Koronabirusa. SERIEA. Uste ustelak (I). Maskarak.

«Maskarek arazoak sortzen dituzte; ez dira eraginkorrak»

COVID-19aren pandemia ukatzen duten korronte batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek.

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita. J. C. RUIZ / FOKU.
mikel p ansa
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
COVID-19aren inguruan munduko gobernuek iruzur bat antolatu dutela iruditzen zaie pandemiaren negazionistei. Esaten dute gaitz berri horren larritasuna ez dela hainbestekoa, eta gobernuek nahita ematen dutela egiaz dena baino irudi larriago bat, konfinamenduekin, maskarekin eta bestelako salbuespenezko neurriekin munduko biztanleria kontrolatzeko.

Maskarak egon ohi dira salaketa horietako askoren erdian, derrigorrez eta beti erabiltzeko aginduak kendu nahiko lituzkete mugimendu horiek, eta hori aldezteko, argudio sorta zabala erabiltzen dute. Herritar askoren artean zabaldu ere egin dira maskaren inguruko zalantzak horrela: benetan ez dutela balio gaitzari aurre egiteko, mesede baino gehiago kalte egiten dutela, norberak isuritako karbonoa arnasten dela, OME Osasunaren Mundu Erakundeak berez ez duela agindu maskarak derrigorrez, beti eta guztiek erabiltzeko... Horrelakoak eta antzeko argudioak erabiltzen dituzte. Bestela ere, herritar askori zalantzak sortu zaizkio, Hego Euskal Herrian maskarak derrigorrezkoak izan arren udan birusak hedatzen segitu duelako. Eta Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak pandemiaren hasieran maskarak ez zirela beharrezkoak esan izanak ez du lagundu pedagogia egiten; arazoa zen garai hartan ez zeudela aski.

Guillermo Quindos eta Miren Basaras EHUko irakasle eta mikrobiologoek ez dute zalantzarik: «Maskarak eraginkorrak dira SARS-CoV-2 koronabirusaren eta arnas sistemako beste birus batzuen aurka, adibidez gripearen transmisioa blokeatzeko». Quindosek datu berri bat nabarmendu du: planetaren hego hemisferioan negua pasatu dute, eta ikusi dute (Australian, Zeelanda Berrian, Hegoafrikan...) sasoiko gripea izugarri murriztu dela eta askoz heriotza gutxiago eragin dituela. Koronabirusaren aurkako neurrien albo ondorioa izan da.

Ez da hori gertatu maskarengatik soilik; distantzia fisikoak eta higieneak ere eragina dute. Inork ez daki seguru udazkenean eta neguan hemen zer gertatuko den, baina hego hemisferioan gertatu dena ikusita, Quindosi iruditzen zaio maskaren eta neurri horien eraginkortasuna frogatua dagoela: maskarak, distantzia eta higienea aplikatzen diren tokietan, birusen zabalkundea asko zailtzen da. Eraginkortasunari buruzko dudak uxatuko lituzke horrek.

Ideia bera nabarmendu du Basarasek: «Arnasbidetik kanporatzen den edozein mikroorganismo kontrolatu ahal izateko, maskarak dira prebentzio neurri garrantzitsuetako bat». Quindosek zehaztu du maskaren erabilera orokorra izateak indartu egiten duela haien eragina; adibidez, itxitako gela batean bost pertsonatik bakarrak badarama maskara, kutsatze arriskua zerbait arinduko da, baina bostek jantzita badaramatzate, kutsatze arriskua askoz gehiago murriztuko da.

Bestalde, agerikoa da maskara modelo bakoitzak eraginkortasun maila ezberdina duela. Pandemia hasi aurretik ere ezagun zen hori. Segurtasun handiena FFP3 eta FFP2 erakoek ematen dute; koska bat beherago daude kirurgikoak. Etxean egindako maskaren edo telazko bestelako maskaren eraginkortasuna ezberdina izango da, segun eta nolako materialekoak eta formakoak diren eta filtroak dauzkaten edo ez.

Basarasek gogorarazi du maskarak erabiltzeko era ere garrantzitsua dela: «Argi dago maskarek, ondo erabilita, transmisio arriskua gutxitzen dutela, baina, gaizki erabiliz gero, mesede baino gehiago kalte egiten dute». Ondo jantzi behar dira, saiatu behar da maskara eskuetan ez erabiltzen, maskaren iraupena aintzat hartu behar da, eskuak garbitu behar dira jantzi eta kendu aurretik eta ondoren...

Arriskua ez da bera leku guztietan, horrela gogorarazi du Basarasek: «Koronabirus hau, beste birus asko bezala, edozein lekutan eta ekintzatan kanporatu dezakegu». Erreferentzia bat eman du, British Medical Journal aldizkariak egin duen ikerketa bat, zeinean zehazten baita jarduera edo ekintza bakoitzaren eta jarduera hori egiten den leku bakoitzaren arabera birusak transmititzeko arriskua zenbaterainokoa den. Esaterako, arriskua ez da bera builaka edo baxu hitz eginez gero; eta arriskua ez da bera leku itxietan eta aire zabalean. Hori ere aintzat hartu behar da, maskara jantzita ere jarduera eta toki jakin batzuetan kutsatzeko arriskua handiagoa izan litekeelako.

Karga biralaren garrantzia

Izan ere, maskara eramateak ez du arriskua ezabatzen. Baina kutsatzeko baldintza okerrenetan ere transmisio arriskua murriztu egiten dute, eta horri lotuta dago orain aztergai dagoen hipotesi bat, Quindosek azaldu duenez: uste da maskarak jantziz gero kutsatzeko arriskua duten pertsonek karga biral txikiagoa jasotzen dutela, eta, birusa harrapatuta ere, sintomak arinagoak direla. «Baieztatu nahian ari dira maskaren erabilerak eragiten duela kutsa litezkeen pertsonek karga biral gutxiago jasotzea eta, ondorioz, ez infektatzea, edo infektatzea baina sintoma arinak izatea».

Gero eta ikerketa gehiagotan ari dira ikusten kutsatzean jasotako karga biralaren garrantzia; zenbat eta karga txikiagoa jaso, eritzeko edo larritzeko arrisku gutxiago, hori uste da. «Argi bereizi behar dugu ez dela gauza bera kutsatuta egotea eta gaixorik egotea. Eta hipotesi hori baieztatuko balitz, maskaren erabilera prebentiboaren balioa oraindik eta agerikoagoa litzateke», Quindosen esanetan; maskarek karga biralaren transmisioa txikitzen dutela esan nahiko bailuke.

OMEk maskarei buruz esandakoei eta esan gabekoei buruz ere ñabardurak egin dituzte Basarasek eta Quindosek. «OMEk aholkatu egin du maskarak erabiltzea, eta nola erabili ere bai. Gobernuek aholku horiek egokitu egiten dituzte beren egoerara», azaldu du Quindosek. Ñabardura erantsi dio Basarasek: «OMEren neurriak mundu osoan hartu beharko lirateke, baina herrialde guztietako osasun egoera ez da bera, eta bakoitzak dituen baliabideak ere ez. Horregatik, nahiko zaila da OMEk esatea maskarak erabili behar direla mundu osoan, ezin delako bete arau hori. Hala ere, OMEk onartu du maskaren erabilera ezinbestekoa dela eta ahalik eta gehien erabili behar dela». Alegia, kontua dela OMEk ez duela agindu maskarak derrigortzeko, badakielako leku askotan ezingo dela agindu hori bete, udaberrian hemen gertatu zen bezala.

Quindosek onartu du badirela maskarek kalte egin diezaieketen pertsona batzuk. «Oso gutxi dira: arnasteko arazoak dituztenak, arazo psikologikoak dituztenak, edo beste era bateko arazoak: adibidez hizketarako edo entzuteko ezintasunak dituztenak. Horiei kalte egin diezaieke, baina haientzat ere askoz larriagoa izango zatekeen COVID-19 koadro larri edo larri samar bat edukitzea, maskarek eragin diezaiekeen kaltea baino; baina argi dago kasu horientzat ere alternatiba egokiak bilatu beharra dagoela».

«Maskaren beste arazoa da nola ezabatzen diren», seinalatu du Quindosek. Azkeneko hilabeteetan hondakin tonak sortzen ari dira maskarekin-eta. «Baina hori, osasun arazo bat baino gehiago, heziketaren eta kontzientziazio ekologikoaren arazo bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.