Txiki eta Otaegi

Txiki eta Otaegi gogoratu dituzte, fusilamenduen 45. urteurrenean

1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide, Bartzelonan.

2020ko irailaren 27a
10:42
Entzun

«Beste behin, 1970ean bezala, Euskal Herriaren eta munduko herri guztien borroka lehen lerroan dago». Juan Paredes Txiki-k hil aurretik idatzitako azken gutunaren zati dira hitz horiek. Izan ere, gaurko egunez, baina 1975ean, diktadura frankistak Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak eta FRAPeko hiru kide hil zituen. Frankismo garaiko azken fusilatuak izan ziren. 45. urteurrenean, bost kideak oroitzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Azken egunak Bartzelonako Modelo espetxean igaro zituen Txiki-k, eta han idatzi zuen bere azken gutuna. Hartan jaurtitako mezua gogoratu du La Directa-k, bideo baten bidez. Hari ahotsa jarri diote Bartzelonan egingo dioten omenaldian parte hartuko duten hainbat lagunek. Tartean dira, besteak beste, David Fernandez kazetaria, Magda Oranich Txiki-ren abokatua izan zena, Gorka Knorr abeslaria, Joan Tarda ERCko diputatu ohia, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua eta Diego Paredes Txiki-ren anaia. Mezua, gainera, ETAko kideak bere azken egunak pasatu zituen espetxeko galeria berean grabatu dute.

Sortuk ere ohar bat argitaratu du Txiki eta Otaegiren hilketaren urteurrena dela eta. «Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak», azaldu du alderdiak. Horren aurrean Espainiako eta Frantziako estatuek erabilitako «errepresioa» salatu du, besteak beste, «tortura eta estatu terrorismoa» erabili izana.  Hala, «beste mundu baten eraikuntza» galarazi nahi dutenei aurre egin beharra azpimarratu dute, aurreko belaunaldiek egin bezala: «Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!».

Frankismoaren azken hatsa

Frankismoko azken heriotza epaiak idazterako, bost urte igaro ziren Burgosko prozesuan ETAko bederatzi kide indultatu zituztenetik. Kaleetako protestek eta nazioarteko presioak erregimenaren ahuldadea agerian utzi zuten. ETAk bonba auto batekin hil zuen Luis Carrero Blanco 1973an, eta Carlos Arias Navarrok hartu zuen haren lekua estatuko presidentetzan. Franco azkenetan zen, eta indarra erakutsi nahi zuen frankismoak. Horren lekuko da, besteak beste, Salvador Puig Antich anarkistaren exekuzioa 1974an. Gauzak hala, eta protesta artean, «terrorismo delituak» leporatuta, justizia frankistak heriotza zigorrera kondenatu zituen Txiki, Otaegi eta FRAPeko kideak, prozesu sumarisimoen bidez. 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten. Bi hilabete geroago hil zen Franco.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.