Posta bidezko botoaren eskaerari erantzun ezinda ari dira postariak

Ilarak ohiko bihurtu dira Correosen bulego batzuetan. Grebara deitu dute bozen aurreko egunetarako

Bi herritar Correoseko bulego batera sartzen, Donostiako Amara Berri auzoan. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk pandemiaren gordinean deitutako hauteskundeek jarri zuten mugarria posta bidezko botoari dagokionez, 2020ko uztailaren 12an. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erroldaren %7,3k bozkatu zuten formula horren bidez, 125.255 boto emailek; eta marka ezarri zuten. Koronabirusaren beldurrak hiru puntu igoarazi zuen posta bidezko formularen aldeko hautua aurreko bozekin alderatuta, baina, itxura guztien arabera, marka hori hautsi egingo da uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan: ez pandemia batengatik, udako oporraldiengatik baizik.

Hego Euskal Herrian, 150 bulego inguru ditu Correosek, eta, horietako batzuetan, ohiko bihurtu dira egunotan botoa emateko eskaera egitera doazenen ilarak. «Lan uholde bat dugu, eta gobernuak jarriko dituen errefortzuak ez dira nahikoa», esan du Juanjo Basualdo CCOO sindikatuko ordezkariak. Correosek Bilbon duen egoitza nagusian aritzen da Basualdo, eta datu argigarri bat helarazi du: «Aurreko bozetan astebetean jasotako eskaera kopuru bera jaso dugu joan den asteko egun bakar batean». Azaldu duenez, postari batek, normalean, 300 boto eskaera eraman behar ditu etxeetara; «oraingoan 600 bat» eraman beharko ditu.

Horregatik, Correoseko langileak «oso kezkatuta» daude, «udako sasoia delako, oporretakoa eta ordezkoena». Espainiako Gobernuak agindu du 5.000 lagun kontratatuko dituztela, eta ikusteko dago haietatik zenbat izango diren Hegoalderako, baina Basualdok ez du batere argi ikusten posta bidezko botoaren erronkari aurre egiteko planaren gaitasuna.

Correosen dagoen sindikatu handienak, izan ere, grebarako erregistro bat egin du bozen aurreko egunetarako, eta Espainiako Gobernua estutzeko tresna gisa baliatzen ari da, kontratazio gehiago egin daitezen. CCOOk ez du babestu deialdi hori, baina Basualdok azaldutakoa argia da: «Gure ohiko lana egiteaz gain, leihatilara datozkigun dozenaka boto emaileren eskaerak jasotzen ari gara. Gero, horietako bakoitzari bere etxera igorri behar zaizkio agiriak, haiek gure bulegoetara iritsi ondoren. Banaketa hori sekulako lana da».

Hor ez da bukatzen prozesua, ordea. Boto emaileak botoa gutun azalean sartua duenean, berriro bulegora doa, hura jasoko dutela bermatzera. M-28ko udal eta foru hauteskundeetan, 76.000 boto eman dira posta bidez Hego Euskal Herrian, baina kopuru hori txiki geratuko da uztaileko beroarekin batera egitekoak diren hauteskundeetan. 107.000 boto ingurura igo zen posta bidezko botoa Hegoaldean, 2016ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, ekainaren 26an. Orduan ere, oporren gertutasunak gora bultzatu zuen postaren aldeko hautua, baina kopuru hori ere erraz gaindituko da aurtengo uztaileko deialdian.

Leihatilan atsedenik ez

«Epea zabaldu zuten lehen egunetik, ilarak izan ditugu Bilboko Urkixo Zumarkaleko egoitza handian, eta, egun askotan, inprimakiak bukatu egin dira», dio CCOOko ordezkariak. «2016an ere jario izugarria eduki genuen: eromena izan zen. Espainia osoan 1,5 milioi eskaera jaso zituen Correosek, baina oraingoan 2 milioi eskara baino gehiago jasoko ditugula aurreikusi dute; horrela daude gauzak». Basualdok erantsi du «oso serioa» dela bozen prozesua bermatzea, are gehiago ikusita Espainian handitzen ari dela posta bidezko botoen harira egon diren salaketen itzala: «Errefortzu gehiago jarri behar dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.