Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Urkulluk dio bozkatzeko «berme guztiak» betetzen direla

EAJko lehendakarigaiak aitortu du batzuk ez direla bozkatzera joango. Udazkena baino lehenago egitea «ezinbestekoa» dela deritzo

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaia Bilboko dendari batekin solasean, atzo. LUIS TEJIDO/ EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
COVID-19ak Ordizian (Gipuzkoa) izaniko agerraldiak ez ditu baldintzatuko hauteskundeak. Hala ziurtatu zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta EAJko lehendakarigaiak: bozak egin egingo dira, bai agerraldia izan den herrian, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako gainerako herrietan. «Bozkatu ahal izateko baldintzak guztiz bermatuta daude Goierri aldean eta Euskal Autonomia Erkidego guztian», esan zuen.

Radio Euskadi eta SER irrati kateei elkarrizketa bana eskaini zien atzo Urkulluk, eta han galdetu zioten ea Ordizian eta ingurukoetanigandeko hauteskundeetako bozketak atzeratzea pentsatu duen. Ezetz erantzun zuen Urkulluk, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daudelako, eta izurria ez delako oztopo izango bozak egiteko. Legealdia amaitzear dagoela eta udazkenean izurriaren beste agerraldi bat gertatu aurretik bozetara deitzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen.

Osasun krisiaren eraginez batzuk ez direla botoa ematera joango aitortu zuen Urkulluk, bainazehaztu zuen inkestek diotela parte hartzea ez dela izango duela lau urte baino apalagoa. Gogoratu zuen, halaber, Galizian ere hauteskundeak egingo dituztela igandean, han ere izan direla agerraldi batzuk eta konfinamenduak ezarri dituztela, baina Hauteskunde Batzordeak erabaki duela bozekin eta bozketekin aurrera jarraitzea.

Urkulluri laudorioak

Hauteskunde kanpainaren barruan, nazioarteko hainbat ordezkari politikok babesa agertu diete EAJri eta Urkulluri. Hogeitik gora dira EAJko lehendakarigaiari sostengua azaldu dioten agintari eta ordezkari politikoak. Horien artean daude, besteak beste, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia eta Ostiral Santuko akordioaren egileetako bat, Federico Mayor Zaragoza Unescoko zuzendari nagusi ohia, Geert Bourgeois Flandriako presidentea eta Gilles Simeoni Korsikako presidentea. Haien aburuz, EAJk eta Urkulluk gaitasuna dute «Euskadi gidatzeko eta kudeatzeko» eta «esperientzia eta lidergoa» dute COVID-19aren krisiaren ondoren egin beharreko lanari ekiteko.

EAJk atzo hasi eta bihar artean argitaratuko ditu nazioarteko eragileen atxikimenduak bere sare sozialen bitartez. EAJk ohar batean jakinarazi zuen nazioarteko agintariek laudatu egin dutela Urkullu. Esaterako, Geert Bourgeois Flandriako Gobernuko presidenteak nabarmendu du EAJko lehendakarigaia «Euskadi Europako nazio oparoenen artean kokatzeko lana egiten duen liderra» dela. Francois Bayrou Europako Alderdi Demokratako presidenteak ere babesaagertu die jeltzaleei: «EAJren indarra eta esperientzia berebizikoak dira Euskadirentzat».

Urkulluk hauteskunde ekitaldiekin jarraitu zuen atzo. Goizean, merkataritzari eta ostalaritzari babesa agertzeko ekitaldia egin zuen Bilbon, eta konpromisoa hartu zuen alor horietan «galdutako enplegu guztia berreskuratzeko». Halaber, tokian tokiko saltokietan kontsumoa sustatzeko «zero kilometroko» plan bat proposatu zuen, saltoki txikietan kontsumoa sustatzeko eta tokian tokiko eta sasoian sasoiko produktuaren kontsumoa bultzatzeko.

Urkulluk Erriberako Merkatuan azaldu zituen bere konpromisoak. Han nabarmendu zuen osasun krisiak merkataritzan eta ostalaritzan eragin duen «kolpea geldiarazteko» neurriak hartu direla orain arte, baina hemendik aurrera sektore horiei laguntzea dagokiela, jarduera erabat berreskuratzeko. Pertsona autonomoak, saltoki txikiak, ostalaritza eta jatetxeak EAJren estrategian «erreferente» eta «lehentasun» direla azpimarratu zuen Urkulluk.

EAJko lehendakarigaiak azaldu zuen hainbat konpromiso dituela merkatari eta enpresa txikiei laguntzeko. Batetik, enplegua berreskuratzeko programa aipatu zuen, eta, bestetik, Berriz Enpresa programa abian jarriko duela iragarri zuen, belaunaldien erreleborako eta enpresei jarraipena emateko. Udalekin batera, gainera, hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzeko programa bat martxan jartzeko konpromisoa ere hartu zuen, merka- taritza guneetarako irisgarritasuna hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.