Koronabirusa

Kutsatuen kopuruak gora egin du berriz Hegoaldean: 750 kasu atzeman dituzte

Positiboek gora egin dute Gipuzkoan ez beste lurraldeetan. Agerraldi berriak atzeman dituzte Azkoiengo eta Elizondoko zahar etxeetan

Osasun langile bat, PCR proba bat egiten Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Kutsatuen kopuruak goranzko joera hartu du berriro Hego Euskal Herrian: 750 positibo berri erregistratu zituzten herenegun, bezperan baino 53 gehiago. Koronabirusagatik ez da inor hil azken orduetan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Datuak lurraldeka aztertuta, Nafarroan izan da positibo gehien, beste behin: 352, bezperan baino 38 gehiago. Asteazkenean jo zuten goia kasuek Nafarroan, lehen aldiz 421 positibozenbatu baitzituzten, eta ordutik kopuru horren azpitik ibili dira. Herenegun, hirugarren egunez jarraian 400 kutsatu baino gutxiago detektatu zituzten. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gobernuari emandako datuen arabera, hildakorik ez da izan azken orduetan.

Hala ere, lurraldearen egoera kezkagarria da oraindik. Datuok ematen dute larritasunaren neurria: herenegun 3.610 PCR proba egin zituzten, eta horien guztien %9,75ek eman zuten positibo.Eskualdeka, Iruñean eta Iruñerrian atzeman dituzte positibo berri gehienak azken orduetan: %59; atzerago daude Lizarra (%12) eta Tutera (%6). Kasu berrien batez besteko adina 37 urtekoa da Nafarroan.

Gainerako lurraldeei dagokienez, Bizkaian izan da positibo gehien: 185. Bezperan baino 26 lagunek gehiagok eman dute positibo lurralde horretan. Gipuzkoan, berriz, behera egin du kutsatu kopuruak: 115 pertsonak eman dute positibo PCR probetan, aurreko egunean baino 26 gutxiagok. Araban areagotu egin dira kutsatuak: 96 positibo atzeman dituzte, aurreko egunean baino 26 gehiago. Hiru lurralde horietatik at bizi diren beste bi lagunek ere positibo eman dute.

Positiboen kopuruak apur bat gora egin arren, egindako PCR probak gutxiago izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, azken orduetan 8.649 PCR proba egin dira hiru lurraldeetan, bezperan baino 469 gutxiago. Egindako PCR probetatik %4,6 izan dira positibo.

Ospitaleratzeei dagokienez, herenegun 45 lagun sartu zituzten Hegoaldeko erietxeetan, bezperan baino hiru gehiago. Orain, 536 gaixo daude ospitaleetan koronabirusak jota, horietatik 75 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Agerraldiak zahar etxeetan

Koronabirusak segitzen du zahar etxeak gogor jotzen, eta azken orduetan foku bat agertu da Azkoiengoan (Nafarroa): zortzi egoiliar kutsatu dira. Ostegunean egin zizkieten PCR probak bertako 60 egoiliarrei, eta herenegun izan zuten positiboen berri. Abuztutik bisitak debekatuta zeuden zahar etxe horretan, herrian kutsatzeak izan zirela jakin ondotik.

Elizondoko (Nafarroa) Benito Menni zentro psikogeriatrikoan ere agerraldi bat izan da: zazpi positibo detektatu dituzte. Erietxean dago horietako bat, eta egoitzan bakartuta daude besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.