Epaitegiak «kolapsatu» ditu letraduen grebak

Hego Euskal Herriko idazkari judizialek astebete daramate greban. Soldatak igotzeko eskatu diote Espainiako Justizia Ministerioari

Greba Araban izaten ari da jarraipenik handiena, %70ekoa. JUANAN RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Justizia administrazioko letraduen greba mugagabeak «kolapsatuta» dauzka Hego Euskal Herriko epaitegiak. Letraduek astea bete dute protestan, eta ohartarazi dute bulego judizialen funtzionamenduan atzerapen handiagoak gerta daitezkeela lanuztea datozen egunotan ere luzatzen bada; zehazki, hilabete hasieran kudeatzen diren mantenu pentsioei, enbargoei, bermeei edota kalte ordainei lotuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11 milioi euro blokeatuta gera daitezkeela kalkulatu dute deitzaileek; Nafarroan, ordainketak geldiarazi izanak milioi bat euro baino gehiago blokeatu du orain arte. Espainiako Justizia Ministerioari egotzi diote haien eskaerak ez entzutea.

Epaitegietan dokumentazio lanak egiten dituzte letraduek —garai bateko idazkari judizialak—; beraz, lanuzteen ondorioz, epaiketak, deklarazio hartzeak zein bestelako tramitazioak bertan behera geratzen ari dira, baita ezkontzak ere. Grebaren helburua da soldatak igotzea, lan baldintzak hobetzea eta «negoziazio kolektibo propioak» izatea. Letraduen elkarteen arabera, azken urteetan funtzio gehiago ezarri dizkiete, baina lan horiek ez dute islarik izan sarietan.

Urtarrilaren 24an abiatu zuten greba, eta atzo, astea beteta, elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon eta Iruñean. Letraduen elkarteek jakinarazi dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere auzi zibiletan eragiten ari da, eta Iruñean, «instrukzio epaitegi eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko auzitegi guztietan» babestu dute; joan den astean, gutxienez 400 epaiketa geratu ziren bertan behera. Araban izaten ari da erantzunik handiena: %70ekoa; Bizkaian %60koa, eta Gipuzkoan %30 ingurukoa. Nafarroan jardueraren %50 eten dute: «Bulego judizialak geldiarazita daude». Ministerioaren erantzunik ezean, datozen egunotan erantzuna areagotzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.