Memoria historikoa. Javier Buces. Aranzadi zientzia elkarteko historialaria

«Frankismoarentzat, bi 'birus' batu ziren: abertzalea eta soziala»

Jazarpen frankistak bereziki Gipuzkoan utzitako arrastoa aztertu du Bucesek doktorego tesian, eta hipotesi bat berretsi: askoz bortitzagoa izan zela errepresioa oposizioaren jarduera bera baino.

GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Uda atarian aurkeztu zuen Javier Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak (Sevilla, 1982) bere tesia: Oposición, represión y graves violaciones de derechos humanos en Gipuzkoa en 1970 (Oposizioa, errepresioa eta giza eskubideen urraketa larriak Gipuzkoan 1970ean). Izenburuak berak definitzen du ikerlanaren xedea, baina baditu zeharkako beste asmo batzuk ere: «Frankismoaz ikusten ari garen zuriketa dela eta, agerikoa dena irizpide akademikoekin frogatu behar da».

Zein da zure tesiaren ekarpen nagusia?

Asmo nagusia zen frankismoaren azken aroan Gipuzkoan gertatutako jazarpen frankista eta giza eskubideen urraketak aztertzea; 1960 eta 1975 artean eta batez ere 1968tik aurrera. 1970a inflexio puntu bat izan zen, Burgosko auziarekin; 1968-1970 alditik aurrera, errepresaliatutako pertsona kopurua haziz joan zen. Tesiaren bidez frogatu nahi zena da sistema diktatorial batean agerikoa ematen duen zerbait: desproportzioa dagoela erregimenaren aurkako jardueraren eta haren erantzun errepresiboaren artean.

1936ko gerra osteari bainoago, Frankismoaren azken aldiari erreparatu diozu. Zergatik?

Oposizioaren jarduerak testuinguru bat dauka. Sistema diktatorial bat da, giza eskubideak urratzen dituena eta pertsonei jazartzen diena, baina 1960tik aurrera antzematen da jazarpen hori ugaritu egiten dela. Zergatik? Euskal Herrian, belaunaldi berri bat dagoelako beldurra galduz doana, munduan gertatzen ari dena ikusten ari dena eta ikusten duena Euskal Herriak eta Espainiako Estatuak diktadura horretan iltzatuta jarraitzen dutela.

Nola neurtu duzu desproportzio hori?

Egiteko nagusietako bat izan da erregimenaren agirietara jotzea. Informazio mordoa dago, eta hori testigantzekin kontrastatu behar da. Lan honetan, ezinbestekoa izan da Guardia Zibilaren eta Gobernu Zibilaren dokumentazioa aztertzea, azalduz egunez egun egiten zituzten operazioak. Dokumentazio hori oso baliagarria da kuantifikatzeko, adibidez, manifestazio baten ondoren zenbat pertsona atxilotu zituzten.

Zergatik Gipuzkoa?

Bi faktore giltzarri daude, nagusiki Gipuzkoan aztertu ditugunak baina balio dutenak Euskal Herri osorako: probintzia oso industrializatua da. Hobekuntza ekonomiko eta sozialen alde mobilizatzen hasten diren langileak daude, eta, bestetik, bere kultura eta hizkuntza berreskuratzen edo bere ikuspegi nazionalistak iraun dezan ahalegintzen den gizarte bat dago. Erregimeneko agintariek diote bi «birus» horiek, nazionalistak eta sozialak, bat egiten dutela, eta bat egitean, Gipuzkoa bihurtu zela erregimenak oposizio handiena zuen probintzia.

Eta horrek errepresioari bide eman zion.

Frankismoak hori guztia ikusi zuen etsai politiko gisa, eta horrek eragin zuen jazarpena handiagoa izatea Gipuzkoan. Badira parametro batzuk; Ordena Publikoaren Auzitegiko epaiketetan, gerra kontseiluetan... Espainiako Estatuan kasu gehien zituen probintzia Gipuzkoa zen. Kriminologiaren Euskal Institutuak torturez eginiko txostenean, kasu gehien zituen lurraldea zen. Datuek pentsarazten digute Gipuzkoa dela frankismoak gehien zigortutako probintzia; ez soilik Euskal Herrian, baita Espainiako Estatu osoan ere.

Salbuespen egoera gehien izan zituen lurraldea ere izan zen.

Espainian 1956tik 1975era egon ziren 11 salbuespen egoeretatik bederatzik eragina izan zuten Gipuzkoan; hiru soilik Gipuzkoan ezarri ziren. Egoera horiek giltzarri dira errepresio indiskriminatua ezartzeko; ehunka atxilotu zituzten. Datu bat: 1968ko abuztuan salbuespen egoera ezartzen denetik 1971ko otsailera 30 hilabete daude, eta horietatik hamarretan, Gipuzkoa salbuespen egoeran dago, horrek ekartzen duenarekin: atxiloketak etengabe, tortura kasu asko eta abar.

1970. urtea Burgosko auziarena da. Zenbaterainokoa da auziaren eragina?

Izugarria. 1968ko salbuespen egoera izan zen Meliton Manzanasen heriotzarengatik, eta horrek ehunka lagun atxilotzea eta torturatzea ekarri zuen. 1970ean Gipuzkoan ezarri zuten beste salbuespen egoera bat; manifestazioak egin ziren. Guztietatik, 21 jarduera bortitz baino ez dira dokumentatu, eta bederatzi pertsonari eragin zieten arinki. Protesta gehienak baketsuak izan ziren. Aldiz, erregimenaren aldetik atxilotu ugari, torturak salatu zituzten pertsona ugari eta bi hildako egon ziren: Roberto Perez Jauregi, Eibarren, eta Antonio Goñi, Donostian, manifestazio baten ondoren atxilotu eta torturatu zutena. Egun gutxira bere buruaz beste egin zuen. Burgosko auziaren eta salbuespen egoeraren emaitza dira bi hildako, ehunka atxilotu eta torturatu.

Hain ezagunak ez diren kasu batzuk ere argitara atera dituzu.

Tesiaren beste helburu bat zen giza faktorea sartzea; izen-abizenak jartzea. Kasu askotara heldu ahal izan naiz adibidez Iñaki Egañak edota Euskal Memoriak aurrez eginiko lanarengatik. Diktadura batean, sinets dezakegu bertsio bat, dioena pertsona bat «borroka batean» hil dela? 1968an Manzanas hil zutenetik 1974an Posada Zurron polizia hil zuten arte, ETAk ez zuen inor hil Gipuzkoan. Aldiz, garai horretan poliziek lau pertsona hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.