Sarek talde politikoei eskatu die bat egiteko presoen auzian

Eusko Legebiltzarrerako bozen harira, gaia hauteskunde programetan sartzeko eskatu die, eta gero Madrilera batera eramateko

Azkarraga, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Auzia ezin da gehiago luzatu; izan ere, giza eskubideen urraketa bati buruz ari gara», azaldu zuen atzo hedabideen aurrean Sareko ordezkari Joseba Azkarragak. Euskal presoak Euskal Herritik urrun egotea dakarten politikak saihestera egin behar dela gogorarazi zuen, eta, horiek horrela, Eusko Legebiltzarra eratzeko bozetara aurkeztuko diren talde politikoetako ordezkariei mintzatu zitzaien: eskatu zien gaia aintzakotzat hartzeko hauteskunde programetan, akordio bat erdiesteko auziaren inguruan, eta Madrilera joateko gero denen artean ehuntzen duten duten proposamen hori defendatzera.

Azkarragak gogora ekarri zuen une aski egokia izan daitekeela honakoa gaiari behar duen tokia emateko; izan ere, Espainiako gobernu berriaren eraketak ekarriko duenaren zain daude. Podemosek eta PSOEk bat egin dute, urte askoan izan denaren bestelakoa da gobernuaren kolorea, eta akordioetarako espazio berri bat ireki den esperantza dute. Igaro urteotan gobernua eratzeko Espainian izan diren zailtasunak aldarrikapenetan aurrera egiteko «eragozpen» izan direla oroitarazi dute, baina orain ja gobernua martxan dagoela, zer gertatzen den ikusi behar dela. «Izan ere, orain artekoa aitzakia edo errealitatea izan den ikusi behar dugu. Gizarte politiketan gobernuak erakutsitako konpromisoez gain, espetxe politika bertan behera uzteko erronkari ere aurre egiten dion ikusi behar dugu».

Kanpainarako deia

Madrilera begirako urratsetan irmo jarduteko, ordea, Euskal Herriko talde politikoen arteko elkar hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu nahi dute Sareko ordezkariek. «Arazo honek beren arteko akordioen parte izan behar du; horrexek emango digu indarra gai honen defentsa beste eremu batzuetan ere egin ahal izateko», adierazi zuen atzo Azkarragak. Elkarrizketetan aurrera egiten ikusi nahi dituzte alderdiak: «konpromisoa» eskatu diete bide horretan. Baina, era berean, ez dute nahi hauteskunde kanpainan presoen gaia inork erabiltzea elkarren artean «mokoka» ibiltzeko.

Urteko batzar orokorra egin zuen atzo Sarek Gasteizen; han aritu ziren elkarteko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.