Jaurlaritzaren aurrekontuak. Jon Hernandez. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea

«Jaurlaritza ez dago prest kontuen logika politikoa aldatzeko»

Hernandezek uste du aurrekontuen eztabaidan Jaurlaritzak «bi neurri» dituela; zerga adostu zuen PPrekin 2018an, baina orain ez du gaiaz hitz egin nahi EPrekin: «Hasieratik argi zuten ez dutela apurrik emango».

GORKA RUBIO / @FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziatu ditu 2021erako aurrekontuak, baina, hiru bileraren ondoren, ez dago akordiorik. Koalizioak gaur bertan jakinaraziko du osoko zuzenketarik aurkeztuko duen. Jon Hernandez koalizioko legebiltzarkide eta Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari nagusiak (Irun, Gipuzkoa, 1978) aitortu du, Jaurlaritzak gehiengo absolutua izanda, osoko zuzenketa aurkeztea «ekintza sinboliko» bat dela: «Ez dira gure aurrekontuak; ez dugu gustuko haien logika».

Hiru bilera telematikotan gauzatu da negoziazioa.

Pixka bat arraroa izan da; telematikoki egiteagatik bainoago, epeak oso laburrak izan direlako. Duela hilabete aurkeztu zituzten aurrekontuak, eta zuzenketak aurkezteko epemuga baino astebete lehenago deitu gaituzte.

Hitz bitan: zein da desadostasunaren mamia?

Ez dute ezer ukitu nahi izan aurrekontuen norabide politikoan. Esan genuen negoziatzeko prest geundela, baina gai politikoez hitz egin nahi genuela, ez soilik zenbaki sailak mugitzeaz. Ez dira prest egon ezein gai politiko negoziatzeko.

Pedro Azpiazu sailburuak zuen elkarrizketarako borondatea nabarmendu zuen; EH Bilduri, berriz, egotzi zion aurrekontuez harago joan nahi izatea.

Ez dute gai politikoez hitz egin nahi izan. Erantzunean, gure planteamendu [politiko] guztiak baztertu zituzten, eta ez da aukerarik egon hitz egiteko. Beste indar batzuekin izandako elkarrizketez, sailburuari galdetu beharko zaio ea interesik izan duten irudi jakin bat emateko. Guk negoziazioaren aldeko jarrera izan dugu, aitortuta maximoetako proposamen bat egin dugula eta ez zegoela marra gorririk.

Iaz, aurrekontuen negoziaziotik kanpo geratu zen Ezker Anitza, eta kontuak babestu zituen Ahal Dugu-k. Zergatik erabaki duzue aurten parte hartzea?

Iaz ere esan genuen ez genuela marra gorririk. Osotasun bat hartzen duzu kontuan. Iaz, momentu batean ikusi genuen gairik garrantzitsuenak ez zirela negoziatzen jarraituko; zerga erreforma, diru sarrerak bermatzeko errentaren murrizketak leheneratzea... Ez genuen tarterik ikusten negoziatzeko, uste baikenuen lor genezakeen akordioan ez ginela eroso egongo.

Abiapuntu hori aurrez negoziatual duzue koalizio barruan?

Bai. Iazkoaren oso antzekoa izan da, haustura kenduta; plataforma bateratu bat osatu genuen, ezarri genuen ez zegoela lerro gorririk, eta negoziatzen hasi ginen. Eta, aurrera egin ahala, alderdi bakoitzak erabateko askatasuna dauka erabakitzeko aurrera jarraituko duen ala ez.

Ahal Dugu-k zuzendaritza aldatu du. Ezker Anitza erosoago al dago kide berriekin?

Esango nuke aurrekontuen tramitazioan baietz, erosoago gaudela, kontu politikoak guretzat garrantzitsuak direlako eta modua ematen duelako koalizioa batuta joateko bukaerara arte. Iaz, ez zen erraza bi posizio izatea, ez zen guk nahi genuen zerbait; uste dut oso ongi kudeatu genuela, koalizio barruan hala adostu genuela elkarri min ez egiteko, beste alderdiaren posizioa errespetatuz. Baina egia da posizio komun batean erosoago gaudela. Edonola ere, ez gaude deseroso desadostasunean; esplizitatzen ditugu, bi alderdi gara, programa komun bat dugu.

«Bertigo politikoa» izatea egotzi dizue Azpiazuk.

Gobernuak argi utzi du ez dagoela prest bere aurrekontuen logika politikoa aldatzeko. Bagenekien oso zaila zela, gehiengo absolutua dutelako, baina pandemiaren egoera eta Espainiako Gobernuak ezkerrera eginiko mugimendua ikusita, uste dugu aukera ona dela aldaketa politiko jakin batzuk ezartzeko. Guri ez digu bertigorik ematen; ados jarri gara leku diferenteetan, eta ez dugu aurrez EAJren aurkako posizio bat. Baina oraingoan ez zegoen nahikoa elementurik guk euren aurrekontuak babesteko.

Talde guztiekin eginiko bileretan, Azpiazuk gogorarazi du Jaurlaritzak gehiengo absolutua duela. Alperra pasatzen ari dira?

Lehen bileran argi utzi ziguten gehiengo absolutua dutela; denok dakigu hori, ez dago bilera bat hasi beharrik hori adieraziz. Horrek ez ditu gauzak errazten. Tratua atsegina izan da, eta negoziatu dute. Baina hasieratik zeukaten argigehiengoa dutela eta ez zutela apur bat ere emango. Haiei ere interesatzen zitzaien, guk kontuak doan babestuz gero, bakarrik agertuko ez diren irudi bat ematea, alperra pasatzearen irudia kentzeko. Baina ez zeuden prest praktikara eramateko.

Zerga erreforma bat jaso duzue proposamenean. Jaurlaritzak atea itxi dio.

2016tik zerga erreforma bat eskatzen ari gara; eta 2018tik, guri zerga erreformaz hitz egiteko jartzen dizkiguten baldintzak ez zituztela bete 2018an aurrekontuak PPrekin adostean. Bi neurri dituzte; PPrekin posible izan zen, baina gurekin, ez. Horrek zerikusia du honekin: EAJren zerga eredua PPtik gertuago dago guretik baino.

Aurrekontuen eztabaidan, zenbateraino eragin dute Espainiako Kongresuko gehiengoek?

Testuinguruak eragina du, hori ukaezina da, baina ez genuen truke bat nahi. Errespetua izan behar zaio herrialdeari: Euskadiko aurrekontuak dira, eta hemen negoziatzen dira. Gainera, guk ezin dugu ados ez gauden aurrekontu bat babestu soilik hemen gobernatzen duen alderdiek Espainiako aurrekontuak babesten dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.