Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Badator txertoa

2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Berri onak datoz egun hauetan. Positiboak beherantz doaz, baita heriotzak ere; gainera, badator txertoa. Dirudienez, argia ikusten da tunel ilun honen bukaeran. Kalean, berrietan eta sare sozialetan zalantza bat bolo-bolo dabil: Gabonetako ospakizunak. Kolokan dago zenbat pertsona bildu gaitezkeen etxe bakoitzean, ez dago argi umeak kontatu behar ditugun kopuru horretan edo zein ordura arte egon gaitezkeen elkarrekin turroia jaten eta gure kontuak kontatzen. Badaude zalantza sozioekonomikoak ere, esate baterako tabernak itxita mantendu behar diren edo Gabonetako erosketak egiteko dendak zabaldu behar diren. Baina duda handiena, nire ustez, txertoaren gaia da.

Datorren urtearen hasierarekin batera txertaketa masiboari ere hasiera emango omen zaio. Oraindik ez dakigu zein txerto jarriko dugunezta txerto hauek epe luzean sortu ditzaketen ondorioak ere. Adituek oso seguruak direla diote baina egia da, baita ere, oso bizkor sortu dituztela. Koronabirusaren txertoek ez dituzte gainerako txertoen epe guztiak pasatu eta horrek nolabaiteko beldurrak sortzen dizkio populazioari. Gainera txerto errusiarrak, ingelesak, txinatarrak eta amerikarrak helduko dira estatura, eta hainbeste txerto ezberdinek ere zalantzak sortzen dituzte. Zein da onena? Guztiek segurtasun berbera dute?

Badirudi zahar etxeetan bizi diren pertsonak lehenengoak izango direla txertoa hartzeko, baita euren zaindariak garenok ere. Antza denez, zahar egoitzetako pertsonak, ahulenak direnez, babesa lortzeko lehenengoak izan behar dira. Eta hemen dator nire gogoeta: pandemiaren hasieran ere bagenekien pertsona hauek ahulenak zirela eta birus honek zaharrak oso erraz hiltzen zituela. Baina garai hartan babeserako materiala ospitaleetara zihoan, eta zahar egoitzetara «soberan» zegoena eramaten zen. Zahar etxeek merkatuan bilatzen zituzten eskularruak eta maskarak, eta oso garesti ordaintzen zituzten, gainera. Aldi berean, zenbait lekutan behintzat, zahar etxeetako pertsonak COVID-19ak jota zeudenean ospitalera ez eramateko agindua zegoen, momentu horretanahulenak ere baziren arren. Eta orain, txertorako lehenengoak?

Ziur nago txertoa, prebentzio neurriekin batera, behin betiko irteera izango dela, ziur nago zaharrak babesteko neurri egokiena dela ere, eta ez daukat zalantzarik zientziaren beste garaipen bat izango dela. Baina kontuan badugu ikerketetan zahar ahulak kanpoan geratu direla eta pandemiaren hasieran ez zeukatela inolako lehentasunik, orain txertaketarako lehenengoak izateak susmo txarrak piztea guztiz ulergarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.