Koronabirusa

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Protesta bat Gasteizen. E.PORTILLO/ FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Pandemiak are gehiago okertu ditu Euskal Herriko zahar etxeetan lan egiten duten profesionalen baldintzak, eta datozen egunetan hobekuntzak eskatzeko protestak abiatuko dituzte hainbat zahar etxetako langileek. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek greba deialdia egin dute Arabako zahar etxe pribatuetan eta etxebizitza komunitarioetan, hiru egunetan: urriaren 7an, eta azaroaren 11n eta 25ean. Horiek, baina, ez dira izango protesta bakarrak: sindikatuek iragarri dute hurrengo asteazkenean elkarretaratzea egingo dutela Arabako Foru Aldundiaren parean, eta mobilizazio gehiago egingo dituztela udazkenean.

Zahar etxeetako langileentzako lan baldintza «duinak» eskatzeko eta zaintza ereduaren «prekarizazioa» salatzeko abiatuko dituzte protestak, sindikatuek jakinarazi dutenez. Aspalditik dabiltza borrokan Arabako zahar etxeetako beharginak; pandemiak haien baldintzak okertu ditu, eta ez dute lortu lan hitzarmena adosteko negoziazio mahaia martxan jartzea. Egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta Arabako Diputazioari «pasibotasunez» jokatzea egotzidiete sindikatuek. Azpimarratu dutenez, izurriak agerian utzi du adinekoen egoitzen sektorea eta zaintza lanak «ezinbestekoak» direla gizartearentzat, baina salatu dute ez dutela behar beste baliabide euren lana behar bezala egiteko. Besteak beste, prekaritatea desagerrarazteko eta langile gehiago kontratatzeko eskatu dute.

Borrokan ari dira, halaber, Gipuzkoako zahar etxeetako langileak. ELA eta LAB sindikatuek urriaren 6rako deitu dute grebara adinekoen egoitzetan. Atzo, Senideak Gipuzkoako zentroetako egoiliarren familien elkarteak irtenbideak bilatzeko eskatu zion aldundiari. Elkarteak udaletanmozio bat aurkeztuko du gatazkari konponbidea eskatzeko, eta atzo elkarretaratzea egin zuen Azpeitiko (Gipuzkoa) Plaza Nagusian, salatzeko zahar etxeetako langileek hitzarmenik gabe daudela 2012tik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.