«Infernuaren alde egitea denontzat etxea aldarrikatzea da»

Usurpazio delitua egotzita, hamalau lagunen aurkako epaiketa hasi da Donostian, aldundiaren eraikin batzuk okupatzeagatik. Infernua Bizirik taldeak protesta egin du

Infernua Bizirik plataformak protesta egin zuen atzo Donostiako auzitegiaren aurrean, barruan zortzi kide epaitzen zituzten bitartean. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
Donostia
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Infernua Bizirik taldeko kideek protesta egin zuten atzo Donostiako epaitegiaren aurrean, Infernua guneko hainbat auzokideren aurka abiatu zen epaiketa gaitzesteko: «Infernuaren alde egitea guztiontzat etxebizitza aldarrikatzea da». Guztira hamalau lagun pasatuko dira epailearen aurretik, Gipuzkoako Aldundiaren jabetzakoak diren hiru eraikin okupatzeagatik usurpazio delitu bat egotzita. Atzo zortzi epaitu zituzten, eta 7.000 eurotik gorako isuna eskatu zuten haientzat; beste seiak urriaren 20rako deitu dituzte.

Otsailaren 6an Ertzaintzak hiriko mendebaldeko auzune horretako hiru bloketan eginiko operazioan identifikatutako pertsonak dira auzipetuak; Infernua Bizirik-ek gaitzetsi egin du aldundiak haien aurka zigor auzibidea erabili izana, horrekin, eraikinaren jabetza berreskuratzea baino gehiago, «okupak zigortzea» bilatzen ari delakoan diputazioa.

Epaitegiaren aurreko protestan zehaztu zutenez, Infernuan okupaturiko eraikinak «80ko hamarkadatik abandonatuta daude», eta azpimarratu dute bertako kideek sei urte daramatzatela hor bizitzen. «Urte horietan guztietan diputazioa ez da bere jabetzaz arduratu», adierazi dute. Hala, Infernua Bizirik-ek nabarmendu du azken hilabeteetan Infernuan izan dituzten operazio polizialak eta iazko azaroan gune okupatuko eraikin handiena hustu izana «gentrifikazioaren ondorio» direla, eta gogora ekarri du Donostiako Udalak hirigintza proiektu bat abiatu duela eremu horretan.

Nabarmendu dute, ordea, jendeak urteak daramatzala Infernuko eraikinetan bizitzen: «Migratzaileek eta transmaribolloek ez daukate lekurik gaur egungo Donostian, eta horregatik elkartu gara periferian; horregatik egin dugu komunitatea eta hartu dugu konpromisoa elkar babesteko».

Hain zuzen, azaroko hustearen ondorioz, Infernuan bizi ziren 60 pertsona «kale gorrian» geratu zirela salatu dute, eta gogorarazi egoera horretan auzokideek «aterpe publikoek betetzen ez duten funtzioa» bete zutela: «Politika publikoen arduragabekeriaren aurrean, auzo moduan antolatu ginen, eta libre zegoen gunea txukundu genuen gertukoenen ongizate minimoa bermatzeko».

Hirigintza plana, aurrera

Udalaren hirigintza plana, berriz, aurrera egiten ari da, eta joan den astean Infernuko eraikinen eraisketa lanei ekin zieten berriz, neguan hasi nahi baitute eremurako aurreikusita dauden 540 etxeak eraikitzen. «Gu gauden lekuan urbanizazio bat egin nahi dute, hiritik kanporatzen ari diren klase ertainarentzat», adierazi du Infernua Bizirik-ek, eta gehitu du etxebizitza horiek «familia nuklear zurientzat» pentsatuta daudela: «Infernuan okupatzen bizi garenok ez ditugu betetzen hor sartzeko eskatzen dituzten baldintza sozial eta ekonomikoak».

Hala, Infernua Bizirik-ek ohartarazi du gunea «desalojo arriskuan» dagoela oraindik ere, eta haren alde antolatzera deitu du: «Infernuaren alde egitea ez da hiru eraikin defendatzea bakarrik: guztiontzat etxebizitza aldarrikatzea da; gentrifikazioaren aurka egitea da; ertzeko komunitateen alde egitea, Poliziaren erasoen aurka egitea, zapalkuntza ezberdinen arteko aliantzen alde egitea... Infernuaren alde egitea Donostia erradikalki aldatu nahi izatea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.