Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Utziak

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Uniformea jantzi, laneko korridoreetan barrena abiatu. Gizatasunez eta goxotasunez horren beteak dauden lankideak agurtu, haien begiei erreparatu eta tristura zein nekea nabari haien begi eta begi zuloetan. Lanari ekin, gaurkoan jarriko diguten protokolo berria aztertu, aldiro-aldiro eskuak garbitu behar ditugula oroitu, baita distantziak mantendu behar ditugula ere. Baina zaila dago oso; apenas dugun espaziorik eta gaixoak egon badaude, koronabirusa ez diren beste hainbat gaitzetakoak ere bai. Higiene prozedura guztiak ondo betetzen ditugula ziurtatu, etengabe gailuak eta pazienteen eserlekuak desinfektatu, musukoa ondo jantzia daramatela segurtatu.

Hau guztia hasi zenez geroztik eskatu dizkigute hamaika erantzukizun, eta bete ditugu, bai lanean eta baita lanetik kanpo ere, geure bizitza pertsonaletan. Beldurrez ibili gara, geure gaixoak zaurgarriak direlako, ez ditugulako inolaz ere kutsatu nahi; baina lanetik at ere beldurrez ibili gara, lanean kutsatu garen ezin jakinik, PCR bakarra izan dugulako, eta bat-batean positibo eman duen gaixoren batekin egon bagara «maskara kirurgikoa jantzita zenuen» delako jasotzen dugun erantzuna.

Nekatuta gaude. Oso nekatuta. Aspaldian gure lanaren jardunaz baino, arduratuago gabiltzalako etengabe inor ez kutsatzeaz, ahaztu dugulako gure lanbidearen edertasuna. Edonon trabak topatzen ditugulako, lan kargak handitzen direlako, eta horri beste unitate batzuetan okerrago dabiltzala esanez erantzuten digutelako.

Nekatuta, txertaketaren ordena ez delako behar zena izan. Lehen lerroan gaixoarekin lanean daudenak baino lehenago txertatu dituztelako gestio lanetan dabiltzanak. Berriz ere utziak sentitzen gara. Akituta, behin eta berriz eskatu ditugun FFP2 maskaren etorrera, otsoaren belarriak ikusi ostera bakarrik ematen dizkigutelako. Arazoa jada barruan dagoenean.

Aspertuta, hirugarren olatu berri honi berriro ere erantzun behar izateaz. Hirugarrengoz harri beraren kontra estropezu egiteaz eta gainera, gizartearengan zama guztiak jartzeaz, neurriak ezarri dituztenek inolako ardurarik bere egin gabe.

Banekien erizain izateko hautua hartu nuen egunean egoerak sarritan ez zirela errazak izango: min emozionalak pairatuko nituela, lana sarritan etxera eramango nuela. Eta bai, hala izan da, baina, jakin dut bertatik ikasten, sendo ateratzen eta nire lanaz gozatzen, maitatzen. Baina, azken urteko egoera honekin nire lanbidearekiko nituen gogo guztiak ezabatzen hasiak zaizkit. Esperantza guztiak joaten hasiak dira. Gu akabatzen hasiak dira eta zaila izango da neke honi guztiari buelta ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.