Hibai Arbide Aza.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Ez berdinak, ez eta hobeak ere

2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Assamaka ez da herri bat. Basamortuan dagoen muga-postu bat da, inguruan dozenaka etxe dituena. Sahara sakonean dago, Nigerren, Aljeriarekin mugan. Gertuen dagoen hiria, Arlit, sei ordura dago 4x4an errepiderik gabe. Harea, harriak, harkaitzak, besterik ez.

Assamakara iristen dira Aljeriak deportatutako migratzaileak. Batzuk Europara zihoazela atxilotu zituzten; gehienek hilabeteak edo urteak zeramatzaten Magreben lanean poliziak paperak eskatu zizkienean. Beste batzuk hilabete edo urte gehiago eman dituzte espetxean bizileku-baimenik ez izateagatik. Ileak punta-puntan jartzen dituzten torturak azaltzen dizkigute. Ziega kolektibo batean zegoen emakume haurdun bat osasun laguntzarik gabe erditu zen presoek artatzeko oihukatzen zuten bitartean. Egun batean, poliziak basamortura eraman ditu, norabide batean seinalatu, eta esan du: «Oinez hamabost kilometro egiten badituzue, Nigerrera iritsiko zarete. Buelta emanez gero, tiro egingo dugu». Mehatxua benetakoa dela frogatzeko airera tiro egiten dute deportazio bakoitzean; beren errituala da.

Batzuek ez dute lortzen. Basamortuan inork ez ditu gorpuak jasotzen. Hurrengo deportatuak ondotik pasatzen dira. Assamakara leher eginda iristen dira ura edateko etsipenez. Han, NMEk (Migrazioetarako Nazioarteko Erakundea) COVID-19 test bat egiten die, eta berrogeialdia egin behar dute. Hamalau egun Assamakatik alde egin ezinik. Kanpin-denda handi batean egiten dute lo, eta gauetan tenperatura 6 graduraino jaisten da. Haize gogorra dabil. Nik ia ezin izan nuen ordubete jarraian lo egin; ezatsegina da ahoan harea duzula lo egitea.

Pertsonako maskara kirurgiko bat dute hamalau egunerako. Basamortuko haizerako balio du, ezer prebenitzeko baino gehiago. Berrogeialdia oso luzea da, egin dezakezun gauza bakarra hondarretan paseatzea denean. Gero, zer egin erabaki behar dute. Beren jatorrizko herrialdeetara itzultzea onartzen dutenak NMEk lagunduko ditu. Berriro saiatzea erabakitzen dutenek beren instalazioetatik joan behar dute. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak migratzaile izateari uztea erabakitzen duenari bakarrik ematen dio laguntza.

Pandemia honetatik ez gara hobeagoak aterako, COVID-19aren lehen olatuan zabaldu zen ideiaren kontra. Litekeena da eliteek lan baldintza hobeak eta ingurune seguruagoak izatea —hau da, telelana, gaixotasunak detektatzeko eguneroko testa, lanaldi murrizketa, denboraldi luzeak etxetik atera gabe igarotzeko erosotasuna, eta abar—, gehiengoak bere bizi baldintzak are prekarizatuago ikusten dituen, edo Assamakan itxaroten duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.