Pastor
DARWIN ETA GU

Tronpetak eta kornetak

2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Amaitu da zirkua. Reala Athletici nagusitu zaio Espainiako Kopan. Euskal futbolaren arrakasta izan da. Euskal nazioarena ez, ordea: batu barik, norgehiagokak Euskal Herria zatitu du.

Izan ere, herrigintza goresten dugu, baina baztertu egiten dugu aurrekoa baino euskaldun hobeak garela esaten dugunean. Real Madril erregimenaren taldea omen da. Hala ere, inoiz ez diot entzun madrildar bati espainiar ona izateko talde zuriaren aldekoa izan behar denik. Hemen bestela jokatzen dugu. Hemen badago jendea, euskalduntasuna talde baten monopolioa dela pentsatzen duena. Pertsona batzuk kapazak dira sare sozialetan euskaldun onenak beraiek direla aldarrikatzeko. Eta euskaraz erantzuten dienari erdaraz idazteko eskatzen diote. Euskaldun onenek ez dakite euskaraz.

Ez dira soilik herritar xumeak. Gure politikari batzuk —ez dut izenik esango, informazio iturriak babesteko— lau trago hartu, mihia askatu eta hor hasten dira esaten euskaldun ona izateko haien taldearen zalea izan behar dela —euskaldun ona izatea ez da derrigorrez pertsona ona izatea, baina hori beste eztabaida bat izango litzateke—. Herrigintza? Bizkaya por su independencia. Herrigintza gogoan, talde aurkariaren zale euskalduna gurago dut neure taldearen zale erdalduna baino. Horixe besterik ez genuen behar! Gainera, nork esan du euskaldun ona izateko futbola gustatu behar zaizula edo talde jakin baten afizionatua izan behar duzula? Euskaldun, euskaltzale eta abertzale peto-peto bat ezagutzen dut, barruan egondakoa. Gipuzkoarra da eta... Osasunaren zalea. Euskaldun ona ez dela esango diote Pozas aldeko zale erdaldunek? Zakurraren bibolinak. Zer direla uste dute haiek?

Halaxe gauzak. Tronpeta izan dugu partidaren osteko eztabaida. Urliaren tronpeta, sandiaren ametsa eta berendiaren logura. Ez dugu beste arazorik, antza. Narkotizatu kuadrilla. Gu elkarri mokoka; gure heroiak, bakoitza bereari. Espainiako selekzioarekin ari diren euskal futbolariak txalotu behar ditugu inperio zaharraren hondar-estatuaren alde egiten dutenean? Nire miresmena hamaikako horretan jokatzeari uko egin dioten euskal jokalari gutxi batzuei, baina besteei... Esango dute eskubidea dutela Espainiarekin ibilbide profesionala hobetzeko. Ados. Guk ere eskubidea dugu Unai Simon, Muniain, Williams, Iñigo Martinez, Oiartzabal eta besteri hamaika kaño eta dozena bat ortzadar opa izateko una, grande y libre delakoaren kamiseta janzten duten bakoitzean.

Euskaldun onen lezioak. Euskalduna izatea zer den jakin ez eta, hala ere, euskaldun onaren karneta banatzen ibiltzen dira batzuk —edo abertzale onarena Aberri Egunean—. Euskal balioak. Hitz dotoreak, futbolean ezer gutxi balio dutenak. Larunbateko istiluetan ikusi dugu. Martxoaren 8an edo Aberri Egunean osasun neurriak errespetatu dituzte. Futbola desberdina da, baina. Futbola probintziakeria merkeenaren eremua dugu. Futbolean inon baino errazago galtzen ditugu balio horiek. Eta arrazionaltasuna.

Eredugarria da euskal gizartearen heldutasuna. Txorakeria hori saltzen digute. Argi dago ustezko euskal oasiko gameluak beste edonongoak bezain on, zintzo, gaizto, ustel eta herrenak direla. Zerbait makurra dugu hemen, ama batek ezin duenean bere taldearen gola ospatu, bere etxean bertan isilik egon behar duenean, bi seme nerabeak beste taldearen zaleak direlako. Amak errieta egin die haien sorlekukoa ez den talde baten aldekoak izateagatik? Ez. Zerbait gertatu da gurean partida ikusten ari diren haurrak modu zakarrean hasten direnean amaren aurka, «joan pikutara» oihuka. Zerbait txarto egiten ari gara bi umeak euskaldunak direnean. Bi seme nerabe horiek ustezko euskaldun onen taldearen jarraitzaileak direnean. Amari futbol partida batengatik errespetua galtzen diotenean.

Segi dezagun, bada, elkarren kontra, tronpeta handiena zeinek duen begira. Gu geure tronpetak neurtzen ari garen bitartean beste batzuek prest dituzte kornetak ukabilean. Eta korbetak itsaso hurbilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.