Koronabirusa

Batzuk galduta, besteak akituta

Alzheimerra edo dementzia motaren bat duten pertsonentzat «oso nekeza» izaten ari da itxialdia. Gaixoak artatzen dituzten zaintzaileak «hersturaz» bizi izaten ari dira egoera.

Adineko pertsonek izan ohi dute dementzia motaren bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Alzheimerra edo antzeko eritasun batduen pertsonak ez du ulertzen egungo egoera; kalera atera nahi du, eta eguneroko bizitzarekin jarraitu». Yanela San Millan neuropsikologoaren hitzek laburbiltzen dute alzheimerra edo dementziaren bat dutenak nola ari diren bizi izaten konfinamendua. «Gaizki pasatzen ari dira». Kezkatuta mintzo da San Millan. Gaixoak bizi izaten ari egoera «zailagatik» ez ezik, zaintzaileek eta senideek pairatzen duten «ezintasunagatik» eta «beldurragatik» ere arduratuta dago. Azaldu duenez, itxialdia bereziki «nekeza» izaten ari da alzheimerra eta antzekoburuko eritasunak dituztenentzat, eta «zama bikoitza» haien zaintzaz arduratzen direnentzat.

Afaraba alzheimerra duten pertsonen senide eta lagunen elkarteko neuropsikologoa da San Millan, eta gaixoak zaintzen dituztenei aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkie. Itxialdia ezarri zenetik, familiek telefonoz edo online helarazten dizkiete euren kezkak eta zalantzak: «Konfinamenduak nabarmen zaildudie egunerokoa familiei. Arazo larriak dituzte etxean, eta, nirekin,barruak hustu egiten dituzte». Kalera irteteko beharra dute eri horiek, eta ez dira gai ulertzeko zergatik ezin diren irten. Gaixotasun fasea oso aurreratua dutenen kasua izaten ari da kudeatzeko zailena: «Kontzientzia eta ulermen maila oso murriztua badute, nahiz eta modu sinplean azaldu, ez dute ulertzen zergatik ezin diren irten kalera».

Kasu horretan, San Millanek uste du ezinbestekoa dela gaixoaren atentzioa beste gauza batzuetara desbideratzea. Sarritan, baina, ez da posible izaten, eta itxialdia ezarri zenetik, esperientzia gogorrak bizi izaten ari dira hainbat etxetan: «Zaintzailearekin haserretu egiten dira, eta, batzuetan, eraso ere egiten diete». Etxekoak konturatzen ez direnean, kalera abisatu gabe joan dira gaixo batzuk. Horrelako kasuen berri izan du egunotan Afarabako adituak: «Estualdiak bizi izan dituzte zaintzaileek».

Kalera ezin ateratzea da dementzia eta antzeko eritasunak dituzten pertsonen eta haien familien buruhauste nagusia. Alarma egoera ezartzeko dekretuak ez du irizpide argirik finkatzen egoera horretan daudenei buruz, eta Afaraban argibideak eskatu izan dizkio udaltzaingoari: «Esan digute kalera atera ahal direla soilik gaixoak etxean jarrera oso erasokorra erakusten badu edo antsietatea badu. Kasu horretan, gainera, mendekotasuna duela frogatzen duen mediku txostena eraman behar du soinean».

Kezka bera igorri diote zaintzaileek Marian Diaz Afa Bizkaiko presidenteari: «Dementzia duten pertsonek antsietate handia dute kalera ezin direlako atera, eta hori arazo handi bat bilakatzen ari da familientzat». Egunotan, kezka horrekin dei ugari ari dira jasotzen elkartean: «Galdetzen digute ea hamar minutu kalera atera ahal diren, eta ea, autismoa duten umeekin bezala, eurek ereez ote dezaketen kolore bateko jantziekin identifikatu alzheimerra dutela». Diaz, baina, ez da neurri horren aldekoa, eta herritarrei eskatu die «elkartasun apur bat» ager dezatela, eta ez diezaietela leihoetatik garrasi egin kalean ikusten badituzte. «Ulertzen dut denak gaudela urduri, baina pentsatu behar dugu garrasi egiten diogun horrek alzheimerra izan dezakeela».

Nahasiago eta galduago

Oro har, dementzia dutenak adinekoak izaten dira, eta, beraz, komeni da kalera ez ateratzea, kutsaez daitezen. Hala uste du Diazek: «Guztia ukitzeko ohitura dute, eta une oro esan behar zaie hori edo beste hori ez ukitzeko, ahaztu egiten zaielako».

Nolanahi ere, kalera ezin ateratzearekin batera, bestelako ondorioak ditu konfinamenduak buruko eritasuna duten pertsonengan. Itxialdia eragin zuzena izaten ari da gaixo horien osasunean, Afarabako neuropsikologoak nabarmendu duenez: «Ohiko estimuluak jasotzen ez dituztenez, okerrera egiten ari dira asko».

Zaintzaileen ezinegonaz ere ohartarazi dute adituek. Elkarteek eriei eskaintzen zizkieten jarduerak bertan behera geratu direnez, etxekoek arduratu behar dute orain haien zaintzaz, eta «hersturaz» bizi izaten ari dira egoera. «Errutinak hautsi egin zaizkienez, gaixoak nahasiago eta galduago daude, eta zaintzaileen bizkar geratu da ardura osoa. Ez dute aukerarik deskonektatzeko».

Afa Bizkaira ere familien kezka horiek iritsi dira, elkarteko presidenteak azaldu duenez: «Etxeko zaintzaileek akituta deitzen dute egoera batzuk nola kudeatu ez dakitelako, eta gu saiatzen gara irizpide batzuk ematen». Elkartera ez ezik, osasun alorreko beste profesionalei ere deitzen diete familiek alzheimerra duen pertsonak antsietate krisiak edo agresibitatea erakusten dutenean, eta, maiz, medikuak «ezinean» ibiltzen dira telefonoz aholkuak emateko. «Egoera oso zaila da denontzat», dio Diazek.

Itxialdia eramangarriagoa izateko, etxean «lasaitasuna» mantendu eta gaixoari «segurtasuna» helarazi behar zaiola dio San Millanek: «Zaintzailea eta gaixoa elkarren ispilu emozionala dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.