Bertze hiru euskal preso hurbilduko dituzte, eta bi Euskal Herriratu

Zigor Orbe eta Unai Lopez de Okariz dira Zaballara ekarriko dituztenak. Sarek eta Etxerat-ek Nafarroako Parlamentuko akordioa txalotu dute

Mikel Mundiñano eta Xochitl Karasatorre, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Joxerra Senar
Iruñea
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Azken asteotan ia ortziralero bezala, bertze bortz euskal presoren lekualdaketak iragarri zituzten atzo Espainiako Espetxe Erakundeek. Zehazki, bi euskal preso Euskal Herriratuko dituztela eta bertze hiru hurbilduko dituztela jakinarazi zuten.

Zigor Orbe Sevillano eta Unai Lopez de Okariz Lopez dira Euskal Herrira ekarriko dituztenak: Zaballako espetxera eramanen dituzte (Araba), Puerto IIItik (1.020 kilometro) eta Darocatik (345 kilometro), hurrenez hurren. Zazpi euskal preso daude gaur egun Zaballako espetxean—horietatik lau dira EPPK-koak—, eta bi horiekin zein hara eramatea aurrez iragarria duten Patxi Markes Zelaiarekin, hamar izanen dira laster. Euskal Herriko kartzeletan 21 preso daude gaur egun, eta, laster, 26k behar lukete—bi Iruñera ekartzea iragarria dute lehendik—.

Hurbilduko dituztenak Julen Atxurra Egurrola eta Raul Fuentes Villota dira: Duesora mugituko dituzte biak (170 kilometrora), eta bigarren gradua emanen diete. Atxurra Egurrola Aranjuezen dago preso (520 kilometro), eta Fuentes Villota, Soto del Realen (430). Diego Ugarte Lopez de Arkaute, berriz, Granadako espetxetik (855 kilometro) Mansillara (370 kilometro) eramanen dute.

Iragarpen hauekin, dagoeneko 141 dira 2018ko ekainetik Espainiako Espetxe Erakundeek egindako hurbiltze edo Euskal Herriratze iragarpenak. Mugituriko presoak, ordea, gutiago dira: 105, guztira. Izan ere, batzuk bi kolpetan lekualdatu dituzte: lehenik, hurbildu, eta, ondoren, Euskal Herriratu. Bertzalde, iragarri bai baina oraindik mugitu ez dituzten 24 euskal preso daude.

Adostasun «zabala»

Sarek eta Etxeratek eskerrak eman zituzten atzo Nafarroako Parlamentuan herenegun presoen hurbiltzeari buruz lortutako akordio «garrantzitsuagatik». Adostasun politiko eta sindikal «zabala» lortu dela uste dute bi elkarteek. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak, gehiengoz, Espainiako Gobernua premiatu zuen presoak bizitokitik gertuen diren espetxera gerturatzera. Jatorria edo bizitokia Nafarroan duten presoak Iruñera gerturatzeko eskatu zuten mozio batean, eta horri bide emateko plan bat prestatzea eskatu zioten Madrili. Eskuinak salbu, gainerako indarrek babestu zuten proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.