Bizkaiko Foru Aldundiak jarduera ekonomikoa suspertzea du lehentasun

Rementeriak zenbait neurri iragarri ditu politika orokorreko osoko bilkuran. Udalak baliabidez hornitzeko sistema berraztertu nahi dute

Unai Rementeria, atzo, Gernikan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorrari buruzko osoko bilkura baliatu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak herrialdearen egoeraz gogoeta egiteko eta, bide batez, zenbait neurri berezi iragartzeko. Espero bezala, COVID-19aren pandemia eta horrek eragindako egoera ekonomiko eta soziala izan dira haren berbaldiaren gai nagusiak, eta «jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeari» eman dio lehentasuna.

Bizkaiko ahaldun nagusiak garrantzitsutzat jo ditu 2021eko aurrekontuak, eta, horiek zirriborratzen hasteko oraindik «zalantza eta galdera asko» dauden arren, egitasmoa «garaiz» aurkezten saiatuko direla agindu du.

Toki Ogasunei Buruzko Foru Araudia aldatu nahi du Rementeriak; hau da, udalak baliabidez hornitzeko sistema berraztertu nahi du, baina «adostasunez» eta udalerrien eta indar politikoen iritzia kontuan hartuz ekin nahi diote eginkizun horri. «Bizkaia da hura osatzen duten 112 udalerrien batuketa, eta guretzat denak dira handiak», zehaztu du. Iragarri du urtea amaitu aurretik lantalde bat osatuko dutela Eudelekin batera, gaiari heltzeko.

Beste iragarpen batzuk egin ditu Rementeriak Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Bizkai osoan banda zabala sustatzeko deialdi bat egingo dute aste honetan bertan, eta 10 milioi euro bideratuko dituzte horretara. Etxetic izeneko programa, menpekotasuna duten pertsonak etxean artatzea helburu duena, herrialde osora hedatu nahi dute.

Zahar etxeei dagokienez, «sare zabal bat» sustatzearen alde agertu da Rementeria. Esan duenez, zahar etxeetako 1.113 egoiliar hil dira Bizkaian koronabirusaren ondorioz. «Adinekoak pertsonarik zaurgarrienak dira, baina ez genuen espero honela egotea, ezta gure amesgaiztorik txarrenetan ere. Badakigu adinekoentzat eta haien senitartekoentzat oso gogorra izaten ari dela», esan du Rementeriak.

Elkarrizketaren beharra

Oposizioak «elkarrizketa» eskatu dio Rementeriari. EH Bilduko Arantza Urkaregik esan du «ezinbestekoa» dela, eta ez dela nahikoa «berdin pentsatzen dutenekin batzartzea». Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagak, berriz, «murrizketarik ez egiteko» eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.