Koronabirusa

Jai eta asteburuetan Nafarroan etxeratze agindua jartzea onartu dute epaileek

Gutxienez uztailaren 30era arte iraungo du, eta 141 udalerriri eragingo die. Auzitegi Nagusiaren ustez, gobernuak frogatu du gaueko bilkurak direla «kutsatze gehienen sorburu»

Iruñea. Gauez, Estafeta eta Xabier karriken arteko bidegurutzea. J. DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hasieran kale, eta orain bale. Astelehenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen muturreko arriskua duten herrietan gaueko jarduera mugatzeko gobernuak proposatutako erabakia.Nafarroako Gobernuak moldatu egin du foru agindua, eta proposatu du etxeratzeko agindua ezartzea asteburuetan, jai egunetan etatradizionalki festak izaten ohi diren garaian —bezperan ere bai—. Atzo, Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzietako aretoak baimendu egin zuen neurri hori, eta, ondorioz, gaurtik aurrera intzidentzia handiko tokietan ezingo da kalera atera 01:00etatik 06:00etara bitartean.

Zehazki, Nafarroako 141 udalerritan sartu da indarrean etxeratzeko agindua, eta, printzipioz, datorren asteburura arte iraungo du —dena den, gobernuak aurreratu du egoera aldatu ezean neurriari eutsiko diola. Salbuespenezko kontuetarako baino ezingo da irten etxetik: botikak, osasun produktuak eta oinarrizko beste gauza batzuk erostera, medikuarenera, albaitariarenera, lanera, zaintza lanak egitera eta beste salbuespen batzuetara.

Nafarroako Gobernuak argitaratu du zeintzuk diren azken hamalau egunetan 250 kasuko intzidentzia duten 141 udalerriak. Horien artean daude Zizur Nagusia (1.174,96ko intzidentzia tasa), Aranguren (1.114,28), Lizarra (1.093,41), Berriozar (1.045,46), Burlata (989,73), Noain-Elortzibar (985,57), Antsoain (969,26), Iruñea (927,83), Barañain (871,33), Berriobeiti (826,90), Baztan (797,22), Eguesibar (780,95), Atarrabia (725,20), Tafalla (566,30), Tutera (526,78) eta Altsasu (322,45).

Aipatutakoez gain, hiru nabarmentzen dira, hamalau egunetan 10.000tik gorako intzidentzia tasa dutelako: Azuelo (12.903,22), Orbara (12.121,21) eta Lesaka (11.601,60). Era berean, 5.000 eta 10.000 arteko intzidentzia tasan daude Igantzi (6.572,76), Urroz (6.010,92) eta Zubieta (5.280,52). Eta 3.000 eta 5.000 arteko tasa dute Saldias (4.918,03), Arantza (4.690,11), Ituren (4.500,97), Etxalar (4.059,04), Doneztebe (3.418,30), Lantz (3.378,37), Bera (3.292,29) eta Aresok (3.225,80). 1.000 eta 3.000 arteko tasarekin 43 udalerri daude, eta hortik behera, 84.

Gobernuak azaldu du gaitza «ekitaldi superkutsatzaileetan» ari dela hedatzen, «gauez, gazteen artean, baita kanpoan ere, batik bat tabernak ixten dituztenean». Argudio hori onartu egin dio Auzitegi Nagusiak.

Aipagarria da hori. Izan ere, alarma egoera kendu ostean, maiatzaren hasieran, etxeratzeko agindua ezartzea proposatu zuen gobernuak, baina epaileek atzera bota zuten neurria, kaleko edana eta antzeko topaketak legedi arruntarekin mugatu zitezkeela argudiatuta. Aldiz, bi hilabete geroago, auzitegiak irizpidea aldatu du, frogatutzat jo baitu 15 urte eta 30 urte artekoen bilkura horiek direla «kutsatze gehienen sorburua». «Polizia txostenek, batez ere Foruzaingoarenek, agerian uzten dute ekainean eta uztailean Nafarroa osoan, eremu publikoan, bilkura orokorrak, zenbaitetan masiboak, egiten direla, batik bat gauez eta tabernak ixten direnean», zioen atzoko autoak.

Auzitegiaren arabera, bilkura horiek ezin daitezke parekatu kalean edateko elkartzen diren jende multzoekin. «Gaueko aisialdi mota berri bat da, eta, polizia kopurua ikusirik, ezin dira horiek denak kontrolatu». Horregatik, maiatzaren 11ko autoan ez bezala, epaileek uste dute proposatutako agindua egokia dela eta «behar bezala egiaztatuta» dagoela.

Aste hasieran, intzidentzia handiko herrietan gaueko jarduera mugatzeko erabakiaren aurka egiterakoan, epaileek nabarmendu zuten informazioa falta zitzaiela neurriaren egokitasuna behar bezala epaitzeko. Hirugarrenean, ordea, onetsi egin dute: «Neurrizkoa da, ez baitu mugimendua erabat galarazten: salbuespenak daude; ez da Nafarroa osoan aplikatuko, ezeta asteko egun guztietan ere. Asteburuetan, jaiegunetan eta festen garaian aplikatuko da.

Maskaren erabilera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago etxeratzeko agindurik, baina ostegunean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «automugatzeko» eskatu zien herritarrei. Halaber, gaurtik tabernen eta jarduera ekonomiko guztien itxiera 01:00etan ezarri du Labik, eta, horrekin batera, ostalaritzaren, merkataritzaren eta bestelako instalazioen edukiera %35era murriztu du. Gainera, maskara derrigorrezkoa izango da «jendea ibiltzen den hiriguneetan».

Gero eta agerikoagoa da maskararen erabilerari buruz talka juridikoa dagoela Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artea. Barrualdean, erabilera derrigorrezkoa da, baina kanpoaldean, 1,5 metroko segurtasun tartea gordez gero, kentzeko aukera hobesten du Madrilek. «Maskarak gure artean jarraitu behar du, baina ez beti jarrita», esan zuen atzo Carolina Dariasek. Osasun ministroaren arabera, ez dago gatazkarik bi gobernuen artean, «ideia berarekin» bat egiten baitute.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunaren arabera, Madrilen eta Gasteizen onartutako testu juridikoen artean «ez dago alde handirik», baina bai ñabardurak. «Modu desberdinean ikusi eta irakurri dira. Espainian onartutako arauei dagokienez, badirudi salbuespena maskara jartzea dela, eta guk onartutako testuetan, salbuespena ez jartzea izango litzateke, jende pilaketarik ez dagoen tokietan». Haren ustez, diferentzia horrek «nahasmena» eragin du, eta «euskal agintarien helburua izan da hori argitzea». Hala, Zupiriak zehaztu zuen onartutako dekretuan «derrigorrezkoa» dela erabiltzea, eta «ez erabiltzea, salbuespena».

Ziurtagiria, aurrerantz

Ipar Euskal Herrian, berriz, espero da abuztuaren hasieratik derrigorrezkoa izango dela osasun ziurtagiria. Iragan astean, Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak iragarri zuen legez COVID-19aren aurkako immunitatea erakusten duen agiria beharko dela garraio publikoa erabiltzeko edo jatetxe batean sartzeko. Zalantza handiak, arrangura eta kritika ozenak eragin ditu proposamenak, baina hura onartzeko tramitazioa aurrera doa.

Atzo, Frantziako Asanblea Nazionalak baiezkoa eman zion lege proiektuari: 117 diputatuk alde bozkatu zuten, eta 84k kontra. Orain, egitasmoa Senatuan da bozkatzekoa, eta aurrera aterako dela espero da. Hala, abuztuaren hasieran sartuko litzateke indarrean. Ziurtagiriarekin batera, osasun arloko profesionalak txertatzera behartzen ditu lege proiektuak. Macronek argudiatu du jendea era masiboan bultzatu nahi dutela txertaketara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.