Azken tramitearen esperoan

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k 22 milioiren balioa duten zuzenketak onartu dituzte aurrekontuen eztabaidan. Otsailaren 27an onartuko dute azken testua

PSNko Inma Jurio eta Ainhoa Unzu, Navarra Sumako Jorge Esparzari mintzo, kexuka, batzordean. NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bi urrats txiki baino ez dira falta 2020ko aurrekontuak onar daitezen Nafarroan. Asteon, parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean, 955 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik %29 aurrera atera dituzte PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k —Ezkerrak, ia denak onartu baditu ere, ez du beti baiezkoa eman—. Hartara, lau indarrek bloke baten moduan funtzionatu dute batzorde horretan, eta, beste behin ere, Navarra Suma bakarrik geratu da: eskuineko koalizioak aurkeztutako 111 zuzenketak —gehi ahoz, in voce, egindako besteak— atzera bota dituzte beste alderdiek. Hartara, azken tramitearen zain geratu da aurrekontuen egitasmoa. Lehenik, asteartean zuzenketa guztiak bilduko dituen agiria bozkatuko dute batzordean; azkenik, datorren hilaren 27an, osoko bilkuran onartuko dituzte.

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk urtarrilaren 24an aurrekontuen gaineko akordioa izenpetu ondotik, bide horri eutsi diote bi aldeek, bai koalizio abertzaleak bai gobernuaren hiru bazkideek (hots, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k). Akordioan jaso zuten beste 16,7 milioi euro handituko zutela abenduaren amaieran gobernuak aurkeztutako lege proiektuaren gastu muga.

Aurten hasieran aurreikusi baino diru sarrera handiagoak izatea espero du Ogasunak, eta igoera horrek ahalbidetu du onartutako zuzenketen zati nagusia. Asteon onartutako zuzenketak, guztira, 22 milioi euro adinakoak dira. Horrek ez du esan nahi akordioari izkin egin eta gastu muga horrenbeste igoko dela. Diru sailetako batzuk finantzatuko dira gobernuak egindako proposamenetik kenduta.

Beraz, bi aste geratzen dira 2020ko aurrekontuak onartzeko, eta, bozketa horrekin, amaitutzat eman daiteke legealdi hasiera honetako atal nagusia. Alde bakoitzak bere etekina lortu du. Gutxiengoan izanik, bere politikei bultzada emateko ezinbesteko zuen gobernuak 2020ko aurrekontuei bide ematea. PSNrentzat, garrantzi berezia zuen. Nahiz eta Txibiteren gobernuak neurri batean jarraipena eman dien Barkosen garaiko politikei, sozialistek lortu dute euren kutsua ezartzea eta bere menpeko departamentuetan beste zentzu bat ematea. Horregatik, aurrekontuak onartu izan ez balira, 2019ko aurrekontuekin funtzionatu beharko zuen, eta luzapen horrek eskuak lotuko zizkion. Horregatik, funtsezkoa zuen lehen aurrekontuak onartzea.

Normalizaziorako urratsa

Horretarako, EH Bilduren bitartekaritzaren aldeko apustua egin du PSNk, eta, hain justu, horixe da koalizioaren lorpenik handiena. Abuztuan, Txibiteren inbestiduran egin bezala, PSN eskuinetik aldentzeko urrats bat gehiago egin du EH Bilduk, eta agerian geratu da solaskide nagusi eta bakarra duela oposizioan. Gainera, udako negoziazioetan ez bezala, EH Bilduren aurkako betoa kendu du PSNk, eta harreman politikoa normalizatzea lehenetsi du EH Bilduk. Behin lehen aurrekontuak onartuta eta legealdiak aurrera egin ahala PSNk beste bide bat hartzeko tentazioa izan badezake ere, zail dirudi uneotan halakorik gertatzea. Gainera, aurreko lau urteetako ildoari segitzen dion bloke politiko hori sendotzen den heinean, ez luke zentzurik norabidez 180 gradu aldatzeak. Beti dago arriskua, bainaildo hori sendotzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk.

Aurrekontuen edukiari begira, gobernuaren proposamenari kutsu sozialagoa eman dio, batik bat genero-berdintasun politiketan eta udalen finantzaketan. Aurretik, EH Bilduk kritikatu zuen gobernuaren lege egitasmoak genero indarkeriaren kontrako neurrietan murrizketak ezarri zituela eta, halaber, udalen inbertsiorako finantzaketa gutxitu. Horregatik, 22 milioi euroren zuzenketak bide horretan joan dira neurri batean, eta, batik bat, udal eta landaguneetako laguntzak hobetu dituzte. Euskararen finantzaketari dagokionez, hasierako proposamenarekin alderatuta, igoera izan da, nahiz eta ez handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.