Euskal presoak

Espainian dauden 210 euskal presoak Euskal Herrira eta ingurura ekartzeko eskatuko dio Jaurlaritzak Sanchezi

Kontzeptu hau aldatzeko ere eskatuko diote: euskal presoek gerturatu aurretik ez dute hasi beharko «gizarteratze prozesua», baizik eta «gizarteratzeko» gertu egon behar dute

Martuteneko kartzela, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA /EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 15a
09:41
Entzun

Espainian dauden 210 euskal presoak Euskal Herrira eta ingurura gerturatzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezen gobernuari. Hain zuzen, lau euskal kartzelatan eta Hego Euskal Herritik hurbilen dauden Espainiako hirutan bildu nahi dituzte guztiak: Martutenen (Gipuzkoa), Basaurin (Bizkaia), Zaballan (Araba), Iruñean, El Dueson (Kantabria), Logroñon (Errioxa) eta Burgosen (Gaztela eta Leon). Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak eman du berria, EITBk egindako elkarrizketa batean. «Posible da preso guztiak 150 kilometroren bueltan egotea», ziurtatu du.

Gaineratu duenez, kontzeptu aldaketa bat ere eskatuko diote Espainiako Gobernu berriari: euskal presoek ez dute gerturatu aurretik hasi beharko «gizarteratze prozesua», baizik eta «gizarteratzeko» gertu egon behar dute. «Lanean ari gara, eta gure asmoa da kartzela politikaren proposamen gaurkotu bat aurkeztea Espainiako Gobernuari hurrengo egunetan edo asteetan», iragarri du. Fernandezen arabera, bizikidetzaren eta giza eskubideen alorrean Eusko Jaurlaritzak lehentasuntzat du presoak hurbiltzea eta sakabanaketa etetea. Esperantzarekin mintzatu da; izan ere, Espainiako gobernu berriarekin «aukerak eta baldintzak» badaudela iruditzen zaio «legearen espiritua» betetzeko. «Gerturatzea ez da ikusi behar presoentzako sari modura. Senideekin justizia egitea da, jasan behar ez duten sufrimendu bat kentzea», nabarmendu du.

Egun, oso bestelako da egoera. 11 euskal preso soilik daude Fernandezek aipatu dituen zazpi espetxeetan. Hau da, Jaurlaritzaren arabera Espainian dauden 210 preso horien %5. Zehazki, bost euskal preso daude espetxeratuta Logroñon, bi Burgosen, bat El Dueson, bat Iruñean, bat Zaballan eta beste bat Gasteizko harrera etxe batean –azken biak gaixo daude–. Eta horiez gain, 'Langraiz bideko' bi euskal preso ere badaude Zaballan.

Ez da lehen aldia

Ez da Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari presoak Euskal Herrira gerturatzeko eskatzen dion lehen aldia. 2017ko martxoaren 14an egindako bilera batean, antzeko proposamena egin zion Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak orduan Espainiako presidente zen Mariano Rajoyri. Jaurlaritzak lehendabiziko proposamena garatu egin zuen Euskal presoak Presondegietan birkokatzeko irizpide proposamena dokumentuan. 2017ko martxoaren 13 arteko datua aintzat hartuz, Espainiako Estatuko kartzeletan ETArekin lotutako kasuetako «Euskadiko nahiz Nafarroako» 267 herritar zeudela zioen —haietatik zortzi, EAEkoetan—, eta 267 euskal presoetatik 234 zeudela Hego Euskal Herritik 300 kilometro baino urrunagoko espetxeetan, eta 195, 500 kilometrotik landa.

Euskal presoak Hego Euskal Herrian eta bertatik 250 kilometro baino gertuago dauden sei kartzeletan kokatzea proposatu zuen Urkulluk–neurketetarako, Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak bat egiten duen lekua hartu zuen erreferentziatzat–. Gogoratu zuen Espainiako Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12.1 artikuluak dioela presoak etxetik ahal den gertuen egon behar duela. 267 presoetatik 190, euskal espetxeetan izateko proposamena egin zion Jaurlaritzak PPren gobernuari: 100 preso Zaballan (Gasteiz), 40 Iruñean, 25 Basaurin (Bizkaia) eta beste 25 Martutenen (Donostia). Gainerako 77ak, Espainiako lurraldeotako kartzeletan: hogei preso Logroñokoan (137 kilometrora) eta beste hogei Burgoskoan (164 km), hamabost Dueson (Santoña, Kantabria; 175 km), hamar Zuerakoan (Zaragoza; 219 km), zazpi Soriakoan (230 km) eta bost Dueñaskoan (Palentzia; 250 km). Justu hogei urte lehenago, Eusko Legebiltzarrak presoak —850 inguru orduan— Hegoaldetik 300 kilometroko eremuan kokatzeko plana onartu zuen.

Uztailaren 19an bildu ziren berriro Urkullu eta Rajoy —apirilaren 8an armagabetu zen ETA—. «Bilera honetan berrikuntza garrantzitsu bat gertatzen da —dio Lehendakaritzak—: Rajoyk bi gobernuen artean solaskidetasun diskretua eta egonkorra zabaltzea onartu zuen espetxe politikan aldaketak adoste aldera». Hark izendatutako mintzakidea Angel Yuste izan zen, Espainiako Espetxeetako Erakundeko idazkari nagusia, eta Urkulluk izendatutakoa, Jonan Fernandez. Yuste eta Fernandez uztailaren 28an batzartu ziren lehen aldiz, Lermako (Burgos) hotel bateko kafetegian, eta Jaurlaritzaren ordezkariak proposatu zuen lanerako eskema bi eremutan banatu zen: «Egiturazko aldaketak —hurbiltzea eta gizarteratzea— eta kasuen kudeaketa: Langraiz bideko presoak, Hitzarmenari lotutako presoak, publikoki ezagunak ez ziren preso gaixoak, 70 urtetik gorakoak, adin txikiko seme-alabak zituzten emakumezko presoak, eta bere zaurgarritasun egoeragatik premiazko kasuak». Lehendakariaren Espetxe politika berriro bideratzea partekatzeko akordio proposamenak tokiko Espetxe Zaintza, kartzela eskumena, Frantziako zigor urteen aintzatespena eta 7/2003 legearen aldaketa ere jasota zeuzkan.

Fernandezen eta Yusteren arteko hurrengo bilera, irailaren 7an, Madrilen. Lehendakaritzak azaldu duenez, PPren gobernua ez zegoen prest egiturazko aldaketak proposatzeko, baina bai kasuz kasu lan egiteko; «bide bat zabaltzen ari zela zirudien». Bi haien hirugarren bilera, urriaren 9an, Espainiako hiriburuan; «balaztada», Yuste «iheskor». Laugarren batzarrak —2018ko urtarrilaren 17a, Madril—, «geldialdia berresteko balio izan zuen». Yustek esan omen zuen gobernuarentzat «baldintza hobeak» egongo zirela ETA desegitean. Iazko maiatzaren 3an bukatu zuen ETAk ibilbidea, EPPK-k 2017ko uztailean iragarri zuen legebidea beteko zuela, baina PPren gobernuak ez zuen egin aldatzeko imintziorik. Lehendakaritza: «2017ko udatik 2018ko hasierara, espetxe politikan aurrerapen txikiak egin ziren. Kasu guztietan erabaki judizialekin izan zuten zerikusia, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren edo arartekoaren ekiteagatik».

Urkullu iazko ekainaren 25ean bildu zen aurreneko aldiz Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriarekin, eta urtebete lehenago Rajoyri emandako «agiri eta proposamen berberak» eman zizkion. PSOEren gobernuak egin ditu mugimendu batzuk, baina espetxe politika aldatu gabe dago. Iazko bilera haren ondoren, Lehendakaritzako iturriek iragarri zuten bi gobernuek espetxe politikaz aritzeko lantalde bat eratuko zutela. PSOEk eta Moncloak sekula ez dute horrelakorik baieztatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.