Gazteluetako irakasle ohiari kartzela zigorra bi urtera jaitsi dio Gorenak

Frogatutzat jo du 2009tik 2011ra sexu abusu jarraituak egin izana ikasle bati, baina zigorra areagotzen zuten bi gertaera sententziatik kanpo laga ditu

Gaztelueta ikastetxearen sarrera, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Opus Deiren Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohi bati, 2009tik 2011ra ikasle adingabe bati sexu abusu jarraituak egitearen delitu bat egotzita. Gainera, irakasleak ezingo du biktimarengana gerturatu lau urtean, eta sufragio pasiborako inhabilitazio berezia izango du zigorrak iraun artean. Auzitegiak atzo jakinarazi zuen aho batez hartutako erabakia.

Horrenbestez, bederatzi urte jaitsi du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 2018ko azaroan ezarritako zigorra. Orduan 11 urteko kartzela zigorra jarri zion sexu abusu jarraituen delituarengatik akusatuak bere bulegoan egindako bost sexu abusurengatik. Gorenak dio auzitegiak sinesgarritasuna eman ziola biktimari, akusazioaren perituek emandako testigantzan oinarrituta.

Orain, Auzitegi Gorenak partzialki onartu du irakasleak ezarritako errekurtsoa errugabetasun presuntziorako eskubidea urratu izana, eta frogatutako gertaeretatik kanpo utzi ditu zigorra areagotu zuten bost gertaeretatik bi: ikaslea bere aurrean masturbatzera eta boligrafo bat uzkian sartzera bultzatzea.

Bostetik hirura

Tribunalak ziurtatu duenez, biktimak lehen hiru gertaerak ukituak gertatutakoa gurasoei kontatzea erabaki zuenetik deskribatu zituen, baina beste bi gertaerak ez zizkien kontatu gurasoei, ezta 2011ko maiatzetik egon zen profesionalei, Adingabeen Fiskaltzari eskola jazarpenarengatik diligentziak jarraitu zituztenean eta EAEko fiskal nagusiari ere. Espainiako Auzitegi Gorenaren hitzetan, psikiatra bati kontatu zion 2015 inguruan, eta hortik aurrera osorik kontatu zituen kereilan eta ondorengo deklarazio judizialean. «Ez da hasierako gertaera bat gero kontatzen duenak ñabardurak edo zuzenketak egiten dituena. Adingabeko baten aurrean gaude, zeinak irakaslearen sexu abusuak jaso dituen, eta 15 urte dituenean bere errealitatea eta existentzia kontatzen dien gurasoei eta artatzen duten profesionalei. Azkenik, 19 urte dituenean, bere kontakizuna aberasten du zigorretan garrantzi handia duten bi gertaerekin, ordura arte isildu zituenak, eta bat-bateko garrantzia hartzen dutenak 2015ean ezartzen duen kereila kriminalean». Auzitegiaren arabera, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hasierako gabeziaren eta jarraitutasun faltaren arrazoia adingabearen deklaraziotik gertatu zenarengatik sentitutako lotsa eta erruduntasuna azaldu zituen eta perituen irizpene-tik isiltasuna sentimendu horiei egozten dio hartu zuen.

Aldiz, Espainiako Auzitegi Gorenak bestelako iritzia du. Haren hitzetan, egozterakoan iraunkortasun falta izateak bertan behera uzten du bi egitate horien froga balioa, eta gogorarazi du hori izan zela arrazoia epaiketan fiskalak ez sartzeko behin betiko ondorioetan. Aitortzen duen arren horrelako kasuetan adingabea heldu ahala agertu daitekeela sendotasuna bizipen urratzaileak gogoratzeko, horiek frogatzeko beharra azpimarratu du: «Ezinbestekoa da urte asko geroago biktima jada adinez nagusia denean gehitutako sekuentzia erabat frogatuta geratzea, hasierako gertaera bezain frogatuta». 11 urteko zigorra ezartzeko hori ezinbestekoa dela dio: «Ez da nahikoa hura gertatu zenaren uste osoa edukitzea 11 urteko askatasun gabezia dakarren zigorrari eusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.