Parisek ez du Urrutikoetxea askatu, La Santeko mediku ziurtagiriari muzin eginda

Egungo epidemia dela eta, euskal preso eriaren kartzelaldia etetea hobetsi zuen espetxeko osasun zerbitzuen buruak. Dei Auzitegiak hartu du erabakia

Josu Urrutikoetxea —argazkian, erdian—, 2000ko urtarrilaren 14an, Langraizko (Araba) espetxearen atarian, Egoitz semearekin eta Irati alabarekin. MIREN SAEZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak baldintzapean aske geratzea ukatu dio Josu Urrutikoetxea euskal presoari, muzin eginda sendiaren eskariari eta La Sante espetxeko medikuburuaren ziurtagiri bati. Apirilaren 1ean aztertu zuten askatze eskaera epaileek, eta, presoak oraindik erantzun ofizialik ez duen arren, defentsa abokatuek jakin dute atzera bota dutela eskaria. Fiskala aske uztearen aurka azaldu zen auzi saioan, eta orduan hartu zuen epaimahaiak erabakia; abokatuek handik bi egunera jakin zuten hori, beste bide batetik.

 

Familiak eta espetxeko osasun zerbitzuen buruak uste dute La Sante Parisko espetxean gertatzen ari den COVID-19 gaitzaren hedatzeak eragina izan dezakeela Urrutikoetxearen osasun bilakaeran, eta horretan oinarritu dira kartzelaldia etetea eskatzeko. Benjamin Silbermann da sendagile hori, eta ziurtagiri bat egin zuen askapena hobesten duela esateko —martxoaren 28ko data du—. Medikuak azaldu du Urrutikoetxeak, «dituen patologia kronikoak kontuan hartuta, SARS-CoV-2 birusaz kutsatuz gero pronostiko latza» eduki dezakeela. «Epidemia eta espetxe barruko hurbiltasuna direla eta, haren kartzelaldia etetea hobesten dut».

Aurten 70 urte beteko ditu Urrutikoetxeak, eta irailean prostata ebakuntza bat egin zioten, Parisko erietxe batean. Neguan zenbait pneumonia, hipertentsioa, infekzio usuak eta bronkitis azkar bat ere izan ditu. Iazko maiatzean atzeman zuen Poliziak, Alpeetako herri batean, ebakuntza egitera zihoala. Paris bi epaiketa egitekoa da, ETArekin lotuta, eta Espainiak bi euroagindu eta bi estradizio eskatuak ditu.

«Erabaki arduragabea eta kriminala da», esan du familiak, ohar batean. «Ezerk ez du justifikatzen Josu Urrutikoetxeak gaur egun hilgarria den osasun arriskua pairatzea, batez ere zaintza judizialpean ezartzeko berme eta baldintza guztiak betetzen dituelarik». Auzitegiaren formak ere deitoratu ditu. «Abokatuek hainbat desmartxa egin behar izan dituzte erabakiaren berri jasotzeko. Premia larriko eskaera baten aurrean preso dagoen pertsona eta senideak erantzunik gabe uzteak agerian uzten du justizia agintarien krudeltasuna. Are, epaileen erabakiaren argudioak ez zaizkie oraindik jakinarazi ez Josu Urrutikoetxeari ez haren abokatuei».

Agintari judizialei eskatu die kartzelatzea eteteko, eta erabakia ahal den azkarren hartzeko, «beranduegi izan baino lehen».

Salaketa gehiago

Bake Bideari «guztiz ulertezina eta eskandalagarria» iruditu zaio Urrutikoetxea euskal preso eria aske ez uzteko erabaki judiziala. Egoera politiko berria zein den gogoratu du, eta «gatazka politikoaren ondorioei konponbide integrala» atzematea galdegin du. «Desarmatzea ez zen egin presoak presondegietan hiltzeko!». Adineko eta eriak diren presoak askatzeko eskatu du.

EH Bai talde politikoak ere salatu du Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. «Frantziako justiziak presoen biziarekin jolastea erabaki ote du?», galdetu du, batetik, eta «noiz arte jarraituko du gobernu honek Euskal Herrian dagoen bake nahia gutxiesten?», bestetik. «Euskal Herriko ordezkaritzarekin berriz hizketan hasteko eskatzen dugu, euskal preso politikoentzat irtenbide integral eta behin betikoa izan dadin».

Aitzina gazte erakundearen ustez, Urrutikoetxea libre ez lagatzeko erabakiak «are ageriago egiten du Frantziako Justiziaren blokeo eta mendeku nahia».

Fraile, baldintzapean aske

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak baldintzapean aske utzi du Gorka Fraile euskal presoa. Martxoaren 27an kaleratu zuen autoa, eta irmoa da jadanik. Preso eria da Fraile, eta urte hasieratik hirugarren graduan eta Iruñeko kartzelan zegoen. EPPK-k 2017an bukatu zuenetik barne eztabaida, hura da irteera baimenak, hirugarren gradua, Euskal Herriratzea eta baldintzapeko askatasuna jaso dituen kolektiboko lehen kidea. 2023 hasierarako ezarria zuen zigor amaiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.