Asier Aginako euskal preso ohia hil da, hilabeteetan minbiziarekin egon ostean

2019ko urtarrilean utzi zuten libre, lehen ebakuntza egin eta bi astera. Espetxe sistemak presoen osasunean duen eraginaz ohartarazi dute

Aginako, 2013ko uztailean, Auzitegi Nazionalean haren aurka eginiko epaiketan. CHEMA MOYA / EFE.
jon olano
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Asier Aginako Etxenagusia euskal preso ohia (Durango, Bizkaia) zendu da, hilabeteetan buruko tumore baten ondorioz gaixo egon ondoren. Iazko urtarrilean utzi zuten libre, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 2018ko abenduan ondoezik sentitu eta 2019ko urtarrilaren 16an ebakuntza bat egin eta gero. 44 urterekin hil da.

2004ko ekainean atxilotu zuten, Coulainen (Frantzia), ETArekin lotuta. Zortzi urteko zigorra ezarri zioten Frantziako Estatuan, eta, kondena amaitzean, Espainiaratu egin zuten. Zortzi urteko zigorra jarri zioten, eta hori ari zen betetzen askatu zutenean. Picassenten (Herrialde Katalanak) zegoen preso garai horretan. 2020ko maiatzaren 2rako zeukan ezarria irteera eguna. Hiru laurdenak beteak zituen, beraz. Lehen graduan zegoen askatu zutenean.

Sortuk ohar batean nabarmendu du ezen,«eskumena duten erakundeek bere eskubideak errespetatuz azkar eta behar bezala jokatu bazuten ere, babes gabezia, gaixotasunak eta eskubideen urraketak» eragiten dituztela «euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien espetxe erregimenak eta salbuespen legediak». Premiazkotzat jo du «euskal preso guztiak etxeratuko dituen bidean urratsak egitea, onartezina baita euskal presoak bahitu politiko gisa mantentzea».

Horrenbestez, dei egin die Frantziako eta Espainiako gobernuei eta euskal gizarteari «urrats kualitatiboak egiteko, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak erreklamatzen duen bake iraunkor eta bizikidetza demokratikoa eskuratzeko».

Sarek, berriz, «babesa, elkartasuna eta maitasuna» azaldu die Aginakoren senideei, eta gaineratu du heriotza horrek balio behar duela «gaitz larrien aurrean behar bezalako balorazioa egin eta erabakiak denborarik galdu gabe har daitezen, preso horiek espetxean heriotzara arte egon ez daitezen edota gaitza eboluzionatzen utzi eta jada atzera-bueltarik ez duenean soilik aske gera ez daitezen». Hortaz, galdegin du eri diren presoak askatzea gaitza diagnostikatzen zaienetik bertatik gaixotasuna «modu egokian artatu, senide eta lagunen babesean eta konfiantzako medikuen jarraipena jasoz, gaitza garaitu edota, atzera-bueltarik ez duen kasuetan, duten denbora etxekoekin igaro ahal izateko».

Etxerat elkarteak ere samina adierazi die gertukoei, eta gogorarazi du iaz Oier Gomez eta Jose Angel Otxoa Eribe preso ohiak hil zirela luzaroan gaixo egon ondoren. «Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituztenen muturreko egoerak ongi adierazten du euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren ankerkeria», erantsi du Etxerat-ek. Hemezortzi dira gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoak.

LABek, berriz, nabarmendu du Aginakorena ez dela izan «heriotza natural soila». Izan ere, sindikatuaren arabera, «jakina da euskal preso politikoek pairatzen dituzten espetxe baldintzek ondorio kaltegarriak dituztela pertsonen osasunean». Gainera, salatu du indarrean dagoen espetxe politika ez dela «pertsonak birgizarteratzeko tresna, baizik eta pertsonak suntsitzekoa», gogora ekarri baitu Aginakok hamabost urte eman zituela espetxean «bere herritik ehunka kilometrora, lehen graduan beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.