Eskumen loraldirik ez udaberrian

Martxorako agindutako eskumenak ez ditu uda aurretik jasoko Jaurlaritzak. EAJk izurriari eta Madrilgo bozei egotzi die atzerapena

Aitor Esteban EAJko diputatua, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE.
jon olano
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
2021eko udaberrian ere ez. Gernikako Estatutuak 42 urte beteko ditu aurtengo urrian, eta urte kopuru bera emango ditu erabat betetzeko zain. Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua egutegi baten gainean ari dira lanean Jaurlaritzari dagozkion baina oraindik Madrilen kudeaketaren pean dauden eskumen gehienak Jaurlaritzaren esku uzteko, baina egutegi horren lehen blokearen transferentzia ez da beteko iragarritako epeetan; martxorako jaso behar zituen 11 eskumen —horien artean, espetxeen kudeaketa—, baina begirada ekainean jarria du EAJk.

Atzo, Aitor Esteban EAJko diputatuak Madrilgo erkidegoko hauteskundeei egotzi zien atzerapenaren ardura; Herri Irratian esan zuen ez dela «aztia» izan beharrik jakiteko Gernikako Estatutuaren eskumenen eskualdaketan ez dela «mugimendurik» egongo maiatzaren 4ko hitzordua igaro arte: «Uste dute ildo horretan eginiko edozein mugimenduk eragina izan dezakeela hauteskundeetan. Tamalez, horrela dira gauzak».

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eman zuen atzerapenaren berri igandean, Noticias taldean eginiko elkarrizketa batean: «Bost edo sei transferentziako multzo bat dago, udarako egon beharko lukeena. Aste Santurako behar zuen, baina ontzat emango dugu txertaketak atzerapen batzuk eragin dituela». Ildo beretik mintzatu zen astelehenean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria asteartean, Euskadi Irratian: «Atzerapen teknikoak aipatzen dituztenean, beldurtu egiten naiz. Hori entzun dugu azken 40 urteetan PSOEren eta PPren gobernuetatik, eta sarri aitzakia ederra izan da beste erabaki politiko batzuk ez hartzeko. Orain diote ekain bukaerarako egon daitezkeela udaberrirako aurreikusita zeuden transferentziak. Badirudi pandemiari eta txertoen problemari egozten diotela atzerapena. Hori horrela bada, hain txarto ere ez».

Jaurlaritzako iturriek ez dute datarik zehaztu nahi, baina espero dute eskumenen transferentzia hori lehenago gauzatzea; negoziazioak «aurreratuta» badaude, Jaurlaritzak azaldu du horiek ez daudela erabat itxita, eta epeak betetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Kontuak kontu, azken bi urteetan, atzerapen baten kronika izan da Jaurlaritzari falta zaizkion eskumenen transferentziarena. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara heldu zen 2018ko ekainean, eta 2019ko urtarrilean aurkeztu zion Jaurlaritzari 37 eskumenetik 33 eskualdatzeko egutegi bat. Espainiako Gorteetarako bi hauteskundeek—2019ko apirilean eta azaroan—, Eusko Legebiltzarrekoek—2020ko uztailean— eta COVID-19aren izurriak moteldu egin dute prozesua, baina, aldagai baten eta bestearen artean, bi urte igaro dira transferentzia horietan apenas pausorik eman gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.