Olarizu auzo okupatua

Okupazioa pobreziaren aterabide

Gasteizko Olarizu auzoko etxe okupatuetan bizi direnei kaleratze abisuak iritsi zaizkie azken asteetan. Udalak dio aterabideak eman dizkiela, baina, auzokideen ustez, ez dira nahikoa

Olarizuko eraikin okupatuak. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hirigunetik aldenduta, kate entzutetsu bateko supermerkatu baten ondoan eta altxatu berri dituzten eraikin modernoez inguraturik, adreiluzko bloke handi bat nabarmentzen da Gasteizko Olarizu auzoan. Badirudi lekuz kanpo geratzen ari dela: auzoko gainerako orubeetan eraikin berriak egiten hasi dira, baina adreiluzko blokeak bertan dirau. Leiho karratuz josita dago: batzuk adreiluz itxita daude; beste batzuek, kristala ere faltan dutela, barruko hondakinak erakusten dituzte; beste batzuetan, ordea, leiho berriak jarri dituzte, eta ondo zaindutako loreontziren bat ere badago, baita lehortzen jarritako arropak ere. Leihoak dira barruko egoeraren erakusgarri.

Duela bi aste jakinarazi zuten Olarizuko bizilagunek kaleratze arriskuan zeudela. Han bizi direnek okupatutako udal etxebizitzak 21 Zabalgunea udal sozietatearenak ziren, baina 2020ko uztailean Gasteizko Udalak erosi zituen bi eraikinak. Izan ere, 21 Zabalguneak bide penaletik baino ezin zuen jo eraikina okupatuta zeukaten bizilagunak kaleratzeko, eta, bide hori agortuta, urrian akordio bat egin zuen udalarekin, PPk ere babestuta: udalak etxebizitza horiek erosiko zituen, azpiegiturak eraitsi, eta toki horretan beste hirigintza proiektu bati ekingo zion. Horrek kaleratzeak azkartzea dakar.

«Administrazio publikoek askoz ahalmen handiagoa dute jabetza berreskuratzeko», azpimarratu du Inor Ez Etxerik Gabe plataforma babesten duen talde juridikoko Julio Sanchezek. Abokatuaren hitzetan, udalak ez luke beste tramiterik beharko kaleratzeak gauzatzeko, eta bestelako mekanismoak ere erabili ahalko lituzke: «Isun hertsagarriak jar ditzake, hau da, eraikinak uzten ez dituzten arte, egunero diru kopuru bat ordaindu beharko dute bizilagunek. Horrelako kasuetan posible da, eraikinak botatzen badituzte, eraisketaren gastuak ere familien gain jaustea».

Urriaren 29an, Olarizuko bizilagunek 25 alegazio aurkeztu zituzten, eta orain bi aste iritsi zitzaien udalaren erantzuna: guztiak bota zituzten atzera, eta zortzi eguneko epea eman zieten etxeetatik irteteko. Abokatuak, beraz, berraztertze helegite bat aurkeztu zuen, udala legez kanpoko prozedura bat erabiltzen ari dela uste baitu. Izan ere, okupatutako jabetza bide administratibotik berreskura daiteke, baina soilik okupatu denetik urte bat edo gutxiago igaro bada. «Udalak bazekien bizilagun horiek urtebete baino gehiago zeramatela auzoan, eta, beraz, kaleratze hori ez da legezkoa. Okupazioa den ekintza ilegal horren aurrean, udala bera ere legez kanpo jarduten ari da». Halere, errekurtsoak ez du ahalmenik sententzia geldiarazteko: «Litekeena da udalaren prozedura hori epaileak legez kanpokotzat hartzea etxe kaleratzeak jada gauzatu direnean».

Irtenbideak aldarri

Sanchezek espero du udalak eraikinak ez eraistea harik eta irtenbide «egokiak» izan arte: «Ez ditu urgentziaz behar: eraikin berriak egiteko baino ez ditu nahi. Interes horien gainetik egon beharko litzateke arazo sozial larri bat: hor bizi den jendeak ez daukala non bizi». Javier Saenz Inor Ez Etxerik Gabe plataformako kidea ere bat dator: «Hor 50 pertsona bizi dira, adingabeekin, baliabide ekonomikorik gabe: erantzun instituzional bat izan ez dutelako erabaki zuten okupatzea. Etxebizitza larrialdi bat dago, eta okupazioa, gaur egun, aukera bat da etxebizitza eskubiderik ez dutenentzat».

Thais Madridek duela bost urte okupatu zuen auzoko etxebizitza horietako bat: «Udalak legea bete beharko luke, eta guztioi etxebizitza duin bat eman». Saenzen arabera, arazoa ez da okupazioa, baizik eta etxebizitza politika. «Enpresa handiek milioika euro irabazten dituzte, eta bizilagunei ez zaie erantzunik ematen». Gainera, instituzioek okupazioaren inguruan egin duten «kanpaina lotsagarria» salatu du Saenzek. Madrid ere bat dator: «Udalak Olarizuko auzia erabili du gizartea gure aurka jartzeko. Sinetsarazi du lapurrak garela, ez dugula lanik egin nahi... eta Mediaset taldeko telebista saio bat ere erabili zuten gezurrak zabaldu eta guri eraso egiteko».

Saenzek uste du oraintxe ez dagoela bazterkeriaren aurkako politikarik, baizik eta «pobreen aurkako kriminalizazioa eta jazarpena» gailentzen dela: «Olarizuko kasuan, udalak berak aitortu du pertsonak zaurgarridaudela, baina kalera botatzea baino ez du buruan». Madridek gizarte zerbitzuen eta udalaren arteko kontraesanak salatu ditu: «Zerbitzu sozialetara jo nuenean, esan nien ura kanpotik ekartzen genuela eta argi sorgailuak geneuzkala. Horietxebizitza aukera egoki bat zela erabaki zuten, eta bertan gera gintezkeela, ez zutelako baliabiderik beste leku batean ostatua emateko. Udalak, ordea, kaleratu egin nahi gaitu».

Hala ere, Gasteizko Udalak aste honetan iragarri du 39 familiari ostatua emateko prozesua abiatu duela, baina bizilagunak erantsi du «gezurra» dela. «Udalak dio ezin digula guztioi etxebizitza bat eman, baliabiderik ez duelako, baina, kanpora begira, familiei ostatua emateko prozesuan daudela diote». Are, gogora ekarri dute orain hilabete batzuk Olarizuko etxebizitzetako batzuk barrutik eraitsi zituela udalak, bertan jenderik bizi ez zedin ziurtatzeko. «Jendeak obrak egin zituen etxe horietan, bizitzeko egokiak izan zitezen, baina udalak eraitsi egin zituen», azaldu du Saenzek.

«Benetako aukerarik» ez

Udalak adierazi du familia horiei bestelako hautabideak eskaini zaizkiela, baina bertakoek salatu dute ez zaiela «benetako aukerarik» eman. Saenzen hitzetan, udal aterpetxea eskaini zaie adingabeak dituzten familia batzuei, baina aterabide hori ez da egokitzen haien beharretara : «Gaur egun, jendeak urteak daramatza aterpetxeetan, beste aukerarik ez delako ematen». Madridek ere ez ditu aterpetxeak konponbidetzat jotzen: «Aterpetxeetan ez dago lekurik. Oso aukera pobrea iruditzen zait, behin-behinekoa».

Orain arte, Etxebizitzaren aldeko eta Bazterkeriaren aurkako Plataformak salatu du auzoaren egoera. Gasteizko hamabost eragilek eta sindikatuk hartzen dute parte, baina, egoera ikusita, bizilagunek Okupatu Zure Bizitza plataforma ere sortu dute. «Elikagaiak kudeatzeko eta gizarte integraziorako sortu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.