Aberri Eguna, elkarrekin

Euskal Herria Batera ekinbidea aurkeztu dute 27 lagunek. Aurten balkoietan ospatzera deitu dute

jon ordonez garmendia
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Konfinamendu aginduaren ondorioz, gaur zortzi ezingo da Aberri Eguna kalean ospatu, eta, hori ikusita, hainbat pertsona ezagunek eguna elkarrekin balkoietan ospatzera deitu dute, Euskal Herria Batera ekinbidearen izenean. 27 lagunek osatu dute talde sustatzailea, askotariko arlo, ideologia eta herrialdeetakoek.

Aberri Egunerako, hiru gauza egitea proposatu dute, ohar batean azaldu dutenez: ikurrinak eta Nafarroako banderak jartzea, ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin abestea. «Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango dio gure herriari behar duen etorkizuna. Eta, egun, nazio eraikuntzak behar du oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena; baita pertsonen arteko berdintasuna nahizelkarrenganako zaintza eta errespetua sustatuko dituena ere».

«Batera» ospatu nahi dute. Hitz hori behin eta berriro azpimarratu dute. «Jar dezagun Euskal Herria batera kantuan, egun eta ordu berean euskal irratien emankizun bereziari jarraituz, ikurrinez eta Nafarroako banderez apaindutako balkoietan».Asmoa da mosaiko digital erraldoi bat osatzea ikur kolektiboekin.

«Zeregin berria» egunari

Talde sustatzaileak dio «2020ko salbuespen egoera hau» baliatu behar dela «Aberri Egunari zeregin berri bat emateko»: «Euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea. Zinez sinesten dugulako, eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela guri dagokigun partean».

Erakundeen, eragileen eta herritarren arteko «lankidetza» aldarrikatu dute, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.