Pastor
Luizia Zaldibarren. DARWIN ETA GU

Eszenifikazioak

2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez ditu eszenifikazioak maite. Leku batera joan eta bertan egote aldera egon... bada, ez. Argi utzi nahi izan du kontua, lur-jausia izan eta berehala Zaldibarrera ez joateko arrazoiak azaltzeko egin dituen adierazpenetan.

Nork esan du lehendakariak ezbehar edo istripu leku guztietan egon behar duela? Zaldibarrera joatea sentsibilitate kontua zen, ez betebeharra. Edo usaimen politikoa izatea, gertakariak gero zer ekarriko zuen asmatzea. Badaezpada ere. Iñigo Urkulluk lehen momentuan esan balu sailburua joango zela hondakindegira, informazioaren eta erreskate lanen kudeaketa hobea izan balitz, agian nahikoa izango zatekeen. Nik, behintzat, ulertu egingo nukeen. Baina Iñigo Urkulluk zorigaiztoko hitza bota zuen: eszenifikazioa. Zaldibarrera joatea antzerki lan baten modukoa izango litzateke. Horrexek nahasi zuen dena.

Eszenifikazioa. Antzerkia eta politika. Ez, ez da Alain Badiouk gaiari buruz idatzitako testua kopiatzea. Nahikoa da Vittorio Gassman aktore italiarrak bere autobiografian idatzi zuena gogoratzea. Artistaren iritziz, antzeztea ez dago buruko gaitz batetik oso urrun: «Eskizofrenia mota baten modukoa da». Zenbat eszenifikazio egiten dituzte politikariek? Zenbat egin ditu lehendakariak «enpresa pribatu batean» eta «lur pribatu batean»?

Urkulluren hitzek zer pentsatua ematen dute. Geroan halako trantze batean badago, eszenifikazio bat ote den zalantza izan lezakete herritarrek. Oraingo honetan lan istripua izan eta sei egunera azaldu da lehendakaria Zaldibarrera. Gauzak hobetzen saiatzeak ez du beti lortzen espero den emaitza. Erdi ezkutuan eta isilean joan da hondakindegira. Run, Iñigo, run, inork ezustean etorri eta harrapatu baino lehen. «Prakak jaitsita dituzunean heltzen da mundu guztia», dio Nicole Krauss idazle estatubatuarraren nobela bateko pertsonaiak.

Lehendakariak ez ditu eszenifikazioak maite. Hala ere, urtero dugu geure unibertsitate publiko eta pribatuetako ikasturte hasierako ekitaldietan. Ez al da nahikoa soilik Hezkuntza sailburua joatea? Lehendakaria egotea ez da eszenifikazioa? Handitasun instituzionala ematen duela esango dute, bai. Baina funtsean?

Lehendakariak ez ditu eszenifikazioak maite. Hala ere, San Inazio egunean Loiolara joaten da urtero. Herritarrak ordezkatzen ari da agerraldi horretan? Soilik katolikoak ala guztiak: beste sinesmenetako kideak, agnostikoak eta ateoak? Agian oker nago, eta Loiolan ikusten dugun gizona ez da Iñigo Urkullu lehendakaria, Iñigo Urkullu Renteria herritarra baizik. Baina hala ez bada, ez da eszenifikazio bat? Eszenifikazioa eta, horretaz gain, XXI. mendean botere politikoa botere erlijiosoarekin lerrokatzea, haren aurrean makurtzea?

Lehendakariak ez ditu eszenifikazioak maite. Seguruenik horregatik ez da joango Hondarribira alarde parekidearen alde ari diren emakumeekin bat egiteko. Auzi horretan badaki delegatzen. Baina ez-eszenifikazioa eszenifikazioa ere bada, batzuetan. Absentziak sentsibilitate eskasa agertzen du. Eszenifikazio hori iraingarria da urte luzeetan berdintasunaren alde jardun duten herritar guztientzat.

Iñigo Urkulluk ez ditu eszenifikazioak maite, baina duela urte batzuk gustura asko joan zen Zierbenara, Gernika batailoiak Frantzia aldean nazien kontra jardun zuen unea bertan birsortu zutenean. Eta eskua eman zien lubakietan gure askatasunen aurka ari ziren soldadu naziei —alegiazko soldadu naziak, ez gaizki ulertu—. Eszenifikazio baten barruan beste eszenifikazio bat egin zuen.

Aktorea izan nahi zuen mutil gazte batekin bizi izaniko pasadizoa kontatu zuen Vittorio Gassmanek bere liburuan. Gizon haren hitzei zerien «misterio semantikoa». Gassmanek Sizilian ezagutu zuen mutila, Taormina hirian. Gazteak hau esan zion aktoreari: «Gassman jauna, egin iezadazu proba bat. Badakit talentua daukadala. Nire arazoa da famatua naizela, baina inork ez nauela ezagutzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.