Koronabirusa

Txibitek Nafarroan ekoitzi nahi du oinarrizko osasun materiala

Nafarroako presidentearen iritziz, hurrengo egunetan osasun arloko langileen oinarrizko beharrak babesteko materiala dute. «Errealistagoa» izateko eskatu dio Navarra Sumak

Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren «hurrengo egun erabakigarrietan» osasun arloko langileen oinarrizko beharrak babesteko material nahikoa dute Nafarroan. Dena dela, horren erabilera «zentzuzkoa eta eraginkorra» egitera deitu du, merkatuen egoera «izugarri aldakorra» delako, eta eskaera «modu erraldoian» handitzen ari delako. Material hori Nafarroan ekoizteak «garrantzia estrategikoa» duela azpimarratu zuen, atzo, Nafarroako Parlamentuko foru erregimeneko batzordean koronabirusaren krisiaren kudeaketaz egindako agerraldian. Horregatik, hurrengo egunetan lurraldeko «enpresari, ekintzaile eta berritzaile nagusiak» deituko ditu, oinarrizko osasun materiala Nafarroan ekoiztea asmo duen plan bat eratzeko.

Presidentearen arabera, Nafarroako osasun sistema «paregabea eta integrala» da. Pentsatzen du, gainera, sistema publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan «aurrerapauso bat gehiago» ematea ahalbidetu duela koronabirusaren krisiak.

Zenbakiak ere izan zituen hizpide. Haren esanetan, Nafarroako ospitaleen sareak 1.450 ohe dauzka, eta horien %70 erabili ahal dira koronabirusak jotakoak hartzeko. COVID-19ak gaixotutakoak artatzeko zainketa intentsiboetako 120 unitate daude lurraldean, eta, beharrezkoa balitz, kopuru hori %30 inguru handitu daiteke.

Zahar etxeetan gertatzen ari denari «modu berezi batean» ari zaio erreparatzen Nafarroako Gobernua, Txibiteren hitzetan. Azaldu zuen joan den apirilaren 1era arte zaharren egoitzetan 65 pertsona hil direla gaitzaren ondorioz. Zentro horietan birusa dela-eta gaixo agiria hartu behar izan duten duten profesionalak 278 dira. Langile taldea 4.000 bat lagunekoa dela zehaztu zuen.

Bestalde, «epe ertainera» ere lanean ari da Nafarroako Gobernua. «Larrialdia igarotzen denean, suspertzearen bidea, berreraikuntzarena, hasi beharko dugu, eta agertoki hori prestatzen hasi behar dugu jada». Enplegu plan bat aurreikusten du, eta, haren ustez, «beste ardatz batzuk, eta beste lehentasuna batzuk» edukiko ditu. Behin alerta egoera igarota, «elkarrizketa sozialaren markoan» aterpetuko ditu enplegurako urgentziazko neurriak. Agente sozialekin, enpresarialekin, ekonomikoekin, sindikatuekin eta, besteak beste, unibertsitateekin biltzekoa da. «Inteligentzia kolektibotik, talentutik, eskarmentutik hauspotu behar dugu Nafarroa».

Beste talde parlamentarioetako kideak ere mintzatu ziren. Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak «irtenbide eraginkorrak» eskatu zizkion presidenteari,baita «errealistagoa» izan dadila ere. «Beste erkidego batzuetara zergatik ari da iristen hona iristen ari ez den materiala?», galdetu zuen.

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak aurreko legegintzaldian hartutako neurriak izan zituen gogoan. «Aurreko legegintzaldian osasun publikoa indartu izanak azaltzen du, ziurrenik, egon gintezkeen baino hobeto gaudela». Adolfo Araiz EH Bildukoa zerbitzu publikoak indartzearen alde agertu zen: «Zerbitzu publikoak indartu eta defendatu behar dira, egoera hauei eta etor daitezkeenei aurre egiteko».

Ika-mikak

COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko gobernuak neurri sorta batekin onartutako foru dekretuak foru lege bihurtu zituen, atzo, legebiltzarrak. Aurrenekoa aho batez onartu zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen bigarrenaren bozketan. 27 osoko zuzenketa onartu zituzten; nabarmenenak bi. Navarra Sumak aurkeztuta, 30 milioi euro bideratuko dituzte autonomoak laguntzeko eta osasun materiala erosteko. EH Bilduk zuzenketa hori babestu zuen. Eta, alderantziz, koalizio subiranistak udalak laguntzeko planteatutako zuzenketak (25 milioi euro) Navarra Sumaren babesa jaso zuen. PSNren, Navarra Sumaren eta EH Bilduren arteko ika-mika gertatu zen ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.