. Hango funtzionarioek baino ez dute aplikazio horretarako sarbidea. Erantzun zuzenak asmatu zituen hautagaiak, bitarteko funtzionarioa izaki, bazuen aplikazio horretan sartzeko modua, eta epaimahaia osatzen zuten funtzionarioek ere bai.

Azterketak zuzentzean ere egon da gorabeherarik. Esan bezala, azterketa azaroaren 30ean egin zuten, baina horiek zuzentzeko eredua ez zuten egin abenduaren 16ra arte. Horrek esan nahi du hamasei egun igaro zirela azterketak egin zirenetik epaimahaiak horiek zuzentzeko eredua egin zuen arte, eta denbora tarte horretan guztian epaimahaikideek eskura izan zituztela egindako azterketak.

Aurrez, Osakidetzarenean

Ez da lehenengo aldia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioan lanpostu publikoak lortzeko lehiaketetan irregulartasunak edo iruzur zantzuak salatzen dituztela. Kasurik ezagunena Osakidetzako 2016-2017ko lan eskaintzarena izan da. Afera 2018ko ekainean plazaratu zen: hiru anestesista notariotzara joan ziren azterketaren aurretik, eta gutun azal itxi batean iragarpen bat egin zuten, lanpostuak nortzuek lortuko zituzten, bai eta asmatu ere.

Sindikatuen salaketen ostean, Osakidetzak iragarri zuen proba batzuk berriro egingo zituztela, eta barne ikerketa bat agindu zuen. Ikerketa horrek ez zuen emaitzarik izan; Osakidetzaren arduradunen ustez, ez zegoen iruzurraren frogarik. Baina fiskaltza ez zen iritzi horretakoa: delitu zantzuak topatu zituen zenbait probatan, eta epaileak auzibidea ireki zuen.

Orotara, hogei arduradun daude inputaturik. Auzia irekita dago, eta ikerketak urtarrilaren amaierara arte iraungo du. Arlo politikoan, baina, aferak ondorioak izan ditu: Jon Darpon Osasun sailburuak eta Maria Jesus Mujika Osakidetzaren zuzendari nagusiak dimisioa eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.