Koronabirusa

Beste 612 positibo atzeman dituzte Hegoaldeko azken zenbaketetan

Hiru pertsona hil dira birusaren ondorioz Hego Euskal Herrian, Nafarroan hirurak. 510 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 84, ZIUetan

COVID-19a atzemateko test bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Egun bakarrean 612 COVID-19kasu zenbatu zituzten Hegoaldean, herenegun egindako testetan oinarrituta. Datuari so, antzeman daiteke eten egin dela iragan diren egunetan kutsatze kopuruak izandako goranzko joera; are, 800 baino gehiago izan ziren bezperan. Hala ere, esanguratsua da egun bakarrean egindako PCR proba kopuruaren murriztea: larunbatean, 13.012 test egin zituzten. Igandean, berriz, 9.115.

Halaber, azken orduetan hiru pertsona zendu dira COVID-19aren sintomak zituztelarik, Nafarroan. Gobernuak emandako datuen arabera, 82 urteko emakumezko bat eta 78 eta 95 urteko bi gizonezko dira hildakoak.

Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Nafarroan atzeman dute positibo gehien: 258 izan dira, bezperan baino 105 gutxiago. Zehazki, lurralde horretan egindako PCR proba guztien %8,4k eman dute positibo.

Gainerako lurraldeei dagokienez, Bizkaian 176 kasu detektatu dituzte egun bakarrean, Gipuzkoan 90 eta Araban 74. Hiruretan egin du behera atzemandako kasuen kopuruak, baina positibotasun tasak, aldiz, ez du joera bera uzten agerian: kontrara, tasa %5,8koa izan da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Bezperan, berriz, %4,9koa izan zen. Ospitaleen egoera aztertuta, azken datuen arabera, 28 lagun erietxeratu dituzte azken egunean Hegoaldean, aurreko egunean baino bi gutxiago. Guztira, 510 lagun daude erietxeratuta Hegoaldean, eta horietatik 84 ZIUetan daude.

Irailaren 24an Jaurlaritzak jakinarazi zuen birusarekin eri zen9 urteko haur bat hil zela. Atzo, aldiz, albiste hori ukatu zuen Ignacio Garitano Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak. Haurrari egin zioten bigarren testaren arabera, ez zegoen kutsaturik, eta, beraz, heriotza ez zen egon gaitzarekin lotuta.

Faltzesen eta Funesen

Izurriaren intzidentzia datuekin kezkatuta, Nafarroako Gobernuak aparteko neurriak ezarriko ditu bihartik aurrera Faltzesen eta Funesen. Azkoienen joan den astean egin bezala, tabernetako ordutegiak murriztuko dituzte, jendearen taldekatzeak saihestuko dituzte, eta herritarrei eskatu diete premiazkoa ez bada ez irteteko. Urriaren 7ra arte egongo dira neurriak indarrean, printzipioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.