Udal eta foru hauteskundeak. Bozketa eguna

HERRITARREN ESKU DAGO ORAIN

Hego Euskal Herriko 2,2 milioi lagun daude udal eta foru hauteskundeetan parte hartzera deituta. Denera, 4.663 zinegotzi, 150 batzarkide eta 50 parlamentari aterako dira bozetatik, eta horien eginbeharra izango da alkateak, ahaldun nagusiak eta Nafarroako gobernuburua izendatzea.

BERRIA.
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hego euskal Herriko biztanleek udaletako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Nafarroako Parlamentuko ordezkariak aukeratzeko eguna dute gaur, 09:00etatik 20:00etara.

ERROLDA

Espainiako Gobernuak Nafarroan eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzen arabera, 2.231.195 lagunek dute bozkatzeko eskubidea; 900.393 herritarrek Bizkaian, 556.201ek Gipuzkoan, 522.215ek Nafarroan eta 252.377k Araban. Hortaz, 3.693 hauteskunde mahai prestatu dituzte. Bizkaia jarriko dira gehienak, 1.409. Nafarroan, berriz, 999 jarriko dituzte; Gipuzkoan, 858; eta Araban, 427.

Hala eta guztiz ere, badira hauteskunde mahaira joateko lana saihestu dutenak: 77.458 lagunek posta bidez bozkatzeko eskaera egin dute; duela lau urte baino 11.244 gehiago dira. Batez ere, Gipuzkoan eta Nafarroan egin du gora, %20-21 inguru.

ESERLEKUAK

Udalei erreparatuz gero, 4.663 zinegotzi aukeratu beharko dituzte Hego Euskal Herrian; 2.002 Nafarroan, 1.244 Bizkaian, 986 Gipuzkoan eta 431 Araban. Bilbokoa izango da zinegotzi gehien izango dituen udala, 29, eta bi gutxiago izango dituzte Gasteizek, Donostiak, Iruñeak eta Barakaldok (Bizkaia). Kontrara, Nafarroako 45 udalerritan hiru besterik ez dituzte aukeratu beharko.

Bestelakoa da foru hauteskundeetako panorama. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak 51na ordezkarik osatzen dituzte, baina hauteskunde barruti guztiek ez dute pisu bera. Arabako biztanleen hiru laurden Gasteizen bizi dira, eta haiek hautatzen dituzte Arabako Batzar Nagusietako ordezkarien %76; hau da, 51tik 39. Aiala kuadrillako zerrendetatik bost batzarkide aterako dira, eta zazpi Arabako gainerako eremuetatik.

Bizkaian, Bilboko herritarren botoek hamabost hautetsi zehaztuko dituzte, Enkarterrietako eta Busturialde-Uribeko hauteskunde barrutietakoek hamahiruna, eta Durango-Arratia barrutikoek hamar. Gipuzkoan, aldiz, Donostialdeak hamazazpi eserleku zehaztuko ditu, Deba-Urolak hamalau, Bidasoa-Oiartzunek 11 eta Oriak bederatzi.

Nafarroako Parlamentuan boto kopuru berak zehazten du gehiengo osoa, baina ordezkari bat gutxiago dute: denera, 50. Lurralde hartan, baina, hauteskunde barruti bakar batek osatzen du mapa osoa.

AGINTEA

Udaletara, batzar nagusietara zein Nafarroako Parlamentura sartzeko, alderdiek gutxieneko boto kopuru bat eskuratu behar dute. Lehenen langa %5ekoa da. Beste bietan, berriz, %3ko sostengua behar da. Ondoren, behin batzarrak osatuta, instituzio mota bakoitzak agintariak aukeratzeko sistema propioa du.

Udalak ekainaren 17an osatuko dituzte, eta udalbatzar horietan hautatuko dute alkatea. Bozketa bakarra izango da, eta beharrezkoa da gehiengo osoa eskuratzea. Lortu ezean, udal hauteskundeetan boto gehien jasotako taldearen burua izango da alkate.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzeko saioak, berriz, batzarkideen herenak akta hartu ostean egingo dira. Batzarkideek hilabeteko epea izango dute inbestidura saioa prestatzeko. Lehen bozketan, beharrezkoa da gehiengo osoa; bigarrenean, berriz, boto gehien eskuratzen dituenak hartuko du ahaldun nagusi kargua. Berdinketa balego, foru hauteskundeetan boto gehien jasotako taldearen buruak hartuko luke agintea.

Nafarroako Parlamentuko Mahaia osatzeko, aldiz, hiru asteko epea dute parlamentariek, eta haren esku geratuko da gobernuko lehendakari izateko hautagai bat proposatzeko eginbeharra. Lehen bozketan, gehiengo osoa behar du. Bigarrenean, soila. Hautagaiak gehiengorik lortuko ez balu, gainerako hautagaien txanda iritsiko litzateke, prozesu bera betez. Halere, hilabetera lehendakaririk ez bada, berriro hauteskundeak egin beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.