Koronabirusa

Proba egiten zaienen artean, gero eta positibo gutxiago

Eusko Jaurlaritzaren arabera, proba egin zaienen %27k eman dute positibo. Martxoaren 7tik erregistratutako portzentajerik txikiena da. Behera egin dute ospitaleratuen eta kasu berrien kopuruek

Langileak txaloka, Nafarroako Ospitalean, joan den asteazkenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Koronabirus kasu berriak eta hildakoak etengabe erregistratzen ari dira oraindik Euskal Herriko osasun zerbitzuak, baina azken egunetako datuak arrazoia ematen ari zaizkie pandemiaren egonkortze fasea hasita dagoela diotenei. Egunetik egunera kasu berri gutxiago baieztatzen ari dira agintariak, eta ospitaleratutakoen kopurua ere behera egiten ari da.

Mezu baikor hori helarazi zuen atzo Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, gobernu bileraren ostean egin zuen agerraldian: «Proba egiten zaienen artean %27k ematen dute positibo, gero eta gutxiagok». Martxoaren 7tik erregistratutako ehunekorik apalena izan zen atzokoa. Murgaren arabera, «beheranzkoa da joera»: Euskal Herrian ospitaleratutakoak herenegun baino 59 gutxiago ziren atzo, eta sendatutakoak, berrriz, 4.149.

Ildo beretik jo zuen Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak ere. Azpimarratu zuen Nafarroan egiaztatutako kasu bakoitzeko kutsatze bakarra baino gutxiago zenbatzen ari direla, eta, beraz, askoz gutxiago ari dela zabaltzen pandemia. Hobekuntza horren gakoa «herritarren konpromisoa» dela gehitu zuen Indurainek.

Halere, koronabirusaren zabalkundea ez da eten, eta gaixotutakoen eta hildakoen kopuruak handitu eta handitu ari dira etengabe. Euskal Herrian beste 335 kasu baieztatu zituzten atzo (12.401 dira guztira), eta haietatik 2.273 ospitaleratuta zeuden. Herenegun eta atzo hildakoak, berriz, 53 izan ziren. Ondorioz, COVID-19ak gutxienez 790 hildako eragin ditu Euskal Herrian.

Lurraldeka, Bizkaian, 4.717 pertsona zeuden kutsatuta atzo, haietako 1.105 ospitaleratuta. Nafarroan, 3.355 kasu zeuden baieztatuta, herenegun baino 124 gehiago. Araban, baieztatutako 2.744 gaixoetatik 271 daude ospitalean; eta Gipuzkoan, berriz, positibo eman duten 1.560 pertsonetatik 349.

Jaurlaritzaren atzoko agerraldian, Iñigo Urkullu lehendakariak ere jardun zuen Murgarekin batera. Hainbat neurri ekonomiko iragartzeaz gain, larrialdi egoera luzatzearen alde hitz egin zuen, oraintxe «lehentasuna osasun larrialdia baita».

Normaltasunerako plana

Dena den, lehendakariak azpimarratu zuen Jaurlaritza hasia dela etorkizunerako lehen pausoak ematen, esate baterako, «normaltasunera itzultzeko plana» landuz: «Hezkuntza arloan, ikasturtearen amaiera antolatu eta hurrengo ikasturtea lantzen hasi behar dugu, eta, horrekin batera, datozen asteetan erabakiak hartuko ditugu arlo ekonomikoan eta sozialean». Horretarako, beste erakunde publikoekin elkarlanean jardutea «ezinbestekoa» dela iritzi zion: «Harremanetan gaude Espainiako Gobernuarekin, eta, Eudelen bidez, elkarlanean gabiltza foru aldundiekin eta udalekin ere».

Urkulluk «euskal gizartearentzako mezu batekin» amaitu zuen. Hildako guztiak oroitu zituen, eta eskerrak eman zizkien «pandemiaren aurka lanean dabiltzan profesional guztiei» eta gaixoen familiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.