Mapa interaktiboa

Herriz herri, EH Bilduk lortu du boto igoerarik handiena eta orokortuena Hego Euskal Herrian

Espainiako hauteskundeetako emaitzak apirilaren 28koekin alderatzeko aukera ematen du BERRIAren mapa interaktiboak, Hegoaldeko herri bakoitzean. Hasierako ikuspegian, parte hartzean izandako aldea ikus daiteke, eta alderdi bakoitzaren boto bilakaera agertzen da, indar politiko jakin bat hautatuz gero.

EH Bilduren gorakada erakusten duen mapa: urdinez, horren boto proportzioa handitu duten herriak; orduan eta ilunago, orduan eta handiagoa.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 11
14:50
Entzun

Espainiako bozetan alderdi bakoitza non hazi den eta behera non egin duen era argi ikus daiteke BERRIAk eta Gaindegiak elkarrekin osatu duten mapa interaktiboan. Mapa egiteko, Euskalgeoren datu espazialak erabili dituzte; bertan, ikus daiteke alderdi bakoitzak zenbat puntu egin duen gora edo behera, eta zenbat boto irabazi edo galdu dituen. Erabiltzaileak alderdi bat aukeratu lehenik, eta herri bakoitzaren gainean sagua jarri —ordenagailuan ari bada— edo herriaren eremua ukituz —telefonoan ari bada—. Igoerak urdinez bistaratzen dira, eta jaitsierak, horiz.

Parte hartzeari erreparatuz gero, horia da kolore nagusia Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Hala ere, beherakada handiagoa izan da Araba hegoaldean —Trebiñun, Bernedon eta Lagranen— eta Nafarroa iparraldean —Ultzama, Artzibar eta Erronkari ibarretan—.

Alderdi politikoei dagokienez, EAJk lortu du boz gehien, eta, apirilean baino boto gutxiago bildu dituen arren —18.000 boto gutxiago—, gora egin du botoen ehunekoan —puntu bat hazi da—. Hala islatzen du mapako kolore urdinak. Jeltzaleak indartu egin dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan. Gasteizen, puntu bat hazi da, eta 556 boto gehiago eskuratu ditu; Bilbon, 1,1 puntu egin du gora, nahiz eta 4.000 boto baino gehiago galdu dituen, eta, Donostian, 2,4 puntu hazi da 93 boto gutxiago jaso arren. Aldiz, boto ehunekoan behera egin du Arabako Errioxako eta Bizkaiko ekialdeko hainbat herritan.

EH Bilduk ia herri guztietan handitu du botoen ehunekoa, eta mapa urdinez estali du. Lau lurraldeetan hedatu du hazkundea. 16.500 boto gehiago jaso ditu. Hala ere, gorakada indartsuagoa izan da Nafarroan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi puntuko igoera izan du, eta Nafarroan, berriz, lau puntukoa. Gorakada bereziki nabarmena izan da Nafarroako hainbat eskualdetan: Lizarra inguruko zenbait herritan, Orbaibarren, Aezkoan, Bortzirietan, Malerrekan eta Leitzaranen.

PSE-EEk eta PSNk behera egin dute boto kopuruan eta ehunekotan. Ez da galera handia izan. PSE-EEk 0,7 puntu egin du behera, eta 28.000 boto inguru galdu ditu. Joera orokortua izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, 0,7 puntu jaitsi da PSN ere; 11.000 boto galdu ditu. Hala ere, beherakada ez da orokortua izan. PSNk emaitza hobeak lortu ditu Nafarroako iparraldean eta ekialdean.

PPk apirilean  baino emaitza hobeak lortu ditu Espainian, eta gorakada izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Ia 9.000 boto irabazi ditu, eta 1,3 puntu hazi da. Igoera nahiko orokortua izan da, eta behera egin duen tokietan oso txikia izan da galera. Hiriburuetan, Donostian hazi da gehien: 2,4 puntu (1.600 boto gehiago); Bilbon, 2,2 puntu egin du gora (2.200 boto), eta Gasteizen 1,2 puntu (950 boto gehiago).

Geroa Baik ez ditu emaitza onak izan. Ia 10.000 boto galdu ditu, eta 2,2 puntu egin du behera. Nafarroa osoan ikus daiteke beheranzko joera. Urdinez ageri diren herrietan, oso txikia izan da igoera. Galerarik nabarmenena Malerrekan izan du, EH Bildu gehien hazi den eskualdeetako batean. Iruñean, 2,2 puntu murriztu du ehunekoa, eta 2.800 boto gutxiago jaso ditu.

Elkarrekin Podemosek ere behera egin du lau lurraldeetan, nabarmen. 56.000 boto galdu ditu orotara, eta bi puntu gutxiago eskuratu ditu botoen ehunekoan. Koalizioak galera izan du lau hiriburuetan. Bilbon izan du jaitsierarik handiena: 2,5 puntu egin du behera (7.800 boto gutxiago). Iruñean, 2,2 galdu ditu (4.100 boto gutxiago); Donostian, 2,1 puntu (3.700 boto gutxiago), eta, Gasteizen, 1,3 puntu (2.300 boto gutxiago).

Ciudadanos ordezkaririk gabe gelditu da oraingo bozetan ere, eta boto galera handia izan du. 27.000 boto galdu ditu apirilean bildu zituen 40.000tatik. Ehunekoan, bi puntu egin du behera. Ia herri guztietan jaso ditu emaitza txarragoak. Mapan urdinez ageri diren herrietan, apirileko boto kopuru bera edo boto bat gehiago izan du.

Navarra Sumak eutsi egin die apirileko hauteskundeetako emaitzei. 9.000 boto gutxiago jaso ditu eskuineko koalizioak, baina 0,3 puntu egin du gora botoen ehunekoan. Nafarroa erdialdean agertu da indartsuen. Nabarmentzekoa da Iruñerrian erakutsi duen sendotasuna. Iruñean, 2.400 boto gehiago eskuratu ditu, eta 0,7 puntu hazi da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.