Zaldibarko hondamendia eltze hotsez gogoratu dute bi hilabete igaro direnean

Zaldibar Argitu plataformak egin du deialdia. Igandean, Alberto Sololuzerena izan daitekeen auto bat aurkitu zuten hondakinen azpian

Protesta zaratatsuak egin zituzten atzo balkoietan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun

Atzo hilabete bi bete ziren Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) amildu zenetik, eta, hori dela eta, lapiko jotze eta protesta zaratatsua egin zuten leiho eta balkoi ugaritan, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagerturik jarraitzen duten bi langileak gogoratzeko, eta aferaren inguruko gorabehera guztiak argi daitezela eskatzeko. Zaldibar Argitu plataformak egin zuen deialdia, eta hondakindegiaren inguruko herrietan izan zuen oihartzunik handiena.

 

Eragile ugarik ekarri dute gogora Zaldibarko hondamendia, hura gertatu eta bi hilabetera. EH Bilduko Mikel Oterok esan du «zauriak irekirik» daudela oraindik ere, Sololuze eta Beltran bilatzen jarraitzeko eskatu du, eta erantsi du «tamalgarria» begitantzen zaiola «kudeaketan akatsak egon direla onartu ez izana».

CCOOk ere «erantzukizun politikoak» eskatu ditu «hondakindegiaren kudeaketa eskasa» dela eta, eta «lehentasunezkotzat» jo du bi langileak topatzea. Horretan aritzen direnentzat segurtasun neurriak eskatu ditu.

Joaquin Beltranen senide Marta Alvarezek esan du familiak «etsita eta hondoraturik» daudela, baina bi langileak topatzeko itxaropenari eutsi dio, bilaketa lanak ez direlako eten: «Hori da axola zaigun bakarra: ager daitezela eta merezi duten atsedena jasotzeko modua izan dezatela».

Joan den igandean, zabortegiaren inguruetan Sololuze eta Beltran aurkitzeko lanetan ari diren beharginek auto bat topatu zuten hondakinen azpian. Adituek aztertu behar dute autoa, baina, itxura guztien arabera, Alberto Sololuzerena izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.