Koronabirusa

Ospitaleratutakoen kopuruak gora egin du berriro ere azken orduetan

Positibo kopurua apur bat apaldu den arren, 1.400 kutsatuen langatik gora jarraitzen du. Osasun agintariek zazpi heriotzaren berri eman dute

PCR proba bat joan den urtarrilaren 8an, Zaldibarren (Biziaia). JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Birusak ez du atsedenik ematen. Azken orduetan, positibo tasa apur bat jaitsi da Hego Euskal Herrian ostiralean %8,7 izan zen, eta atzo emandako datuen arabera %8,27ra apaldu da, baina oraindik ere adierazle guztiek erakusten dute izurria indar betean dagoela. Horri beste datu kezkagarri bat gehitu behar zaio: COVID-19aren ondorioz erietxera eraman behar izan dituzten erien kopuruak ere gora doa, eta azken orduetan 115 paziente ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian, bezperan baino 22 gehiago.

Horrek esan nahi du gutxi gorabehera 12 minutuan behin sartu dutela COVID-19aren sintomak dituen gaixo bat Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeren batean.

ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daudenen kopurua ere emendatu da apur bat: azken datuen arabera, 135 dira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, eta bezperan 132 ziren.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken orduetan egindako 16.955 PCR eta antigeno probaren berri eman zuten atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.642 proba egin zituzten guztira; Nafarroan, berriz, 3.313; horietatik 1.807 PCR probak izan ziren,eta gainerakoak, 1.506, antigeno testak.

Ia 17.000 proba horietatik, orotara, 1.403 positibo izan dira Hego Euskal Herrian, bezperan baino 49 gutxiago. Apaltze txiki bat dago, beraz.

Herrialde guztietan egin du behera atzemandako positiboen kopuruak, Araban izan ezik: herrialde horretan 208 positibo detektatu dituzte, bezperan baino 34 gehiago.

Gainerakoan, Bizkaian, 630 kasu detektatu dituzte, herenegun baino 9 gutxiago; Nafarroan, 263 positibo baieztatu dituzte, 50 gutxiago; eta, azkenik, Gipuzkoan 292 kasu detektatu dituzte, herenegun baino 27 gutxiago. Ohi legez, Frantziako osasun zerbitzuek ez dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako daturik eman.

Kutsatuen zenbatekoak apur bat apaldu diren arren, oraindik ere kopuru kezkagarriak dira. Aste osoan, positibo berrien zenbatekoa ez da milatik jaitsi, eta atzo bigarrenez gainditu zuen 1.400 positiboen langa.

Bizkaian eta Nafarroan

Osasun agintariek zazpi heriotzaren berri eman zuten atzo. Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak, zahar etxeetako egoeraz informazioa emateko egunero plazaratzen duen buletinean, esan zuen azken orduetan sei egoiliar hil direla COVID-19aren sintomak zituztela. Beste aldetik, Nafarroako osasun zerbitzuek beste hildako baten berri eman zuten.

Bizkaiko egoitzei dagokienez, atzo ezagutarazitako sei heriotzak aintzat hartuta, orotara 168 dira koronabirusaren pandemiaren bigarren olatuan Bizkaiko egoitzetan hildakoak. Gaur egun, Bizkaian adinekoentzat dauden 154 egoitzetatik hamalautan daude koronabirusak kutsatutakoak. 190 egoiliar eta 207 langile daude kutsaturik.

Nafarroan, berriz, ostiralean hildakoa 87 urteko emakume bat izan da. Osasun agintariek azaldu dutenez, aurreko egunetan ez da inor hil. Heriotza horrekin, mila hildakoen langa gainditu da Nafarroan: datu ofizialen arabera, 1.001 dira orain arte hilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.