Olanok «autogobernuan sakondu» nahi du, «betoak» albo batera utziz

Ekonomia Sustatzeko Plana egingo dute Gipuzkoan. Oposizioak dio ez dagoela «ezer berririk»

Markel Olano Batzar Nagusietan, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano «autogobernuan sakontzen jarraitzearen alde» agertu da, «ahalik eta adostasunik handienarekin eta beharrezkoak diren akordioak bilatuz», baina erantsi du «gehiengoaren borondatea errespetatzeko prest» ez dauden indar politikoek ez luketela «beto eskubiderik» izan beharko, eta euskal gizarteak ez liokeela uko egin behar «etorkizuna erabakitzeko borondateari».

Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorreko osoko bilkuran egin zituen Olanok adierazpenok atzo. Esan zuenez, autogobernuak «ongizate eta bizi kalitate handiagoak» ekarri ditu, eta Gernikako Estatutuak, onartu zenetik osorik bete ez eta «ahultzeko eta deslegitimatzeko saialdiak» pairatu arren, gaur egun «legitimazio handia» du, eta «Euskadi komunitate berezi bezala garatzeko» aukera eman du.

Olanok iragarri du Ekonomia Sustatzeko Plan berria aurkeztuko dutela urtea amaitu aurretik. «Hilabete zailak datozkigu», esan du, «eta beharrezkoa izango da erabakiak hartzerakoan ausartak izatea».

Plangintza horretan, hilero ekonomiaren egoera aztertzeaz gain, zenbait neurri proposatuko dituzte, zergen arloan ere bai. Gainera, 30 bat egitasmo aurkeztuko dituzte Europan, COVID-19aren ondorioei aurre egitera bideratutako diru laguntzak eskuratu ahal izateko.

«Herritarren osasuna, ongizatea eta bizitza» lehentasun izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Horri dagokionez, «pertsonarik zaurgarrienak» babesten saiatuko dira, eta herritarren arteko arrakalak gutxitzeari ekingo diote.

Olanok iragarri du hiru milioi euro bideratuko dituztela Elkar Ekin Lanean izeneko programara, eta jarraituko dutela «pausoak» ematen adinekoak etxean artatuko dituen «eredu integral berri bat» garatzeko.

«Adabakiak»

Oposizioak kritikatu egin du Olanoren hitzaldia. EH Bilduko ordezkari Juan Karlos Izagirrek esan du ahaldun nagusiak proposatutakoak «behin-behineko adabakiak» direla, eta erakusten dutela Gipuzkoako gobernuak ez duela ulertu mezua: «Gauzak beste era batera egin behar dira, arlo publikoa lehenetsiz, ingurumena zainduz, kontsumismoa murriztuz eta desberdintasun sozialen kontra borrokatuz».

Elkarrekin Podemos-IU taldeko Maria Valienteren iritziz, ahaldun nagusiaren hitzaldiak ez du «ezer berririk» ekarri. Esan duenez, aldundiak esku hartu behar du ekonomian, eta politika jasangarri eta feministak bultzatu behar ditu: «Horretarako, gehien daukatenei zergak igo behar zaizkie; ez dago beste biderik».

Bestelakoa da PSE-EEren ikuspegia. Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok esan du krisiaren irtenbideak «soziala» izan behar duela, eta «pertsonak, haien ongizatea eta haien enpleguak» lehenetsi behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.