Olarizu auzo okupatua

Zenbat pertsona, hainbat egoera

50 pertsona inguru bizi dira Olarizuko eraikinetan. Nork bere egoera du, baina guztiek zerbait daukate antzeko: ez daukate baliabiderik etxe baten alokairua ordaintzeko.

Thais Madrid, bere etxeko egongelan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Auzoan bizi diren gainerako bizilagunen eta eraikin okupatuetan bizi direnen artean istiluak egon direla aditzera eman izan dute hainbat hedabidek azken urteetan. Hala ere, bertakoei galdetzean, argi daukate: «Jende asko bizi da hemen. Istiluak egon izan dira, baina pertsona jakin batzuek eragin dituzte. Gaur egun, ez dago inolako arazorik». Ura eta argindarra kentzeaz gain, udalak ez du inolako garbiketa lanik egiten eraikinaren alboko parkean, eta zabor bilketa ere kendu du: «Auzokideok antolatzen gara zaborra kudeatzeko». Etxe gehienak egoera kaskarrean bazeuden ere, batzuek egokitu egin dituzte.

HECTOR IVAN MEDINA 45 urte

«Konfinamendua oso gogorra izan da argirik eta urik gabe»

2020ko urtarrilean heldu zen Olarizura. Beste lagun batekin bizi da; heldu zirenean, leihoak aldatu behar izan zituzten, eta etxea atondu, hondatuta baitzegoen. Egunean ordu batzuez adineko pertsona bat zaindu, eta hala irabazitakoarekin irauten du. Pandemiarekin gauzak nabarmen okertu direla dio, eta konfinamenduan «oso gaizki» pasatu duela, «argirik eta urik gabe». Ur bila kanpora ateratzen zirenean Poliziak isunak jarri zizkiela ere salatu du. Kaleratzen badute, ez dauka bizitzeko beste lekurik.

ANDREA NIETO31 urte

«Ez da erraza ume batekin hemen bizitzea; hezetasun handia dago»

Alokatutako gela batean bizi zen bere alabarekin eta bikotekidearekin, baina pandemiaren ondorioz lanik gabe geratu ziren, eta konfinamenduaren ondoren ezin izan zuten jarraitu alokairua ordaintzen. «Gogorra da ume batekin hemen bizitzea. Hezetasun handia dago, eta hori ez da ona haurrarentzat. Ez daukagu beirarik leihoetan, plastiko zatiekin estaltzen ditugu, eta hotz handia egiten du». Gizarte zerbitzuek etxebizitza bat agindu diete, baina, orain jakinarazi dietenez, ez dago lekurik, eta dagoenean ere beste batzuek daukate lehentasuna. «Nire bikotekideak jasotzen zuen langabezia sariarekin bizi izan gara orain arte, baina hilabete honetan bukatzen zaio».

JOSE LUIS ROCHA 52 urte

«Gaixotasun baten ondorioz, kale gorrian geratu nintzen»

2018tik bizi da Olarizun. Gaixotasun baten ondorioz, ezkerreko belauna eta aldaka berregin behar izan zizkioten, eta, berriro ere ibili ahal izateko, errehabilitazio luze bat egin behar izan zuen. «Gizarte zerbitzuek ez zidaten laguntzarik eman. Haien ustez, ez naiz pertsona zaurgarri bat». Ondorioz, lanik gabe geratu zen, eta ezin izan zuen alokairua ordaintzen jarraitu. «Kale gorrian geratu nintzen, eta hona etortzea izan zen aurkitu nuen konponbide bakarra». Lana topatu zuen, baina pandemiaren ondorioz berriro galdu du. Alaba bat dauka Valentzian (Herrialde Katalank), baina ez du aspaldi ikusi: «Egoera honetan, ez dut hona ekarri nahi».

YORKSHIRE MADRID 34 urte

«Lana daukat, baina ezinezkoa zait etxe bat alokatzea»

Udatik bizi da Olarizun, semearekin. «Errioxan bizi nintzen, eta hona bueltatu nintzenean ez neukan lanik, eta ezin nuen alokairurik ordaindu». Orain enplegu bat dauka, baina bi hilabetean behin berritzen diote kontratua. «Errentariek, normalean, urtebeteko kaudimena eskatzen dute, eta, ez daukadanez, inork ez dit ezer alokatzen». Konponbide bat eskatu du: «Ez bakarrik guretzat, baita hiri osorako ere. Etxebizitzen prezioak gora doaz, eta gizarte zerbitzuetakoek itxaron zerrenda amaigabeetan sartzen zaituzte. Gasteizen ez dut halakorik inoiz ikusi».

MAIDER BIRITXINAGA 22 urte

«Alaba gizarte zerbitzuei eman baino lehen, nahiago dut okupatu»

Olarizutik gertu bizi da, gela batean, bost urteko alabarekin. Lanik gabe geratu da, eta 400 euroko diru laguntza ematen diote gizarte zerbitzuek, baina gelak 350 euroko errenta dauka. «16 urte nituenetik lanean ibili naiz, eta bortizkeria matxistaren biktima naiz; horregatik ematen didate diru laguntza. Betidanik bizi izan naiz Gasteizen, baina inoiz ez dut neure burua hain egoera larrian ikusi». Haren anaia Olarizun bizi da, eta berak ere ez du baztertzen bertako etxe bat okupatzea: «Ezin dut horrela jarraitu: 50 euro dauzkat hilero bizitzeko. Alaba gizarte zerbitzuei eman baino lehen, nahiago dut okupatu. Baina ez Olarizun, hemengo baldintzak oso eskasak baitira».

THAIS MADRID 37 urte

«Etxe bat alokatzeko asmoa neukan, baina lanik gabe geratu naiz»

Duela bost urte iritsi zen Olarizura, kalean geratu zelako. «Lana lortu nuen joan den urteko otsailean, eta kontratu mugagabea egin zidaten. Hemendik joan eta pisu bat alokatzeko asmoa neukan, baina, pandemiaren ondorioz, lanik gabe geratu nintzen berriro. Beti ostalaritzan lan egin izan dut, eta, egoera honetan, oso zaila da kontratu bat lortzea». Ur hornikuntzaz kexu da: 250 litroko bidoi bat etxera ekartzea lortu du, baina aste bat baino ez dio irauten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.