Hezkuntza. Hezkuntza Batzordea

Salatu dute Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sare publikoa lehenesten

EHIGE ez dago ados Hezkuntza Lege proiektuarekin, eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak «errotik» aldatzeko eskatu du. Kristau Eskolaren ustez, «apustu ausarta» da

Susana Aribayos eta Lurdes Imaz EHIGEko ordezkariak, atzo, legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan eztabaidatzen ari dira egunotan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta atzo, besteak beste, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eta Kristau Eskolak agerraldiak egin zituzten. Jarrera zeharo ezberdinak agertu zituzten hiru eragileek: EHIGE eta Euskal Eskola Publikoaz Harro oso kritikoak izan dira lege proiektuarekin, eta iragarri zuten ez diotela inolako ekarpenik egingo; Kristau Eskolak, berriz, ontzat jo zuen, eta prest agertu zen akordio zabalagoak lortzeko.

EHIGEren izenean, Susana Aribayosek eta Lourdes Imazek aletu zituzten egitasmoarekin lotutako desadostasunak. Salatu zuten Hezkuntza Lege proiektuan ez daudela jasota eskola publikoaren erronkak, eta alde horretatik, ez dutela asmorik proiektuari ekarpenik egiteko: «Ez dugu ikusten geure burua islatuta testuan. Ez gaude ados». Irizten diote egun indarrean den legeak «ituntze unibertsala» eta segregazioa sortu dituela, baina lege egitasmoak ez dituela arazo horiek konponduko, eta horrenbestez, argi utzi zuten «ezezko borobila» ematen diotela testuari.

Imazen eta Aribayosen ustez, lege proiektuak sistema dualari eusten dio, publiko eta pribatua «parekatzen» ditu, eta, ez du bermatzen eskola publikoaren «protagonismoa». Hala, EHIGEkoek eskatu zuten publifikazio prozesu baten inguruko «eztabaida serioa» irekitzea: «Ezin baita tranpa egin, publikoaren baldintzak nahi dituenak publiko izan behar du», ohartarazi zuen Aribayosek. Arazo demografikoari aurre egiteko, gainera, eskola publikoaren eskaintza «indartzea» ezinbestekotzat jo badute ere, ohartarazi zuten matrikulazio prozesuan ez dela tresna egokirik jarri publikoa lehenesteko eta segregazioa amaitzeko.

Oraingo testuan, Imazek zehaztasun falta sumatu du hezkuntza sistemak izan behar duen hizkuntza ereduaren inguruan, eta, besteak beste, eskatu zuen argitzeko ikasleek nola erdietsiko duten euskarazko B2 maila DBH amaitzerako. Bestalde, ikastetxe publikoen autonomian aurrera egiteko modua emango duten neurri zehatzak eskatu zituzten EHIGEko kideek.

«Entzun gaitzazue»

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek, berriz, lege proiektua «errotik» aldatzeko eskatu zuten. Maribel Lopez de Luzuriaga eta Arantza Fernandez de Garaialde plataformako ordezkariek iragarri zuten ez diotela ekarpenik aurkeztuko egitasmoari, baina eskaera zehatza egin zieten talde parlamentarioei: «Garaiz zaudete legeari buelta emateko eta hezkuntza publikoa behar duen tokian jartzeko». Eskola publikoaren aldeko ahotsak aintzat hartzea galdegin zien Lopez de Luzuriagak, gainera: «Entzun gaitzazue».

Plataformako kideak gogor mintzatu ziren legearen aurka: «Helburuetako bat hezkuntza publikoa zulora botatzea da». Salatu zuten hezkuntza sistema publiko-pribatua betikotzen duela, euskalduntzean ez duela urratsik egiten, parte hartzeko tresnarik ez duela bermatzen eta segregazioari aurre egiteko neurririk ez duela proposatzen. Gainera, ezinbestekoa iruditu zitzaien sare publikoari «beharrezko baliabide guztiak» ematea, baita ikastetxeak publifikatzeko bideak zabaltzea ere.

Hizkuntzei dagokienez, ikasleen euskalduntzean aurrerantzean ere erreferente izango den eskola publikoa defendatu zuten, eta gaitzetsi zuten lege proiektuak ez duela jasotzen murgiltze eredua, ezta hizkuntza ereduak gainditzea eta euskal curriculuma ere. «Sare publikoak pisua galduko du, eta, horrekin batera, euskararen presentziak ere bai, A eta B eredu ia denak sare itunduan daudelako».

Kristau Eskola, gustura

Maria Eugenia Iparragirrek hartu zuen hitza Kristau Eskolaren izenean, eta txalotu egin zuen Hezkuntza Lege proiektuaren edukia. Azpimarratu zuen jarritako zumeek «aukera ezin hobea» irekitzen dutela «kalitatezko hezkuntza lege bat egiteko, ekitatiboa eta inklusiboa». Kristau Eskolako zuzendariaren iritziz, Hezkuntza Sailak «apustu ausarta» egin du «herri ikuspegitik», eta akordio zabal bat egiteko «ausardia bera» eskatu zien talde parlamentarioei eta hezkuntza komunitateari.

Lege proiektuak laikotasunaz dioena zehazteko eskatu zuen Kristau Eskolako presidenteak, iritzi baitio gizartean «kultura eta erlijio asko» daudela, eta «laikotasun positiboak» horretan lagundu dezakeela. Adierazi zuen eskoletako irakaskuntza erlijiosoa ez dela «doktrinamendua», eta ikastetxea «askatasunez» hautatzeko aukera nahi dutela.

Doakotasuna lortzeko epeak ipintzearen alde agertu zen: «Finantzaketa prozesu bat eskatzen du, egokituz joateko». Itunpekoak sare publikoan sartzeko baldintza batzuk ezarri behar direla adierazi zuen, baina, betiere, ikastetxearen titulartasunaren eskaera kontuan hartuta eta aldeak ados daudela bermatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.