Sutea Bidasoan. Kalteak

Sarraskiaren itzala

Mendiak beltz, landaredia erreta, bi borda eta etxebizitza bat kiskalita, eta azienda ugari hilik edo zauriturik utzi ditu asteburuan Bidaso inguruan piztu den suak. Eguraldiak eta mendiaren egoerak lagundu dute garrak zabaltzen.

Mendia. Suaren ondorioz, beltz gelditu dira mendiak. Irudian, Berako mendi zati bat. JON URBE / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Bera-Lesaka
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun

Hosto eta lorerik gabe, arbolak soildurik, kolore iluna izan ohi du mendiak neguan, baina atzo eta herenegun Bidaso inguruan agerturiko zelaien beltza ez zen urtaroari zegokiona; ezta mendien gaineko ke zurixka eskualdeko ohiko behe lainoarena ere. Asteburuko garrek belztuta utzi dituzte suak laztanduriko bazterrak oro, eta ke usaina nonahi nabari zen atzo oraino: «Errea ez, kiskalia dago dena», zioen Mikel Altzuguren beratarrak, kopetilun.

Ibardingo Txori Lepo bentako jabea da Altzuguren, eta larunbatean hurbiletik ikusi ahal izan zuen Bidasoaren ertzetan gertaturikoa. Antzuzelaiko parajean piztu zen sua, Bidasoa ibaiaren Berako hegalean (Nafarroa), goizeko hamarren bueltan, eta gune horretatik zuzenean gora joanda dago Ibardin, mendi kaxko batean: haizeak hauspotuta, haraxe egin zuten segituan garrek. «Lehenbiziko gauza, kea ikusi genuen, eta hor ohartu ginen mendia sutan zegoela». Berehala etorri zitzaizkion burura aziendak: «Badut han borda bat ardi batzuekin, eta joan nintzen segidan. Harrapatu nuen ondoko soroko jabea, eta biak hasi ginen ikusten sua, han, Antzuzelaiko harrobi ondoan. Kristoren kea zen».

Biriatuko (Lapurdi) muga aldera hedatu zen gero, eta ikusi zuten kezkatzeko modukoa zela egoera. «Orduan etorri nintzen etxera», bentara. «12:30ak aldera itzuli nintzenean, ja sua zegoen alde guzietan. Ez zen kontrolatzen ahal ere». Ondoko baserritarren lanei beha gelditu zitzaien Altzuguren: «Ikusten ziren behorrak eta ardiak nolabait ere etxera ekartzen». Eta ez du oroitzapen ona: «Itsusia zen». Animaliei ura eramateko duen ur depositu baten hoditeria hondatu dio suak, baina, zorionez, haren ardiek ez dute kalterik izan. Bai, ordea, Jean Michel Etxarren lagunaren kabalek: «Hamabortz betizu eskas zaizkit, eta ez dakit nora alde egin duten. Bila eta ibili ginen, baina hain beldur ginen!». Pottoka ugari hilda atzeman zituzten igandean Biriatuko aldean: «Hain segur, suak inguratuak gelditu ziren, edo keagatik itoak. Katastrofe bat da», dio, aldi berean sakelako telefonotik irudiak erakusten dituela. Azala keak inguratua duten behorrak ageri dira, hilak, edo biziki kaltetuak. «Pottokak bizirik, begiak erreak, belarriak erreak, buztanik gabe... Ahuntzak, ardiak...», segitu du Altzugurenek desmasiaren kontaketa. Picassoren Gernika-ko animaliak dirudite argazkietakoek.

Xabier Baldak ere horrela deskribatu du atzo eta herenegun atzemandakoa: «Desastre bat da, desastre bat. Azienda hila pilaka dago, nonahi». Basahuntzak ikusi ditu hilda hark ere, behorrak, zezen bat. «Ez dakit erraten zenbat, baina mordoxka bat». Endarlatsa gainean zituen hark animaliak, eta ez ditu denak atzeman: «Sei behor aurkitu ditut bizirik, baina denak erreak: ezpainak handituak, begiak itxiak, eta larru guzia, dena errea. Eta orain ari zaie dena babaz josten, larru guzia dena lehertzen bezala». Eta bertze lau falta ditu: ez dakienak non dauden. Bertze leku batean zituen aziendak biltzea lortu zuen larunbatean, baina Endarlatsa gainean zituenekin ezin izan zuen: «Arriskuan paratzea zen». Mendiaren egoerak ere kezkatzen du: «Ez da bakarrik aziendaren kaltea; azienda larrerik gabe gelditu da orain. Ez da inon ere larrerik: dena errea dago».

Balda kexu da lehendik ere mendia sasiak jana zegoelako, eta, haren ustez, haizeak eta tenperatura handiak ez ezik, horrek ere lagundu du sugarrak zabaltzen: «Otea, larra, plantazioetan kontrasurik ez, dena da arriskua. Batzuetan, sororen batek hartzen du su, baina oraingoan dena erre da: horrelako haizea zen! Mendiak denak zikinak daude, eta denak lagundu du. Denaren artean, bonba bat». Eta, berriro, kexa: «Mendiak ez dira zaintzen behar den bezala, eta hori pasatzen da». Hala berretsi du Altzugurenek ere: «beldurra» izan zutela, sua Ibardingo aldera pasatu izan balitz guzia erre izanen zukeelako: «Dena sasia dugu, eta landare gazteak badira, eta horrek hartzen bazuen, Ibardin dena hustu beharko zuten, seguru». Hasieran hala zabaldu bazuten ere, ez zuten etxebizitzarik hustu behar izan han. Bai, ordea, Gipuzkoa aldean: hainbat baserri hutsarazi behar izan zituzten Irunen.

Aziendetan eta landaredian ez ezik, etxebizitza bakan batzuetan ere eragin ditu kalteak asteburuko suak: Azkainen (Lapurdi) eta Biriatun bi borda eta etxebizitza bat kiskali dira. Sarraskiaren itzalaren kontaketa bat da. Lehena.

Suhiltzaileak, ekinean

Hezetasun apurrak, tenperatura beroak eta haize hegoak lagundu zuten larunbat goizean piztutako txinpartak abiadura handian eta alde guzietara hedatzen, eta baldintza horiek berak izan zituzten aurkari asteburu osoan lanean aritu ziren suhiltzaileek: helikopteroak, adibidez, ezin izan zituzten erabili. Nafarroako aldean, suhiltzaile profesionalak ez ezik Lesakako eta Berako suhiltzaile boluntarioak ere aritu ziren ekinean, eta, hurbiltasunagatik, haiek izan ziren gunera ailegatu ziren lehendabizikoak, Mattin Etxabide Lesakako suhiltzaile boluntarioak kontatu duenez: «Justu praktika eguna genuen, hilabetean behin izaten duguna, eta Lesakan ginen praktika bat egiten, mendian. Han ginela deitu ziguten, Beran sua zegoela. Lehenbailehen abiatu ginen». Antzuzelaiko sutea kontrolatzera joan ziren hasieran, eta handik ikusi zuten Bidasoaren bertze aldean ere bazirela garrak: Lesakako aldean. Eskolamendira hedatu ziren handik. Eta, han ere, indar handia hartu zuten, igande iluntzera arte ezin itzaltzeraino: «Gauza handirik ezin genuen egin, horren zabaldua zen! Eta haizea... Itzali eta berriz etortzen zen, edo bertze leku batean pizten zen». Gehiago zabal ez zedin aritu ziren lanean, eta bi baserri babesteko kontrasuak egin zituzten. Larhun aldean ere agertu zen sua larunbatean, eta haizeak Urruña eta Azkaine aldera eraman zituen garrak eta kea, maldan beheiti. Maindire beltz bat da orain asteburuan gorri eta zuri izandako guzia.

Suhiltzaileak igande arratsaldera arte aritu ziren lanean; eta, bitartean, zeruari so, iragarria zen euria noiz etorriko. 19:00etan erori ziren lehen tantak, eta euriak lagundu du azkenean egoera baretzen. Etxabidek argi du: «Euria ez balitz etorri, ez zen itzaliko». Suhiltzaile boluntarioen eta profesionalen arteko elkarlana nabarmendu du Etxabidek, talde mistoak egin baitzituzten. Herritarren laguntza ere eskertu du, anitzek eskaini baitzuten euren burua laguntzeko, baita janaria eta edaria eraman ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.