Baionako suprefeturako ustelkeria aferari lotuta, 47 lagun galdekatu dituzte

Diru edo opari berezien trukean gidabaimenak faltsutu izana leporatu diote suprefeturako langile bati. Libre utzi du Paueko Dei Auzitegiak

Herve Jonathan Baionako suprefeta. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hautetsiak, nazioarteko kirolariak, goi funtzionarioak, jendarmeak, baita informazio agenteak ere: gutxienez 47 pertsona galdekatu dituzte Baionako suprefeturako ustelkeria aferarekin lotuta. Orain dela hilabete bat, 49 urteko gizon bat atxilotu zuten, suprefeturako funtzionarioa, eta behin- behinean preso sartu zuten. Kontrol neurriekin libre uztea erabaki zuen Paueko Dei Auzitegiak herenegun.

Gidabaimenen fitxategiaren manipulazioa dago ustelkeria kasuaren erdian. Diru edo opari berezien truke gidabaimenean galdutako puntuak berrezarri edo ezeztatutako gidabaimenak baliodun egin izana leporatzen diote suprefeturako langileari. Joan den urrian abiatu zuen afera, Herve Jonathan Baionako suprefetak berak emandako abisu baten ondotik.

Emmanuel Zapirain auzipetuaren abokatuak epaileari eskatu zion instrukzio denboran aske uzteko, eta asteartean deklaratu zuen Baionako presondegitik, bideokonferentzia bitartez. Libre uztea erabaki du, azkenean, epaileak.

Notableak jomugan

Oraingoz ez dute jakinarazi zeinizan izan diren gidabaimen manipulatuen onuradunak, baina Ipar Euskal Herriko notableak lirateke gehientsuenak. «Nola nahi duzu ezetz erran diezaien halako jende batzuei?», galdetu du Zapirainek.

Miarritze eta Baiona errugbi taldeko jokalari eta jokalari ohiak aferarekin lotuak direla argitaratu zuen Rugbyrama kazetak, baina Marc Marie prokuradorearen arabera, ustelkeria kasua ez da soilik errugbi munduarekin lotua. Michel Poueyts Miarritzeko hautetsiaren izena agertu zen zenbait hedabidetan, eta pentsatzekoa da ondoko asteetan izen gehiago ere aterako direla argitara. Herriko hauteskundeetarako kanpaina hastear dela, hautagaitza batzuetan eragina izan dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.